Gune tentsionatu izendatu duten Bizkaiko lehen udalerria da Barakaldo

0

Eusko Jaurlaritzak gaur goizean onartu du Barakaldo bizitegi-merkatuko gune tentsionatu izendatzea. Errenteria, Zumaia eta Lasarte-Oriaren atzetik, Bizkaiko lehen udalerria eta Euskadiko laugarrena da. Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Barakaldoko alkate Amaia del Campok eman dute neurriaren berri, udaletxeko protokolo-aretoan egindako prentsaurrekoan.

Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak egindako diagnostikoak baieztatu duenez, Bizkaiko udalerriak —Euskal Autonomia Erkidegoko laugarren handiena, hiru hiriburuen atzetik— Estatuko araudiak gune tentsionatu izendatzeko ezarritako irizpidea betetzen du; izan ere, Barakaldoko familiek alokairua eta oinarrizko etxebizitza-gastuak ordaintzeko erabili behar duten batez besteko finantza-esfortzua errenta erabilgarriaren % 30etik gorakoa da, hain zuzen ere, % 32,8koa.

Gainera, udalerrian etxebizitza babestuen eskaera gero eta handiagoa da, Etxebiden 6.600 eskaera baino gehiago —horietatik 3.958 (% 60) etxebizitza alokairuan eskuratzeko— erregistratu baitira. Ehuneko hori % 81era igotzen da Barakaldon erroldatutako pertsonen eskaerak soilik kontuan hartzen baditugu; 3.936 espedienteetatik 3.197k alokatzeko etxebizitza bilatzen dute.

Denis Itxaso sailburuak bere hitzaldian aitortu duenez, «jakin badakigu etxebizitza eskuratzeak gero eta kezka handiagoa eragiten duela eta eskaintza ez dela behar dugun erritmoan hazten ari». Horregatik, Itxasok azpimarratu duenez, «gune tentsionatua izendatuta, gure lehentasuna maizterrak babestea da, etxebizitza-parkea handitzen dugun bitartean». Sailburuak behin baino gehiagotan gogorarazi du legegintzaldi honetan 7.000 etxebizitza herritarren eskura jartzeko asmoa dutela, aurreko legegintzaldian baino % 40 gehiago.

Orain, Barakaldon, «helburua ez da soilik prezioak arautzea, baita epe labur eta ertainean soluzio zehatzak eta gauzagarriak eskainiko dituzten neurriak gauzatzea ere», gaineratu du Itxasok. Horren ildotik, sailburuak aitortu duenez, «arazo honek soluzioa du baliabideak bideratzen baditugu, erreformak egiten baditugu eta akordioak lortzen baditugu. Jaurlaritza borrokatzeko prest dago, eta gune tentsionatuen figura zabaltzen ari da asmo politikoarekin. Etxebizitzaren eta hirigintzaren arloko Premiazko Neurrien Legea prestatzen ari gara, gure kohesio soziala, lehiakortasuna eta euskal herritar askoren bizi-baldintza kaltetzen ari den etxebizitzaren krisia bideratzeko».

Sailburuak bere hitzaldian azpimarratu du Eusko Jaurlaritzan «ez ditugula etxebizitza-politikak ahulenentzat bakarrik egiten, baizik eta gure estrategiak erdiko klaseak ere kontuan hartzen dituela eta errenta-atalase guztietarako soluzioak eskaintzen dituela».

Bestalde, Barakaldoko alkate Amaia del Campok adierazi duenez, «Udalean urteak daramatzagu etxebizitza eskuratzeko aukera hobetzeko ekintzetan lanean, bai etxebizitza babestu berrien eskaintza zabalduz, bai etxebizitza hutsak merkatura ateratzea bultzatuz, edo gazteak emantzipatzeko udal-laguntzak sortuz; baina babes handiagoa behar genuen, eta ziur gaude gune tentsionatuaren adierazpen honekin hori lortuko dela». Del Camporen arabera, “orain tresna indartsuago bat dugu, gure hirian etxebizitza eskuratzeko aukera hobeak lortzen lagunduko diguna”.

Alkateak iragarri duenez, «gaur urrats erabakigarria emango dugu Barakaldon etxebizitza duina eskuratzeko aukera bermatzeko. Gure udalerria merkatuko gune tentsionatu gisa izendatzeak familia askok egunez egun bizi duten errealitatea aitortzeaz gain, esan bezala, egoera hobetzeko neurri zehatzak aplikatzeko aukera ematen digu”. Amaia del Campok aitortu duenez, «etxebizitza eskuragarria lortzea da bertako herritarren kezka nagusietako bat, eta ezin dugu beste aldera begiratu».

Barakaldok iazko azaroan egin zion eskaera Eusko Jaurlaritzari, eta honek, dagozkion azterketak egin ondoren, onartu egin du orain, eta Etxebizitza Ministerioari jakinaraziko dio ebazpena, honek BOEn argitaratzeko eta neurriak indarrean jartzeko, apiril honetan, ziurrenik. Hasierako ondorioa da udalerria hiru urtez gune tentsionatutzat hartzea; eta egoera lehengoratzen ez bada, epe hori handitu egin daiteke.

699 etxebizitza babestu berri datozen 3 urteetan

Gune tentsionatu izendatzeak berarekin dakar etxebizitzen eskaintza eta eskaria orekatzeko neurriak ezartzea, eta azpimarratzekoa da alokairu-araubideko etxebizitza babestuen eraikuntzari ematen zaion bultzada. Ildo horretan, Barakaldoko Etxebizitza Ekintzen Planak alokairuko 182 etxebizitza babestu eta jabetzako 242 sustatzea aurreikusten du datozen hiru urteetan Horiei Burtzeñako El Calero planean aurreikusitako beste 275 etxebizitza babestu gehitu behar zaizkie. Oraindik ez da zehaztu zein erregimenetan. Guztira, 699 etxebizitza babestu. Guztira, 699 etxebizitza babestu. Horrez gain, hiri-birgaitzea eta berroneratzea, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea eta gazte zein adinekoentzako zuzkidura-bizitokiak gaitzea sustatuko dute.

Gaur egun, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak 391 bizikidetza-unitateri ematen die laguntza Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoaren bidez (EPE), eta 431 pertsonari Gaztelagun programaren bidez. Gainera, Barakaldoko Udalak gazteen emantzipaziorako laguntza-programa propioa du; programa horrek, batez beste, 75 onuradun izan ditu urtean 2018az geroztik. Zentzu horretan, programa honetan laguntza jaso duten pertsonek alokatutako etxebizitzen batez besteko errenta hilean 665 eurokoa izan da, eta batez besteko laguntza hilean 296 eurokoa.

Era berean, 2023an, Barakaldoko Udalak 336 laguntza eman zituen alokairua ordaintzeko; laguntza horietara 767.625 euro bideratu zituzten. Laguntza horietatik, 232 Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) bidez eman ziren, eta gainerako 104ak Udal Laguntza Ekonomikoen (ULE) bidez. Bizkaiko Udal horrek etxebizitzarekin lotutako beste gastu batzuk ordaintzeko laguntzak ere eman zituen, hala nola azpierrentamendua eta mantentze-gastuak ordaintzeko. Bereziki, energia-gastuak ordaintzeko laguntzak nabarmentzen dira; 2.142 laguntza eman dira, 344.623 euro guztira, eta horietatik % 70 udal-funtsetatik datoz.

Bestalde, Bizigune programa indartuko da —dagoeneko 505 etxebizitza mobilizatu ditu Barakaldon—, eta Udalak % 40ko gainordaina aplikatzen jarraituko dio jenderik gabeko etxebizitzari, udalerrian dauden 1.800 etxebizitza huts inguru alokairuan jartzea sustatzeko, hau da, etxebizitza guztien % 3,8.

Ekitaldian zehar, Itxasok azpimarratu du oso garrantzitsua dela etxebizitzaren arazoari aurre egitea, inbertsio publikoa, hirigintza-erregulazioa eta sektore pribatuarekin lankidetza uztartuko dituen estrategia integral baten bidez. «Etxebizitza funtsezko gizarte-azpiegitura da, eta ezin dugu onartu eskaintza eskuragarririk ez edukitzeak Euskal Autonomia Erkidegoaren garapena geldiaraztea», azpimarratu du. Horregatik, «erabilgarri dauden baliabide guztiak mobilizatu behar ditugu, lurzoru publikotik hasi eta pizgarri fiskaletaraino, etxebizitza eskuragarrien parkea handitzeko», aitortu du.

Adierazpen horrekin, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du etxebizitza-eskubidearekin eta gizarte-ekitatearekin duen konpromisoa. «Badakigu eskaerak gainditu egin gaituela, baina lanean jarraituko dugu gure bizilagunei bizitegi-soluzioak emateko», esan du Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak.

Etxebizitza-eskubidearen aldeko 12/2023 Legearen araberako adierazpenaren ondorioak

Biztanleriaren % 68 —1,5 milioi pertsona inguru— hartzen duten EAEko 43 udalerrietako bat da Barakaldo. Udalerri horietan, bizitegi-merkatua tentsionatuta dago; bertan, eskariak etengabe gora egiten du eta eskaintza ez da nahikoa, argi eta garbi. Horregatik, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila elkarlanean ari da udal horiekin, eta ahalik eta gehien arindu du hauen nahitaezko txostena egiteko behar den denbora.

Maizterrak etxebizitza eskuratzeko garaian eskaintzen dituen abantailak argiak dira: besteak beste, prezioak mugatzen ditu, urtebeteko aparteko hiru luzapen ezartzen ditu amaitzen diren kontratuetarako eta muga indartuak ezartzen ditu edukitzaile handientzat —bost etxebizitza edo gehiago dituztenentzat—.Azken 5 urteetan alokatuta egon ez diren etxebizitzetako kontratu berrien alokairuaren prezioa ere mugatzen da, erreferentziazko prezioek markatuko duten muga batekin.