Hezkuntzako sailburuak nabarmendu du modu parte-hartzailean landuta dagoen planak sistemaren eraldaketa bideratuko duela 2025. eta 2028. urteen artean.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosak Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoa (2025-2028) aurkeztu du gaur Eusko Legebiltzarrean. Plan hori beharrezko eta asmo handiko ibilbide-orria da, eta hezkuntza-sistema bidezkoagoa, inklusiboagoa eta kalitate handiagokoa lortzeko oinarriak ezarriko ditu.
Plan hori Hezkuntza Sailaren lehentasunezko ekimenetako bat da legegintzaldi honetan, eta Eusko Legebiltzarrak 2023ko abenduan onartu zuen Euskadiko Hezkuntza Legea hedatzeko testuinguruan kokatzen da. Hezkuntza-sistemaren egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko sortu da, Euskal Eskola Publikoak hezkuntzarako eskubidearen ardatz egituratzaile gisa duen zeregina bereziki indartuz.
“Plan Estrategiko hau ideia partekatu batetik sortu da, hau da, hezkuntza dela bidezkoa, kohesionatua eta aurreratua izan nahi duen herri batek egin dezakeen apusturik garrantzitsuena”, adierazi du Pedrosa sailburuak. “Eta eraldaketa hori barrutik eraikitzen da, egunero gure ikasgeletan bizi, irakatsi eta ikasten dutenekin batera”.
Parte-hartzetik eta elkarrizketatik sortutako plana
Plana hezkuntza-komunitateko 500 pertsona baino gehiago —zuzendaritza-taldeak, irakasleak, orientazioa, ikuskaritza, ikasleak, familiak, hirugarren sektorea eta unibertsitateak— barne hartu dituen parte-hartze prozesu zabal baten emaitza da. Askotariko proposamen, premia eta begiradak jaso dira, eta horiek kontuan hartuta plan sendo, partekatu eta errealista eraiki da.
Pedrosak gogorarazi duenez, “irakasleek azken asteetan helarazi dizkiguten eskaera asko plan horretan jasota daude: babes handiagoa, ikasleentzako arreta hobea, hezkuntzako zerbitzu publikoaren kalitatea eta egonkortasuna. Izan ere, eskola eraldatzea, edozer gauzaren gainetik, ikastetxeetako eguneroko bizitza hobetzea da”.
Hamar ardatz estrategiko, lau alderdi
Planak eraldaketa hamar ardatz estrategikoren inguruan antolatzen du, lau alderdi handitan bilduta:
- Erantzunkidetasuna, lidergo pedagogiko partekatuarekin eta sareko lanarekin.
- Hezkuntza-bikaintasuna; bertan sartuta daude euskara, berrikuntza pedagogikoa eta irakasleen sustapena.
- Ekitatea eta gizarte-kohesioa, inklusioa, bizikidetza, hezkidetza eta ongizate emozionala ardatz dituzten ekintzekin.
- Etengabeko hobekuntza eta iraunkortasuna, digitalizazioaren, nazioartekotzearen, ebaluazio-kulturaren eta kontzientzia ekologiko aktiboa txertatzearen bidez, bai curriculumean, bai ikastetxeen kudeaketa iraunkorrean.
Planak ondo egituratutako esparru estrategikoa ezartzen du, hezkuntza-sistemaren erronka nagusiei erantzutera bideratutako helburu eta jarduera-ildo argietan zehazten dena. Gainera, jarraipen- eta ebaluazio-sistema bat du, egindako aurrerapenak baloratzeko eta neurriak doitzeko aukera emango duena, beharrezkoa denean, eta, horrela, inplementazio eraginkorra eta emaitzetara bideratua bermatuko da.
Aurrekaririk gabeko inbertsioa
Plan Estrategikoak Eusko Jaurlaritzak inoiz izan duen hezkuntza-aurrekonturik handienaren babesa izango du. 2025ean, 3.247,5 milioi euroko inbertsioa egingo dute hezkuntzan. “Ez da nolanahiko zifra”, esan du Pedrosak, “hezkuntza-sistemaren hobekuntzarekin, ekitatearekin eta gehien behar dutenek babes gehiago jasoko dutela bermatzearekin konpromiso tinkoaren adierazpena da, eta eskola publikoak toki berezia du horretan”.
Plan Estrategikoa jada abian dauden beste estrategia garrantzitsu batzuekin koordinaturik zabalduko da, hala nola Hezkuntza Eraiki 2030 azpiegitura-estrategiarekin, Euskal Hezkuntza-Sistemaren Estrategia Digitala eta Adimen Artifizialari buruzkoa, edo Emaitzak Hobetzeko Estrategia Integralarekin; eta horrek sistema modu integralean indartzeko helburua izango du. “Plan hau ez da prozesu baten amaiera. Etapa berri baten hasiera da”, esan du sailburuak. “Urratsez urrats, gelaz gela, eraikiko den etapa bat, eta elkarrekin, konbikzioz, zehaztasunez eta konpromisoz lan egiten badugu bakarrik izango da posible hori”.