«Industria Erronka» ekimenak 800 ikasleri baino gehiagori hurbildu die industriaren sektorea

0

Gaur goizean Industriaren Egunaren seigarren edizioa ospatu da, Industria Erronka proiektuaren jardunaldi nagusia, 2018tik Bizkaiko 20.000 ikasle baino gehiago hurbildu dituena. FVEM – Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioak antolatuta, Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du, SPRI Taldearen bidez, eta baita Bizkaiko Foru Aldundiarena. Inaugurazioan Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak, Ainara Basurko Sustapen Ekonomikoko foru diputatuak eta Begoña San Miguel FVEMko presidenteak parte hartu dute.

Bizkaia osoko ia 800 ikasle egon dira ekitaldian, non nazioarteko merkatuei heldu nahi dien enpresa baten itxura egin duten. Taldean, modu koordinatuan eta 150 tableten bidez, enpresa-mundua modu arin eta erakargarrian hurbiltzea helburu duen joko hau garatu da.

Sailburuak azpimarratu du industriak garrantzi handia duela Euskadirentzat etorkizuneko giltzarri gisa «argi daukagu industriak zer dakarren gure herriarentzat: ongizatea, aurrerapena, aberastasuna eta kalitatezko enplegua. Horregatik animatu nahi zaituztegu gazteak sektore honetako karrera profesional baten alde egitera. Lanbide Heziketa edo Unibertsitatea aukeratu, industria zain izango duzue, besoak zabalik, aukeraz betetako etorkizuna eskaintzeko».

Bukatzeko, Jauregik dei bat egin die gazteei industriaren alde egiteko «argi izan eta industriara joan!».

Industria Erronka proiektuak industria hurbiltzen die ikasleei ikasturte osoan, enpresetara bisitak eginez eta enpresa- eta hezkuntza-ordezkariekin ikasgeletan topaketak eginez. Seigarren edizio honetan, DBHko 3. eta 4. mailako, Batxilergoko eta Erdi Mailako LHko 65 ikastetxek eta 64 industria-enpresak hartuko dute parte.