Joseba Iraola pilotuak eserleku bakarreko Euskal Selekzioa autoa aurkeztu du gaur goizean Bizkaiko Foru Jauregian. Ibilgailu horrekin, 2023an Mendi Lasterketetan lortutako Europako txapeldun titulua berresten saiatuko da, ESC2 mailan, Frantzian apirilaren 12an eta 13an hasiko den lehiaketa batean. Iaz, Iraolak bigarren bukatu zuen txapelketan eta 10 lasterketatik 7tan podiumera igo zen.
Gaurko ekitaldian, honako hauek izan dira: Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Kirol sailburua, Angel Gurrutxaga Euskal Kirol Federazioen Batasuneko (EKFB) lehendakaria, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta kirol diputatua, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Saileko zuzendaria, Alfonso San Vicente Balmasedako alkatea, Carlos Sergio Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Saileko zuzendaria eta Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotzia. Gainera, kiroleko beste aurpegi ezagun batzuen artean, Iraolarekin batera aurkezpenean izan dira hauek ere: Jose Angel Iribar ‘Txopo’, Andoni Goikoetxea, Igor Anton eta Manu Delgado.
Denboraldi berri honetarako, Nova NP-01 barchettak hainbat berrikuntza ditu aerodinamikaren eta ihes hodiaren atalean, eta, horri esker, “pisu banaketa hobea izango du, kurbak hobeto hartzeko eta puntako abiadura handiagoa izateko”, Iraolak onartu duenez. Horrenbestez, pilotuak Txapelketa bat irabazteko ilusioarekin ekingo dio erronkari –edizio honetan 11 proba izango dira–, baina onartu du “berriro top 3an sailkatzea ere emaitza ona” izango litzatekeela. Euskal Selekzioko pilotua denez gero, Iraolak Euskal Kirol Federazioen Batasunaren (EKFB), Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Instxausti Taldearen, Balmasedako Udalaren, Hurbizconsen eta Euskadiko Automobilismo Federazioaren babesa du.
Sari garrantzitsuak
Automobilismoaren munduan berandu samar hasi bazen ere, Joseba Iraolak sari zerrenda oparoa du Mendi Lasterketen modalitatean. 2023an CN/E2-SC kategorian lehen titulua lortu zuen, eta 2024an onenen artean egoteko zeukan dinamikari eutsi zion, kategorian bigarren postu bat lortu baitzuen, eta sailkapen orokorrean laugarren postua. Iraolak, eserleku bakarreko Nova NP01 autoarekin, zazpi bigarren posturekin eta bi laugarren posturekin itxi zuen denboraldia, “penaz, Italian eta bereziki Polonian arazo mekanikoak” izan zituelako, eta “ezin” izan zituelako “puntuak batu, motorrean izandako arazo bat tarteko”. Horren ondorioz, Geoffrey Schatz frantziarrarengandik urrundu zen hasieratik bertatik, azken horrek 10 lasterketak irabazi baitzituen bere Nova Proto NP01arekin.
2023an Iraolak Europako Txapelketa irabazi zuen, podiuma lortu baitzuen Txapelketak zituen 10 probetan: 5 garaipen, 3 bigarren postu eta hirugarren postu bat. Bestalde, balmasedarra Espainiako Txapelduna da Mendi Lasterketetan eta Portugalgo Munduko Mendi Txapelketan bosgarren izan zen 2021ean. Gainera, 13 urte inguruko ibilbidean 100 lasterketa baino gehiago irabazi ditu.