Martínez: «Pazienteei eta profesionalei zuzendutako Plan bat dugu, baita baliabideak ere, osasun-sistema publikoa indartzeko eta ongizatean hazteko»

0

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek Cope irrati-kateari egindako adierazpenetan nabarmendu duenez, bere ibilbide-orrian, Eusko Jaurlaritzak euskal osasun-sistema publikoa indartzeko plan bat du paziente eta profesionalentzako, eta baliabideak ditu «itxaron-zerrendak kontrolatzeko (medikuntza pribatura paziente gehiago bideratu gabe), osasun-azpiegituretan 120 milioi euro baino gehiago inbertitzeko eta plantilla egonkortzeko, behin-behinekotasuna % 9tik behera jaitsiz». Gainera, Martinez sailburuak Euskadiko Osasun Itunaren Mahaian egiten ari diren lana azpimarratu du; hala, lan horrek «Euskadiren eta Osakidetzaren etorkizunaren oinarriak ezartzea ahalbidetuko du». Zentzu horretan, Osasuneko sailburuak Osakidetza gatazkaren erditik kendu nahi du, «osasun publikoa delako gizarte batek duen benetako harribitxia».

Mediku faltari dagokionez, batez ere Lehen Mailako Arretan, Martinezek gogorarazi du hori Osasun Ministerioaren eskumen esklusiboa dela, eta Euskadi lanean ari dela, ekimenak eta proposamenak eginez, osasun-sistema publikoa ahalik eta erakargarriena izan dadin. Horren haritik, iragarri du betetzen zailak diren plazen EEPa deituko dutela, ahalik eta plaza erakargarrienak eskaintzeko; eta, gainera, adierazi du prest daudela prestakuntza amaitzen duten egoiliar guztiak kontratatzeko. «Ahalik eta erakargarrienak izaten saiatzen ari gara, baina eskumena, berriz diot, Ministerioarena da», gaineratu du. Gogoratu behar da joan den astean Osasun Ministerioko Giza Baliabideen Batzordea autonomia-erkidego guztietako arduradunekin bildu zela; hala, Ministerioak txosten batean onartu duenez, azken urteetan BAME plazak ugaritu diren arren, ez du proposamenik, ezta soluziorik ere, erkidego guztietan premia larria dagoen une honetan medikuen eskasia arintzeko.

Era berean, sailburuak azaldu du hilabete eta erdi honetan 11.000 pertsona inguru egonkortuko direla Osakidetzan EEPak ebatzi ondoren, eta EEP berri bat deituko dutela urte amaierarako, eredu arinago batekin eta profil berriekin, 4.200 plaza gehiago betetzeko.

Elkarrizketan jorratutako beste gai bat izan da prozedura kirurgikoak burutzeko, arreta espezializatuko kontsultetan arreta emateko eta proba osagarriak egiteko Osakidetzak dituen itxarote-zerrenden ingurukoa. Osasuneko sailburuak berretsi du atzerapenak eurek hartutako konpromisoen azpitik murriztu direla; «atzerapenak kontrolatu ditugu eta pandemiaren aurreko ia zifra berberetan gaude, eta hori guztia egin dugu klinika pribatuetara bideratzea murriztuz eta, beraz, gure osasun-sistema publikoa indartuz», adierazi du.

Ildo horretan, Alberto Martinezek azpimarratu du iaz Osakidetzan 7 milioi kontsulta baino gehiago, 260.000 ebakuntza kirurgiko baino gehiago eta 6,5 milioi prozedura diagnostiko baino gehiago egin zirela. Testuinguru horretan, Martinezek adierazi du disfuntzionamenduak eta atzerapenak egon direla, 400 inguru, Arartekoak atzo aurkeztutako 2024ko urteko txostenean jasotzen denez; hala ere, Arartekoak berak onartu du kexen % 90 Osakidetzak konpontzen dituela, eta kexen % 25 bakarrik daudela atzerapenei lotuta.