Metal 78 enpresa ezarrita, Arcelorrek Zumarragan zuen lantegiaren berregokitze industriala abian jarri eta Gipuzkoak ekonomia zirkularrean duen lidergoa indartuko da

0

Jasangarritasuneko diputatua, José Ignacio Asensio; Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordea, Josu Bilbao; Zumarragako alkatea, Mikel Serrano; Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariordea, Noemí López; eta Metal 78 enpresako zuzendari kudeatzailea, José Manuel Muriel, Bidasoa Metal 78 enpresa kokatuko den pabiloian izan dira gaur. Hain zuzen ere, Bidasoa Metal 78 da material preziatuak berreskuratzeaz arduratzen den Espainiako enpresa bakarra, eta erreferentea da nazioartean. Horixe izango da Zumarragako garapen industrial berrian kokatuko den lehen enpresa. Mugarri horrek Gipuzkoak berrikuntzaren eta ekonomia zirkular aurreratuaren garapenaren alde egindako apustua indartzen du, lurraldea lehengai kritikoen birziklapenean Europako abangoardian kokatuz.

Enpresa hori ezartzeak Arcelorrek Zumarragan zuen fabrika zaharra egokitzeko lanak hastea ekarriko du berekin. Bertan, industria-jardueretarako pabiloiak kokatuko dira (67.000 metro koadrokoak) eta horietan kokatuko dira Bidasoa Metal 78ren instalazioak (6.090 metro koadro baino gehiagoko instalazioa hartuko dute eta dagoeneko hasita daude obrak). Aurrez ikusitakoaren arabera, pabiloia eraikitzeko lanak urte honen amaierarako bukatuko dituzte eremu industrial berrian, eta jarduerari 2026ko hasieran ekingo diote.

Zumarragako garai bateko Arcelorren lantegirako planak (2016an itxi zuten) jarduketa integrala jasotzen du Eusko Jaurlaritzaren kargura, SPRILURen bitartez. Horren zenbatekoa 25 milioi eurokoa izango da, lurren erosketa, kutsadura kentzeko eta ingurumena berroneratzeko lanak, eraisteak eta pabiloi berriak eraikitzeko eta urbanizatzeko lanak barne.

Bidasoa Metal 78 enpresako zuzendari kudeatzaileak, José Manuel Murielek, nabarmendu duenez, “zortzi urtez egindako lanaren emaitza da proiektu hau eta gaur ilusioz bete gaituen errealitate bihurtu da. Oinarrizko ikerketatik hasi eta garapen industrialera arte, erabat gipuzkoarra izan da egindako bidea, gure bazkideen konpromisoari eta erakundeen laguntza ordezkaezinari esker. Gipuzkoaren bihotzetik, eta nazioartean proiekzioa izateko potentzial handiarekin, hauxe da gure ekarpena: gaur egun enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzea, eta etorkizun jasangarriagorantz aurrera egitea”.

Jasangarritasuneko ahaldunaren, José Ignacio Asensioren, hitzetan, “Bidasoa Metal 78ren moduko proiektuekin, enplegu berdeak eta deskarbonizatuak sortzearen eta Gipuzkoa Europa mailan lehiakortasun industrialeko erreferente gisa sendotzearen aldeko apustua egiten ari gara. Aldi berean, gainera, etorkizuneko belaunaldietarako gure baliabideen jasangarritasuna bermatzen ari gara”. Aldundiko arduradunak gehitu duenez, gainera, «Zumarragako industria-garapen berria, proiektu honekin itxura hartzen hasi dena, berrikuntza-gune gisa sendotuko da eta ekonomia zirkularrago baterako trantsizioa bultzatuko du. Hala, baliabideen erabilera optimizatu eta lehengaiak berreskuratzea ahalbidetuko duten teknologia berriak sustatuko dira eta hori guztia erabakigarria izango da gure epe luzerako lehiakortasunari eusteko».

Bestalde, Ingurumeneko sailburuordeak, Josu Bilbaok azpimarratu duenez, “Eusko Jaurlaritzak Zumarragan egindako lana ingurumenarekin lotutako jarduketa baino askoz ere gehiago da. Izan ere, garai batean Arcelorrek zituen lurretako kutsadura kentzeaz gain, eremu industrial berria berregokitzearen aldeko apustu handia egin du. Horretarako, industria berdearen sektoreko enpresa baten alde egin dugu: Metal 78ren alde. Hain zuzen ere, enpresa horren kapitalean % 18,84ko partaidetza dugu SPRI Taldearen Arrisku Kapitaleko Sozietatearen bidez. Aurrez ikusitako 15 milioi euro baino gehiagoko zenbatekotik, Zumarragako eremu honetan egindako inbertsioa dagoeneko 12,5 M€ baino gehiagokoa da. Zenbateko horri gainera, pabilioiak egokitzeko kostuak gehitu behar zaizkio (SPRILURek hartu ditu bere gain). Urbanizatze- eta eraiste-lanetara 8,5 M€ inguru bideratuko dira eta, bestalde, deskontaminazio-lanetarako beste 4 M€ inguru beharko dira. Gainera, ingurumen arloko beste jarduketa batzuk eta herritarren onura helburu duten lanak ere egingo ditugu. Besteak beste, industrialderako sarbide berria egokituko da, sarrera bizitegi eremutik aldenduz. Horri esker, ibilgailu astunen zirkulazioak eragiten dituen molestiak gutxitu eta Urola ibaiaren ibilgu-tarte bat azaleratuko da.

 

Metal 78 enpresak Gipuzkoarako duen garrantzia

Lur arraroak, metal preziatuak eta materia kritikoak kontrolatzeko borrokan tentsio geopolitikoak nagusi diren mundu mailako testuinguruan, ekonomia zirkularra industria-lehiakortasuna, enplegua eta gizarte-ongizatea indartzeko funtsezko irtenbideak da. Metal 78 Zumarragan kokatzeak helburu hori lortzeko urrats erabakigarria egitea dakar berekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasuneko Departamentuak ekodiseinuan eta balio erantsi handiko bigarren mailako lehengaiak berreskuratzen oinarritutako ekonomia berria sustatzearekin lotuta lan egin du azken hamarkadan. Gainera, ahalegin horrek are garrantzi handiagoa du gaur egun, Europar Batasunak ezinbesteko baliabideekiko independentzia izatea haren egonkortasun ekonomiko eta politikorako faktore kritikoa baita.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak helburu handiko jarduketa integrala garatu du Zumarragako garai bateko Arcelor lantegiaren lurrak berroneratzeko, 2022an lurrak erosi zituenetik (99.000 metro koadro). Lan horiek honako hauekin lotuta egon dira besteak beste: berroneratzea, deskontaminazioa, birgaitzea eta azpiegitura berriak eraikitzea. Baina jarduketa horiez gain, Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko udalekin 2023an sinatutako hitzarmenaren arabera, ingurumen arloko jarduketetarako, berrurbanizatzeko eta sarbideetarako neurri berriak ere bideratuko dituzte.

Proiektu hau Zumarragako garapen industrial berriaren esparruan garatzen da eta udalerria Europa mailan berrikuntza eta jasangarritasun arloetan erreferente bihurtzea du helburu. Bestalde, Zumarragako alkateak, Mikel Serranok, adierazi duenez, “2016an Arcelor Mittal itxi zutenetik, erakunde guztiek etengabe egin dute lan Bidasoa Metal 78 bertara iristeko aukera errealitate bihur zedin. Bederatzi urte igaro dira ordutik eta, azkenean, hasi gara egindako ahaleginaren emaitzak ikusten. Ez dugu inoiz guardia jaitsi. Beti egin dugu ekonomia zirkularrari lotutako proiektuen alde, eta Zumarragako garapen industrial berria garatu dugu. Lehen enpresa honen ezarpenak etorkizunean irits daitezkeen beste askorentzako ateak irekiko ditu”.

 

Punta-puntako teknologia metal kritikoak berreskuratzeko

Metal 78 enpresaren pabiloi barruan, hiru metal preziatu kritiko berreskuratzeko prozesu teknologiko berritzailea ezarriko da: platinoa, paladioa eta rodioa. Industria eta aplikazio askoren kasuan, ezinbestekoak dira material horiek.

Gure ibilgailuak haien bizitza baliagarriaren amaieran eramaten ditugun desegite-enpresetan bereizten dituzten katalizatzaileak kudeatuko ditu enpresak. Metal 78ren prozesuak jauzi teknologikoa ekarriko du; izan ere, prozesu hidrometalurgiko baten bidez, metal horiek berreskuratu ahal izango dira. Ondorioz, ez da fusiorik izango eta karbono-aztarna ere nabarmen txikiagoa izango da.

Gipuzkoan metal horiek berreskuratzeak Europar Batasunaren kanpoko mendekotasuna murrizten lagunduko du, haren autonomia estrategikoa indartuz eta industriarako lehengai kritikoen hornidura bermatuz.

 

Inbertsioa eta egutegia

Metal 78ren proiektua aurrera eramateko, enpresak 12 milioi euroko guztizko inbertsioa egingo du eta, zenbateko horretatik 5 milioi euro Next Generation funtsetatik etorriko dira Espainiako Gobernuaren bidez. Lanak udaberrian hasiko dituzte eta jarduera 2026ko urtarrilean hasiko dute. Guztira, 40 lanpostu berri sortzea aurrez ikusi da.