Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Osakidetza eutanasia-prozedurak edo hiltzeko laguntza medikoa bermatzearen alde agertzen dira, egoera konplexu eta mingarriak bizi dituzten pertsonei laguntza emanez eta prestazio hori erraztuz. Legea martxan jarri zenetik, eskaera kopurua % 45,9 igo da.
Eutanasia arautzen duen martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoa indarrean sartu zenetik, Euskadik 133 pertsonari bermatu die hiltzeko laguntza medikoa. Jasotako 331 eskaeretatik, % 75,4 baimendu ditu, eta eutanasia egin aurretik 100 pertsona hil direla erregistratu du.
Euskadin hiltzeko laguntza medikoa emateko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren azken txostenaren arabera, 2024an guztira 74 eutanasia-eskaera jaso dira, eta 49 prozedura gauzatu dira. Eutanasia eskatzen duten pertsonen batez besteko adina 74 urtekoa da; zaharrenak 100 urte eta gazteenak 33. Eskaera egin zuten pertsonen % 37k gaixotasun neurologiko bat zuten, gehienak dementziarekin lotutakoak, eta % 36 paziente onkologikoak izan ziren. Horren berri eman dute gaur goizean Bizkaiko Sendagileen Elkargoaren Bilboko egoitzan egin den I. Euskadiko eutanasiari buruzko hausnarketa-jardunaldian. Bertan, hiltzeko behar den laguntza medikoan inplikatutako Osakidetzako hainbat arlo sanitariotako profesionalek hartu dute parte.
Eutanasiaren arloko Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeak (CGyEE) antolatu du jardunaldia, eta Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendari Maite Martinez de Albenizek eman dio hasiera, prestazioaren bilakaerari buruzko hitzaldi batekin. «Prestazio horren eskaria gero eta handiagoa da Euskadin eta Espainiako Estatu osoan. Iaz 74 eskaera jaso ziren eta 49 eutanasia egin ziren gure lurraldean, antzeko tamaina duten autonomia-erkidego askotan baino gehiago. Osakidetzan, ebaluatutako kasuen % 75 baimendu ziren, eta 49 egunetan ebatzi ziren, batez beste. Ia ospitale-ingurunean bakarrik egitetik, etxean edo eremu soziosanitarioan egitera igaro da, eta, hala nahi izan zuten kasu guztietan, organoak ematea erraztu zen. Aurreko guztiak iradokitzen du gure herritarren nahia eta eskubidea aintzat hartzen eta errespetatzen ari garela, zentzuz, baina gure helburua beti izango da prestazio hori hobetzeko lanean jarraitzea eta bizitzaren amaieran zaintza onenak ematea», adierazi du Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendariak.
Era berean, Eutanasiaren arloko Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko presidente Itxaso Bengoetxeak —Osakidetzako Barrualde-Galdakao ESIako etxeko ospitalizazioko eta zainketa aringarrietako medikuak— lehen eztabaida-mahaian hartu du parte «Sufrimendu jasanezina, sedaziotik eutanasiara» hitzaldiarekin, eta 2024ko balantze-txostena aurkeztu die komunikabideei. «Estatuko autonomia-erkidegoetan prestazioa aplikatzeko orduan aldeak daude, autonomia-erkidegoen buruan Euskadi, Katalunia eta Nafarroa agertuz. Interesgarria litzateke diferentzia horiek aztertzea, estatistikoki esanguratsuak baitira», adierazi du Bengoetxeak.
2024ko txostenean nabarmentzen da, gainera, eutanasia-prozeduren % 32,6 etxean egin direla, % 53 ospitalean eta % 14,3 egoitza soziosanitarioan. Nabarmendu behar da Euskadin, lehen eskaera egiten denetik eutanasia gauzatzen den arteko batez besteko denbora 49 egunekoa dela, eta eutanasia gauzatu den 5 prozesutan organoak eman direla.
Lurralde historikoen arabera, Araban, 11 pertsonak eskatu zuten eutanasia-prozesua, eta horietatik 6 egin ziren; Bizkaian, 32k eskatu zuten eta 19 egin ziren; eta Gipuzkoan, 31 pertsonak eskatu zuten eta 24 egin ziren.
OSASUN-PROFESIONALENTZAKO AHOLKULARITZA ETA LAGUNTZA
Osasun Sailak eta Osakidetzak hiltzeko laguntza emateko prozedurei eta jarduketa-protokoloei buruzko prestakuntza eta jardunbide egokien eskuliburua ematen diete profesional sanitarioei, eta profesionalei, orokorrean, babesa ematen die. Hori ESI guztietan ezarritako erreferente-taldeen bidez egiten da. Talde horiek, beren bokazioarekin eta konpromisoarekin, kontzientziaz artatzen dituzte Euskadin bizi diren pertsonak, hauen bizitzaren hasieratik amaierara arte. Nabarmendu behar da legea abian jarri zenetik harrera «positiboa» izan duela osasun-arloko profesionalen aldetik.
EUSKADIKO EUTANASIARI BURUZKO INFORMAZIO-SISTEMA
2025ean zehar, Euskadiko Eutanasiari buruzko Informazio Sistema bat martxan jartzea aurreikusten da. Sistema horrek datuen kudeaketa optimizatzen lagunduko du, eta gure erkidegoan prestazioa aplikatzeari buruzko ikuspegi osoa eta berehalakoa izatea ahalbidetuko du. Hobekuntza teknologiko horrekin batera, prestazioaren kudeaketan diharduten profesionalen kopurua handitu egingo da; hala, indartu egingo da euskal osasun-sistemaren gaitasuna, indarrean dagoen lege-esparruaren arabera hiltzeko behar den laguntza eskatzeko eta jasotzeko eskubidea bermatzeko.
Eutanasiaren inguruko informazio guztia Osasun Sailaren webgunean aurki daiteke.