Zestoako alkate Mikel Arregik, Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Iñaki Betolazak eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko (GFEO) presidente Miguel Ángel Gastelurrutiak akordioa sinatu dute, Gipuzkoako udalerria «Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren eta Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileen artean sendagaien erabilera hobetzeko programara» atxikitzeko. Programa hori Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta GFEOk sustatu dute.
Zestoa gehituta, Gipuzkoako 50 udalerrik parte hartzen dute sendagaiak eskuratzeko eta sendagaien erabilera eta tratamenduekiko atxikidura hobetzeko ekimen honetan. Horretarako, herri bakoitzeko farmaziek etxez etxeko laguntzailearekin edo zaintzaile nagusiarekin elkarlanean jarduten dute sendagaiak eskuratu, kontserbatu eta ematearekin zerikusia duten alderdietan. Gipuzkoako farmazien % 96 programan parte hartzeko akreditatuta dago.
Gaur egun, etxeko laguntza-zerbitzuen eta gizarte-zerbitzuen Gipuzkoako 600 erabiltzaile baino gehiagorentzat prestatzen dituzte botikak. Erabiltzaile horiek udal bakoitzeko Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaritzak hautatzen ditu aldez aurretik.
Gaur goizean Zestoako udaletxean egin den akordioaren sinaduraren ondoren, herriko alkate Mikel Arregik azpimarratu duenez, herrian «hainbat proiektu ditugu martxan egoera ahulean dauden pertsonen zaintzan lan egiteko, eta, ildo horretan, erakundeen arteko koordinazioa funtsezkoa da pertsonen osasunarekin eta ongizatearekin lotutako zerbitzuak hobetzeko eta egokitzeko».
Pertsonen osasuna hobetzea
Zestoak 3.825 biztanle ditu eta farmazia bat. Akordioa sinatu ondoren, herriko farmazialari Xabier Astizek oso positibotzat jo du programa: «Farmazia komunitarioan askotan ikusten dugu adineko pertsonak ez direla beren botikak behar bezala hartzen ari, dela nola hartu behar duten behar bezala ulertu ez dutelako, dela sendagaien izenak nahasten dituztelako, dela ahaztu egiten zaielako… Ondorioz, pertsona horiek ez dute behar bezalako tratamendua jasotzen». Astizen ustez, programak atxikidura handitzen eta agindutako tratamendua betetzen lagunduko du, eta, ondorioz, «paziente bakoitzaren osasuna hobetzen lagunduko du».
Zestoako farmaziatik hauxe gaineratu du: «zestoarren osasunean eragin positiboa izan dezakegula uste dugu, programa honen bidez medikamentuen aurkako erreakzioak detekta baitaitezke, baita horiekin lotutako arazoak saihestu ere, adibidez, bikoiztasunak eta ez-betetzeak, askotan oharkabean gertatzen baitira».
Xabier Astizek azpimarratu du ekimenak medikuaren, farmazialariaren eta pazientearen arteko lotura indartzea errazten duela: «Harreman estuagoa dugunez, guztion arteko konfiantza eta komunikazioa areagotu egiten da, eta hori onuragarria da erabiltzailearen osasunerako». Eta farmazialari gisa hauxe gaineratu du: «paziente horien farmazia-arretan rol aktiboagoa eta garrantzitsuagoa izateak asko gogobetetzen gaitu, bai profesionalki, bai pertsonalki».
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Iñaki Betolazak nabarmendu duenez, etxez etxeko laguntza-zerbitzuek artatutako pertsonek behar duten medikazioaren erabilera hobetzeko programa honen helburua da pertsonak erdian kokatzea, haien beharrei erantzunez eta haien bizi-kalitatea hobetuz. Gainera, Farmaziako zuzendariaren arabera, farmaziak osasun-agente gisa indartzeko ahalegina egiten da, eta farmaziekin elkarlanean aritzea sustatzen da.
Programaren funtzionamendua
Ekimenaren funtzionamenduari dagokionez, udal bakoitzeko Gizarte Zerbitzuetako zuzendaritzak programan parte hartuko duten pertsonak aukeratzen ditu, eta pertsona horiek, programan sartu aurretik, baimena eman behar dute. Ondoren, erabiltzaileak farmazia aukeratzen du eta elkarrizketa bat egiten zaio. Elkarrizketa horretan oinarrituta, fitxa bat betetzen da hartzen duen medikazioari eta osasun-arazoei buruzko informazioarekin. Ondoren, hamabostean behin edo astean behin, farmazialariak dosifikazio pertsonalizatuetan banatuta prestatzen eta entregatzen ditu botikak.
Horretarako, dosifikazio-sistema pertsonalizatuak (DSP) erabiltzen dira. Horietan, pazienteak eguneko une bakoitzean hartu behar dituen pilulak jartzen dira, dosia behar bezala hartzeko behar den informazioarekin batera.