Finantzaketa publikoa behar duten tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzen deialdia onartu du Eusko Jaurlaritzak

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Osasuneko sailburu Alberto Martínezen Agindua, Espainiako Gobernuak ezarritako koordainketa farmazeutikoaren aurrean agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko urteroko laguntzen deialdia egiteko. Horrela, arrazoi ekonomikoengatik agindutako medikazioa inork hartzeari utziko ez diola bermatzen da.

Eskaerak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) agindu hori argitaratu ondoren egin ahal izango dira, ziurrenik aurtengo apirilaren amaieran.

Gaur iragarritako deialdia 2024ko ekitaldian, 2024ko abenduaren 1etik abenduaren 31ra eta, 2025eko ekitaldian, 2025eko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era arteko gastu aldiari dagokiona da. Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 2,5 milioi eurokoa da.

Euskadi izan da Estatuko lehen erkidegoa konpentsazio-neurriak ezartzen errenta baxuko pertsonentzat eta gizarte-egoera ahuleko taldeentzat (pentsiodunak, langabeak, egoera irregularrean dauden etorkinak…). Hala, laguntza horiek hasi zirenetik, duela 13 urte, 840.000 eskaera inguru izapidetu ditu Eusko Jaurlaritzak, 46 milioi eurotik gorako zenbatekoarekin.

Honako hauek izango dira laguntzen onuradunak:

  • Gizarte Segurantzako pentsiodunak eta onuradunak, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako Osasun Txartel Indibidualaren titularrak badira.
  • Legezko langabezia-egoeran dauden pertsonak eta horien onuradunak, urteko 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako Osasun Txartel Indibidualaren titularrak badira.
  • Diru-sarrerak bermatzeko errenta laneko diru-sarrerak osatzeko errentaren modalitatean jasotzen duten pertsonak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako Osasun Txartel Indibidualaren titularrak badira.
  • Aurreko hiru ataletan aipatutako osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularren onuradunak, Euskadiko Osasun Sistemak bermatzen duen Osasun Txartel Indibidualaren titularrak badira.
  • Eta Espainiako Estatuan erregistratuta edo egoiliar gisa baimenduta ez dauden atzerritarrek, baldin eta eskubide hori aitortzen zaiela egiaztatzen duen Euskal Autonomia Erkidegoaren agiria badute.

Eskaerak telematikoki edo presentzialki egin ahal izango dira Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, Osakidetzako osasun-zentroetan eta Zuzenean Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan.

Agindutako tratamendu medikoak errazago atxikitzeko laguntzei buruzko informazio gehiago Osasun Sailaren webgunean.