Juan Ignacio Pérez Iglesias-ek, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak, Balear Uharteetako Hezkuntza eta Unibertsitateetako sailburua den Antoni Vera hartu du gaur goizean Bilbon. Topaketa Ikerbasque Fundazioaren egoitzan egin da, eta helburua zientziaren, berrikuntzaren eta ikertzaile talentua erakartzearen arloko politikak eta esperientziak partekatzea izan da.
Balear Uharteetako ordezkaritzan izan dira, besteak beste, Sebastià Massanet, Unibertsitate, Ikerketa eta Goi Mailako Arte Ikasketen zuzendari nagusia; María Antonia Bibiloni, Sailburuordetzako Aholkularitza Juridikoko burua; eta Santi Mascaró, kabineteburua. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Adolfo Morais Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordea eta Miren Mateo kabineteburua izan dira bertan.
Jardunaldian zehar, Eusko Jaurlaritzako sailak bere politika zientifiko eta berritzailearen ildo estrategiko nagusiak aurkeztu ditu, bai eta ikertzaile talentua erakartzeko eta atxikitzeko erabiltzen diren tresnak ere.
Talentua erakarri
Talentua erakartzea izan da bilerako gai nagusietako bat. Ikerbasqueko gerentea den Miguel Arocenak eta zuzendari zientifikoa den Fernando Cossíok fundazioaren funtzionamendu-ereduaren aurkezpen xehe eta sakona egin dute. Haien parte hartzean, Ikerbasqueren sorrera eta bilakaera historikoaz gain, fundazioaren egitura organikoa —Patronatua, Zuzendaritza Zientifikoa eta talde teknikoa barne— eta nazioarteko talentua erakartzeko arrakasta izan duen eredua garatzeko gako nagusiak azaldu dituzte.
Era berean, Ikerbasquek kudeatzen dituen nazioarteko deialdien ezaugarrien inguruan sakondu dute; deialdi horiek mundu osoko ikertzaile bikainei zuzenduta daude, eta kalitate, lehia eta eragin zientifiko handikoa dira. Halaber, urtez urte kontratatutako ikertzaileen profila eta bilakaera azaldu dute, bai kopuruetan bai kalitatean, eta nola integratu diren pixkanaka Zientziaren Euskal Sisteman.
Ildo horretan, nabarmendu dute Ikerbasqueren lankidetza estua Euskal Unibertsitate Sisteman dauden ikerketa-zentro eta erakunde teknologikoekin, horrek ekarri duelako ezagutzaren ekarpena maximizatzea eta epe luzeko sinergiak sustatzea. Azken urteetan fundazioak lortutako emaitza nagusietako batzuk ere partekatu dituzte: ekoizpen zientifikoa, nazioarteko proiekzioa, finantzaketa erakartzea eta proiektu lidertza. Bilkuran, Balear Uharteetako ordezkaritzak 2024an Ikerbasquek lortutako datu nagusiak ezagutu ditu; datu horiek hurrengo astean argitaratuko den urteko memorian jasoko dira.