Aurreko prozesuan baino % 50 gehiago
Donostiako Udalak 966 proposamen jaso ditu guztira martxoaren 10etik apirilaren 6ra bitartean garatutako Partaidetzazko Aurrekontuen prozesuaren lehen fasean. Hasierako fase hori itxi ondoren, proposamenak aztertzeko faseari ekingo zaio, udaleko departamentuek udan zehar garatuko dutena.
Proposamen horiek hiriarekin lotura duten 16 urtetik gorako pertsonek (bizilekua, lana, aisialdia, ikasketak…) eta udal-erregistroan inskribatutako elkarteek aurkeztu dituzte (pertsona edo erakunde bakoitzak proposamen bat baino gehiago egin ahal izan ditu).
Eneko Goia alkateak azaldu duenez, «une honetatik aurrera, Herritarren Partaidetzarako zerbitzuak jasotako proposamenak aztertuko ditu aldez aurretik, dagokion departamentura bideratzeko, eta irailetik aurrera izango ditugu bozketa-fasera igarotzen direnei buruzko datu zehatzagoak«.
Goiak nabarmendu duenez, «oraingoz aurreratu dezakegu herritarren erantzuna oso positiboa izan dela, aurreko prozesuan baino % 50 proposamen gehiago jaso baitira. Horrek erakusten du herritarrak gero eta gehiago inplikatzen direla beraien inguruarekin zerikusia duten erabakiak hartzeko prozesuan«.
Hurrengo faseak
Datozen asteetan, Herritarren Partaidetzarako zerbitzuak proposamen bakar bat osatzeko moduko antzekotasunak dituzten proposamenak batu egingo ditu, betiere aldez aurretik aukera hori proposamena egin duten pertsonekin kontrastatu ondoren, eta, ondoren, dagokion departamentura bideratuko ditu.
- Apiriletik irailera bitartean: gai bakoitzean eskumena duen udal departamentu bakoitzak proposamen bakoitza teknikoki aztertuko du, eta irailaren 29tik urriaren 5era bitartean argitaratuko da webguneko atalean, ondoren donostiarrek bozkatzeko.
- Bozketa fasea: urriaren 13tik 26ra bitartean egingo da, eta horren bidez herritarrek 2026 eta 2027 urteetako aurrekontuetan zein proposamen sartuko diren lehenetsi ahal izango dute.
Ekitaldi bakoitzeko 1,5 milioi euro bideratuko ditu Udalak aukeratutako proiektuak garatzeko.