Donostiako terrazei buruzko Ordenantzaren aldaketa onartu da

0

Aldaketak 2014an onartu zen eta indarrean dagoen araudia eguneratu egiten du

Donostiako Tokiko Gobernu Batzarrak hiriko ostalaritzako jabari publikoko eta erabilera publikoko lurzoruen okupazioak arautzen dituen Ordenantza aldatzeko proiektu berria onartu du, gaur egun indarrean dagoen eta 2014an onartu zen Ordenantza eguneratu eta berritzen duena.

Eneko Goia alkateak azpimarratu duenez, «indarrean dagoen Ordenantza errealitate eta premia berrietara egokitzen saiatu gara. Azken hilabeteetan prozesu bat egin dugu horretarako: proposamenak jaso ditugu, aldeei entzun diegu eta sektorearen, auzotarren eta hainbat elkarteren planteamenduak entzun ditugu. Prozesu hori amaitzear dago momentu honetan. Udal zerbitzu tekniko eta juridikoek urte erdi baino gehiago eman dute buru-belarri lanean, eta horiek guztiek egindako ahalegina azpimarratu nahi dut».

Prozesu horretan, 39 proposamen orokor jaso dira, eta hiru zehatzagoak, besteak beste, Adegi Hoteles, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea eta Parte Zaharrean Bizi elkarteek aurkeztutakoak.

Onarpenaren ondoren, epe bat ireki da udal-taldeek zuzenketak aurkez ditzaten. Zuzenketa horiek baloratu egingo dira, laster Udalbatzara eramango den dokumentuan txertatzeko. Horren ondoren, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da ordenantza, eta horrekin batera, epe bat egongo da alegazioak aurkezteko. Hala eta guztiz ere, Udalbatzaren bilkurara eramango da berriro, behin betiko onartzeko.

Ordenantza berria

Aldatutako dokumentu berrian 5 terraza mota ezarri dira:

  • 0. mota: establezimenduaren fatxadari itsatsitako mahai altuak dira. Parte Zaharreko oinezkoentzako kaleetarako terraza-mota da hau. Mota honetan, 5 metro baino gutxiagoko zabalera duten kaleetan dauden terrazak bereizten dira. Kasu horretan, fatxadari itsatsitako mahai altuak baino ez dituzte izango terrazek, tabureterik gabe. 5 metro baino gehiagoko zabalerako kaleetan, mahai altuei bi taburete gehitu ahal izango zaizkie.
  • 1. mota: Ohiko terrazak dira, aulkiak eta mahaiak dituztenak, eta eguzkitakoak jartzeko aukera ere egongo da, baldin eta irekita 9 m² baino gehiago okupatzen ez badute; era berean, alboko hormatxo mugikorrak ere jarri ahal izango dira terraza horietan, haize-babes gisa, eta eguneroko jarduera amaitzean, gorde egin beharko dira.
  • 2. mota: Espazioa mugatzekoak ez diren egiturak dituzten terrazak. 1. motarekin alderatuta, ezberdintasuna da laneguna amaitzean, terraza horietako elementuren batek bide publikoan geratu behar duela, ezin delako gorde.
  • 3. mota: Espazioa mugatzekoak diren egiturak dituzten terrazak.
  • 4. mota: Esparru itxiak. Ordenantzan mantentzen dira, baina 6 metro baino gehiagoko zabalera duten espaloietan bakarrik baimenduko dira, betiere larrialdi-irteeretan, ibietan, zabor-edukiontzietarako espazioetan, autobus-geralekuetan edo mugikortasun urriko pertsonentzako plazetan sartzen ez badira. Esparru horietan, itxiak direnez, berogailuak jarri ahal izango dira. Aipatu behar da esparru itxiak espazio publikoko emakidak direla, eta Udalaren Ondare Zerbitzuak zehaztuko dituela horiek.

Hiri Mantentzeko zinegotzi Carlos Garcíak adierazi du “Ordenantzaren beste alderdi garrantzitsu bat terrazetarako denboraldien egutegia” dela. Bi denboraldi-mota ezarri dira:

  • Urteko denboraldia – Gehienek erabiltzen dutena (lokalen % 95ek). Kategoria horretan, ezarritako ordutegia orain arte bezala mantenduko da:
  • Udan, 23:00ak arte igandetik ostegunera, eta 01:00ak arte ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunen bezperetan.
  • Eta denboraldiko gainerako egunetan, 22:30ak arte igandetik ostegunera eta 24:00ak arte ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunen bezperetan.
  • Udako denboraldia – Aste Santutik urriaren 15era izango dena. Denboraldi-modalitate horretan, ordutegia ordubete murrizten da: 23:00ak arte igandetik ostegunera, eta 01:00ak arte ostiraletan, larunbatetan eta jai-bezperetan.

Terrazaren gutxieneko zabalera 3 metrokoa izango da, eta establezimenduaren fatxadaren % 100era arte handitu ahal izango da luzera, gehienez ere 15 metrora arte. Kontuan izan behar da terrazaren guztizko okupazioak ezin duela 100 m²-tik gorakoa izan, eta ez duela hurbileko beste lokal baten terrazaren espazioa oztopatu behar.

Ordenantzaren alderdi garrantzitsu bat da gas-berogailuak edo berogailu elektrikoak debekatuta daudela, atmosferara isuri kutsatzaileak askatzen dituztela eta ingurumena errespetatu behar dela kontuan hartuta. Horrek esan nahi du gaur egun horrelako gailuak jartzeko baimena duten terrazek horiek erabiltzen jarraitu ahal izango dutela lizentzia iraungi arte, eta, behin lizentzia iraungita, kendu egin beharko dituztela.

Era berean, ez dago baimenduta terrazetan kartelak jartzea, eguneko menuaren eta bestelakoen berri emateko.

Parte Zaharraren berezitasuna

Parte Zaharra eremu berezia da, kaleak oinezkoentzako direlako eta ostalaritzako lokal asko biltzen direlako bertan.

Oro har, ezingo dira terrazak jarri zamalanak amaitu arte, Sarriegi plazan, Bretxan, Ijentean eta Esterlinesen izan ezik; azken horren kasuan, anbulatorioa itxi zenetik, kamioiak bertatik igarotzeak ez dio terrazari eragiten.

Ez dago baimenduta Konstituzio plazako edo Boulevardeko ataripe eta arkupeetan terrazak jartzea. Espazio horiek libre geratu beharko dira.