Euskadik bere Lanbide Heziketa eredua aldarrikatu du, hezkuntzaren, enpresaren eta iraunkortasunaren arteko zubi gisa

0

Euskadiko Lanbide Heziketak bere nazioarteko lidergoa indartu du Bilbon egindako kongresuan «Etorkizun global, digital, inklusibo eta jasangarrirako gakoak» izenburupean.

Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Lanbide Heziketak eraldaketa ekonomikoaren, gizarte-kohesioaren eta aurrerapen kolektiboaren eragile gisa duen funtsezko eginkizuna defendatu du gaur goizean, Guggenheim Bilbao Museoan egiten ari diren Lanbide Heziketako Nazioarteko Biltzarraren irekieran.

Kongresu hau Imanol Pradales lehendakariak bultzatutako «Euskadi Globala» estrategiaren barruan kokatzen da. Etorkizuneko nazioarteko erronka handien aurrean Euskadiren posizionamendua indartzea du helburu estrategia horrek. Testuinguru horretan, aukerak sortzeko, produkzio-sarea indartzeko eta garapen-eredu bidezkoagoa, berritzaileagoa eta jasangarriagoa eratzeko tresnarik indartsuenetako bat da Lanbide Heziketa.

«Etorkizun global, digital, inklusibo eta iraunkorrerako gakoak» lelopean, 19 herrialdetako adituek gogoeta egin dute egun gertatzen ari diren trantsizio nagusiei buruz (batez ere trantsizio digitala eta trantsizio ekologikoa) baita Lanbide Heziketari eragiten dion Europak bizi duen egoera aldakorrari buruz ere.

Pedrosak azaldu du Lanbide Heziketa «giza potentzialaren eta produkzio-errealitatearen arteko zubia” dela, “ikaskuntzaren eta berrikuntzaren arteko, ikasgelaren eta enpresaren arteko zubia». Halaber, «bokazioak inspiratuko dituen, talentua aktibatuko duen eta pertsonak ahaldunduko dituen» Lanbide Heziketaren beharra azpimarratu du, «ikasleek euren etorkizuna erabakitzeko tresna baliagarriak izan ditzaten».

Sailburuak nabarmendu duenez, Lanbide Heziketako euskal eredua, nazioartean bere bikaintasunagatik, berrikuntzagatik eta lurralde-sustraitzeagatik aitortua dena, ez da soilik hezkuntza-politika bat, baizik eta herriaren aldeko apustua, gizartea bere osotasunean eta funtsezko sektore estrategikoak inplikatzen dituena. Ildo horretan, enpresa-munduarekin aliantzak ehuntzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du, eta euskal Lanbide Heziketak enpresei eta erakundeei, bereziki ETEei, berrikuntza- eta ekintzailetza-prozesuetan laguntzeko konpromisoa hartu izana nabarmendu du.

Jorratutako erronken artean, iraunkortasuna aipatu du ezinbestekotzat, «erantzun kolektiboak, ekoizpen-prozesu iraunkorrak eta lan egiteko eta erabakiak hartzeko modu berri bat behar baititu. Lanbide Heziketak prestakuntzatik barneratzen lagundu behar ditu lan egiteko modu horiek».

Horrekin batera, digitalizazioa aldaketa-bektore handienetako bat dela adierazi du. Adimen artifiziala hedatzen ari den heinean, Lanbide Heziketak «pertsona guztiek espiritu kritikoa, etikoa eta etengabe egokitzeko gaitasuna duten ingurune digital konplexuetan moldatzeko beharrezko gaitasunak eskuratzea bermatu behar du», defendatu du sailburuak.

Pedrosak Eusko Jaurlaritzak hasierako Lanbide Heziketarekin duen konpromisoa berretsi du, Hasierako Lanbide Heziketa “integral eta ekitatibo bat” lortzeko konpromisoa, eta kolektibo ahulenen hezkuntza-aukerak indartuko dituen Hasierako Lanbide Heziketa berri baten garapena iragarri du. Gogorarazi du 50.000 pertsonak baino gehiagok ikasten dutela gaur egun Lanbide Heziketa Euskadin, zentro integratuen sare sendo baten, nazioartekotze-proiektuen eta Tknikaren laguntzarekin (Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa).

Era berean, irakasleek eraldaketarako funtsezko eragile gisa duten zereginari balioa eman dio, eta haien lidergoa aitortzeko eta garapen profesionalean laguntzeko deia egin du.

Lankidetza eta esperientzien trukea

Gaurko topaketaren aurretik, Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa bisitatu zuten atzo eta gaur arratsaldean, bertaratutakoek Bizkaiko Lanbide Heziketako zentroak bisitatu ahal izango dituzte. Bihar, apirilak 10, Europako proiektuak zabaltzeko jardunaldia egingo da Bilboko Iberdrola Dorrean.

Topaketaren helburu nagusia nazioartean ezagutza eta praktikak trukatzeko gune bat sortzea da. Lanbide-heziketako bikaintasunaren Europako ekimenarekin bat, Lanbide Heziketako prestakuntza-funtzio hutsak baino egiteko gehiagoren garrantzia nabarmenduko dute.

Aldi berean, lankidetzarako nazioarteko plataformak sustatuko dira eta esperientziak trukatuko dira. «hezkuntzak eta, bereziki, Lanbide Heziketak dakarten erronkarekin bat gatoz. Hezkuntza Sailaren eremutik haratago doa, gizarte osoa eta hainbat arlo instituzional barne hartuz «azaldu du Pedrosa sailburuak.

Nazioarteko 120 parte-hartzaile baino gehiago bildu dira gaur, bikaintasuneko sare europarretatik etorriak, hala nola WFCP (World Federation of Colleges and Polytechnics), EARLALL (European Association of Regional & Local Authorities for Lifelong Learning), EfVET (European Forum of Technical and Vocational Education and Training) eta CoP CoVE (Community of Practice Centres of Vocational Excellence). Kongresuak euskal Lanbide Heziketaren dimentsio globala berretsi du horrela, lurraldean errotua, mundura irekia eta pertsonen eta gizartearen zerbitzura dagoen hezkuntza-eredu bati erantzuten diona.