Imanol Pradales Lehendakariak gaur arratsaldean Industria Defendatzeko Taldearen bileran adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak 2.150 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu lehen neurri sorta batean, Euskadin erronka ekonomikoei aurre egiteko eta enplegua babesteko, Estatu Batuetako Gobernuak muga-zergen politika berria abian jarri ondoren, eta horrek zuzenean eragingo die kontserben, ardoaren eta esnekien sektoreei. Lehendakariak Euskal Herriko eragile guztiei dei egin die egungo egoerari batasunetik aurre egiteko.
Lehendakariak horrela adierazi du Industria Defendatzeko Taldeak Arabako Parke Teknologikoan (Miñano) egin duen hirugarren bileran. Bertan izan dira Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Noël D ‘Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburua, Mikel Torres Bigarren lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua eta Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua.
Pradalesek azpimarratu du Euskadi prest dagoela ziurgabetasun globalari erantzuteko, eta mezu argia helarazi die euskal enpresei eta langileei: «Pertsonak, enplegua eta gure enpresak babestuko ditugu. Ez zaituztegu bakarrik utziko. Ez dugu ahaleginik aurreztuko”.
Jarduera-ardatzak
Lehendakariak iragarritako neurri-sortak hiru jarduera-ildo nagusi ditu.
Lehenik eta behin, pertsonak eta enplegua babestea. Eusko Jaurlaritzak 104,5 milioi euro banatuko ditu, honako hauek bultzatzeko:
- Kontratazioa sustatzeko programak, diskriminazio positiboarekin, langabezian dauden pertsonentzat eta/edo eragindako enpresentzat (100 milioi).
- Langabezia-prestazioen osagarriak ERTEko langileentzat (bi milioi).
- «Aukera Berri» programa, AEBek muga-zergak ezartzeak eragindako sektoreetatik datozen pertsonak birkualifikatzeko eta birkokatzeko (milioi bat).
- Gizarte-ekonomiarako ezohiko laguntzak, muga-zergen tasa berrien ondorioz zuzeneko galera ekonomikoak (1,5 milioi euro) izan dituzten lan-sozietateei eta kooperatibei aparteko neurriak ezartzeko.
Bigarrenik, 2.000 milioi euro baino gehiago euskal enpresa-ehuna defendatzeko eta eraldatzeko, bereziki enpresa txiki eta ertainak:
- Zuzeneko abalen eta finantzaketaren aparteko plan bat aktibatzea, Elkargirekin eta euskal finantza-erakundeekin lankidetzan (450 milioi).
- Euskal Finantza Aliantza bultzatzea (1.000 milioi).
- Industriari laguntzeko ildoa handitzea, bereziki balio erantsiko produktuen garapenari eta I+G+Bri lotutakoa (533 milioi).
- Nekazaritza, abeltzaintza eta mahastizaintza eta ardogintza sektoreko enpresentzako laguntzak (5,5 milioi euro).
- NEKAFIN, FEIrekin lankidetzan (25 milioi euro).
Hirugarren jarduera-ardatz nagusia merkatu berriak bilatzera eta euskal enpresak nazioartekotzera bideratutako laguntzak handitzea izango da:
- Merkatu berriak bilatzeko eta enpresak nazioartekotzeko laguntzak (32 milioi euro).
Lehendakariak, bere hitzaldian, Euskadiren nazioartekotzearen aldeko apustua azpimarratu du eta, Asian, Afrikan eta Mercosur bezalako eskualdeetan merkatu berriak zabaltzeko eta aliantza estrategikoak sendotzeko beharra azpimarratu du. Aukera global berriak aztertzeko eta euskal enpresak egungo erronka geopolitikoen aurrean posizio lehiakorrean kokatzeko beharra defendatu du. Ildo horretan, Trumpen administrazioarekin negoziazioek aurrera egin ezean, Estatu Batuekin gerra komertziala izateko arriskua aipatu du. «Europak bide diplomatikoa agortu behar du, baina herrialde gisa prest gaude datorrenari aurre egiteko», ohartarazi du. Lehendakariak berretsi du, Washingtonek bidezko akordio bat onartzen ez badu, Europak irmotasunez erantzun behar duela eta bere defentsa komertzialaren babesa aktibatu behar duela. “Euskal Autonomia Erkidegoa prest dago, kanpotik etorritako shock-ei nola aurre egin ikasi dugulako: pandemiak, Ukrainako gerrak edo 2008ko krisi ekonomiko-finantzarioak azkar eta eraginkortasunez erreakzionatzen erakutsi digute”.
Era berean, Pradalesek batasuna eskatu du, zoritxarreko garaiei erantzun kolektiboa emateko. “Kaltetuak ez zarete bakarrik egongo. Babes hori modu bateratuan emango dugu: Jaurlaritzak, euskal enpresek, indar politiko ezberdinek, eragile sozialek eta herrialdeko erakundeek. Herri gisa erantzun behar dugu, denok batera. Azkartasuna eta bizkortasuna erantzunean, baina presarik gabe”, esanez amaitu du Lehendakariak.
Industria Defendatzeko Taldea
Industria Defendatzeko Taldeak hiru bilera egin ditu dagoeneko, eta lankidetza-gobernantzako gune egonkor gisa finkatu da, euskal industriak testuinguru global berrian dituen erronkei aurre egiteko. Eusko Jaurlaritzak, merkataritza-ganberek, foru-aldundiek, Confebaskek eta klusterren eta ekoizpen-sarearen ordezkariek osatzen dute foro hori, eta helburu hauek ditu: muga-zergen errealitateari buruzko diagnostikoak partekatzea, arrisku handiena duten sektoreen jarraipena egitea, laguntzeko politikak eta tresnak identifikatzea, eta zailtasunak aukera bihurtzeko gaitasun berriak aktibatzea.
Lehenengo bileran, euskal enpresei modu aktiboan entzuteko prozesua jarri zen abian. SPRI Taldearen Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, 1.000 enpresari inkestak egin zitzaizkien, muga-zerga berrien aurrean haiek duten egoera zehatz-mehatz ezagutzeko. Entzuteko prozesu horretan sakondu da, 75 enpresarekin elkarrizketa pertsonalizatuak eginez. Gainera, muga-zergen eraginaren jarraipena egin da denbora errealean, eta Helpdesk plataforma bat zabaldu da enpresei informazioa eta aholkularitza teknikoa emateko muga-zergen inguruan.
Bigarren bileran, entzute aktiboko prozesuaren emaitzak jarri ziren mahai gainean, eta diagnostiko bat egin zen. Era berean, Europako erakunde eta estamentuekin lehen alderatzea egin da, eta Europako Batzordeak aurkeztutako Lehiakortasunaren Iparrorratzaren gakoak aurreratu dira.
Diagnostikoaren arabera, EAEko enpresen % 16k uste du muga-zergen gerrak eragin larria izango duela haien negozioetan, eta % 40k, berriz, uste du eragin hori txikia izango duela edo ez duela eraginik izango. Enpresen % 67k uste du EBk inportazioei oztopoak ezarri behar dizkiela Europako industria babesteko. Egoera horren aurrean, lehen neurria aurkeztu zen. Emisio Gutxiagoko Ibilgailuak programa. Honek 5 milioi euroko (handitu daiteke) aurrekontua du, ibilgailu berrien erosketa babesteko, errepideko garraioaren deskarbonizazio adimenduna bultzatzeko eta euskal ekonomiarentzat funtsezkoa den sektore bati (ia 40.000 pertsonari lana ematen dion automobilgintzaren sektoreari) laguntzeko helburuarekin.
Hirugarren bileran —urgentziaz deitutakoa, Etxe Zuriak ezarritako elkarrekiko muga-zergen aurrean— 60 pertsona baino gehiagok hartu dute parte, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde nagusiak barne, baita Euskadiko Ekonomia Ehuna osatzen duten eragileak ere: kluster industrialak, merkataritza-ganberak, Elkargi, Confebask, sindikatuak eta muga-zerga berriek eragin handiena izan duten sektoreetako enpresen ordezkaritza bat.