Eusko Label izenak arraunaren eliteari lotuta jarraituko du beste lau urtez. Gaur goizean izenpetu da Bilboko Itsasmuseumen Traineru Kluben Elkartearekin (TKE) lankidetzan jarraitzeko akordioa, eta horrek esan nahi du nekazaritzako elikagaien kalitatearen marka izango dela aurrerantzean ere Traineruen Ligako gizonezkoen txapelketako babesle nagusia. Horrela, CaixaBankekin eta Euskotrenekin batera, TKEren babesle nagusia da dagoeneko, kirolari, kulturari, aisialdiari eta gastronomiari lotutako xarma duten helmugetan onurak sortzen dituen jarduera bat babestuz.
Akordio hau aurkezteko ekitaldiaren buruan Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua izan da, eta oso positibotzat jo du lankidetza luzatu izana. “Akordio honek Eusko Label marka eta partekatzen ditugun balioak, hala nola ahalegina, hurbiltasuna, errotzea eta talde lana, lotzearen aldeko gure apustua berresten du”, nabarmendu du.
“Traineruen Liga erakusleiho aparta da Euskadin sortzen eta egiten diren eta baserritarren, abeltzainen, arrantzaleen eta ekoizleen lan bikaina islatzen duten gure kalitatezko produktuak ezagutzera emateko”, adierazi du sailburuak.
Barredok erantsi duenez, “gure lankidetzak euskal kirol tradizionala sustatzen du, eta kontsumitzaileen kolektiboarengana mezu argi batekin iristeko aukera ematen digu: Eusko Label kontsumitzea eredu jasangarri, bertako eta justuago baten aldeko apustua egitea da”.
Bestalde, Borja Rodrigok, TKEko presidenteak, ere nabarmendu du akordioa, eta esan du “funtsezkoa da gure lehiaketaren egonkortasunerako, sendotasun handia ematen baitio Elkarteari datozen 4 urteetarako. Harro egotekoa da kalitateari lotutako bi markak, bakoitza bere jardueran erreferente eta berme-zigilu diren bi markak, euren arteko lankidetzari eustea eta lankidetza hori beste lau urtez luzatzea”.
Gainera, Rodrigok eskertu egin du “Eusko Labelek TKErekin duen konpromisoa: 2008an hasi zen, Zaragozako estropadako hegaluzearen sustapenarekin. Benetan eske oneko gaude. Urte hauetan guztietan inplikazioa erabatekoa izan da”.
Eusko Labelen presentzia
Ligaren irudia, Eusko Labelekin lotutako kalitatearen K letra daramana, traineruen popetan eta kirolarien mailloten ezkerraldean egongo da.
Logoaren presentziaz gainera, Eusko Labelek kolorea ere emango dio ligaren liderraren tripulazioari. TKEren Official Partner den Neguak diseinatu eta egindako maillot gorri-beltzak lehiaketako lehen postuan dagoen taldeko patroia bereiziko du.
Bertako produktuak
Babesletza honen bidez, Eusko Label berme eta kalitate goreneko markaren pean ziurtatutako produktuak sustatzen dira. Marka horrek Euskadin ekoitzi, eraldatu eta egindako elikagaiak, kalitatea, espezifikotasuna edo berezitasuna batez besteko orokorra baino handiagoa dutenak, identifikatzen ditu.
Ekimen honen helburua arraunaren bidez gertuko produktuak zabaltzea eta babestea da, bai eta euskal nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren jasangarritasunarekin lotutako guztia sustatzea eta ezagutaraztea ere.
Gaur egun 18 dira Eusko Label bereizgarria duten produktuak: Hegaluzea eta hegalaburra, behi-haragia, iturburuko gatza, baserriko oilaskoa, esneko arkumea, eztia, Arabako zerealak, baserriko txerria, antxoa, baserriko arrautza, lekaleak, oliba-olio birjina estra, Arabako patata, Euskal Herriko barazkiak, Gernikako piperra, tomatea, Ibarrako piperrak eta berdela.