Industriarako soluzio teknologiko aurreratuen garapenean erreferentea den ULMA kooperatiba taldea bisitatu du Mikel Jauregi sailburuak

0

Mikel Jauregi sailburua SPRI Taldeko zuzendari nagusia den Jon Ansoleagarekin batera joan da bilerara. Biek aukera izan dute ULMAren politika dibertsifikatzailea bertatik bertara ezagutzeko. Industriarako soluzio teknologiko aurreratuen garapenean, proiektuaren jasangarritasunaren aldeko apustuan eta eredu kooperatiboaren indartzean oinarrituta dagoen politika da.

Bileran Iñaki Gabilondo ULMA Taldeko zuzendari nagusiak eta Ibon Calvo presidenteak parte hartu dute, beren zuzendaritza taldeko kide batzuk lagunduta, eta bertan etorkizuneko erronka batzuk ere jorratu dituzte, neurri handi batean nazioarteko testuingurua igarotzen ari den ziurgabetasun egoerak. Estatu Batuetako muga zerga politikari emandako erantzuna, trantsizio energetikoaren erronka edo talentu beharra izan dira bileran aztertutako beste gai batzuk, eta Iñaki Gabilondo ULMA Taldeko zuzendari nagusiak azpimarratu du “ULMAk munduan duen plantilla osatzen duten 5.600 pertsonetatik 3.000 inguruk Euskadin lan egiten dutela, eta horrek gure errotzea eta ingurunearekin eta pertsonen ongizatearekin dugun konpromisoa indartzen dituela”.

Bestalde, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak hau adierazi du: “ULMA Taldeak oso gurea den zerbait islatzen du Euskadin, espiritu kooperatiboa, non enpresako kide guztiak aldi berean helburu komun baterantz arraun egiteko gai diren. Ziurgabetasuna nagusi den une honetan, ULMAk industriaren aldeko apustu irmoa egiten du, etorkizunera begira, inbertitzen, berritzen eta kalitatezko enplegua sortzen jarraitzeko borondatearekin. Hori bat dator Eusko Jaurlaritzak industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago izatearen alde duen estrategiarekin. Ziurgabetasunaren aurrean, herritarrei eta enpresei segurtasuna eta ziurtasuna ematea dagokigu, eta horretarako Euskadiren apustua argia da: industria gehiago eta Europa gehiago”.

 

ULMA FORGED Solutions

ULMA Forged Solutionsen lantegi nagusira egindako bisitan, lantegiko CEOak, Meritxell Sanchezek, azaldu du nola urte honetan kooperatibak “inbertsio produktibo garrantzitsuei aurre egingo dien gure lehiakortasuna indartzeko eta Adimen Artifiziala eta digitalizazioa barne hartzen duten I+G proiektuekin soluzio berritzaile eta irekiak garatzeko, prozesu eta produktu berrien kudeaketa aurreratu baterako”.

ULMA Forged Solutions 1962an sortu zen Oñatin. Oil&Gaseko industriarako bridak hornitzen liderra da munduan, baina bere produktu katalogoan espezifikazio handiko beste osagai forjatu mota batzuk ere sartu ditu beste sektore batzuetarako, hala nola eolikorako, aerospazialerako, trengintzaren sektorerako edo ekipo ondasunen sektorerako. Bere berrikuntza planean materialen portaeran exijentzia maila handia duten prozesuak eta produktuak garatzeko I+Gko hainbat proiektu agertzen dira.

Kooperatibak 500 lagun inguruko plantilla du, eta 140 milioi euroko negozio bolumena, 2023. urtean. Ekoizten duenaren %90 70 herrialde baino gehiagotara esportatzen du. Estatu Batuak, Kanada, Ekialde Ertaina eta Europa dira bere merkatu nagusiak.

 

ULMA Taldeari buruz

ULMA Taldea bederatzi kooperatiba industrialek osatzen dute, eta kooperatiba horiek 5.600 pertsonari ematen diete enplegua eta 81 herrialdetan jarduten dute. 2023an 1.142 milioi euroko salmenta konpilatuen bolumena izanik, ULMA Taldea euskal mugimendu kooperatiboaren kasu arrakastatsua da.

Sortu zenez geroztik, bere negozioak eta jarduerak modu konstantean hazi eta dibertsifikatu dira, ingurunearekin konprometitutako proiektu sozioenpresarial bat bultzatzeko ikuspegitik.

ULMAren bederatzi negozioak erreferentzia dira askotariko sektore industrialetan, eta eraikuntzarako soluzioak, packaging makinak, biltegi adimendunak, forja, drainatze eta arkitekturako sistema aurrefabrikatuak, zinta garraiatzaileetarako arrabolak, manutentzio zerbitzuak, berotegien fabrikazioa edo elektronika txertatua eskaintzen dituzte. ULMA Taldearen azken apustu berritzaileak Adimen Artifiziala osasunaren esparrura hurbiltzen du gaixotasun batzuen detekzio goiztiarrerako.