Lehendakariak CAFek Euskadiren garapen industrial, teknologiko eta sozialean duen zeregin estrategikoa nabarmendu du

0

Imanol Pradales Lehendakariak, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Ingurumen sailburuarekin batera, CAF enpresak Beasainen dituen instalazioak bisitatu ditu gaur. Bertan, konpainiak Euskadiko industria-sarean duen trakzio-papera eta Euskadiren garapen ekonomiko, teknologiko eta sozialari egiten dion ekarpena nabarmendu ditu. «CAFen ibilbidea herri gisa lor dezakegunaren adibide bat da, lankidetzatik, iraunkortasunetik eta ondo egindako lanetik abiatuta», esan du.

Lehendakariak enpresak zailtasun-uneak gainditzeko duen gaitasuna nabarmendu du, hala nola 80ko hamarkadan, enpresak bere zuzendaritzaren, langileen eta euskal finantza-erakundeen konpromiso bateratuari esker egonkortzea lortu zuenean. «Garai zalantzagarrienetan ere, aukerak daude. Horiek ezagutzen eta aprobetxatzen jakitea da gakoa «, nabarmendu du.

Era berean, CAFek hazkundearen, talentuaren kudeaketaren eta lurralde-sustraitzearen alde egindako apustu irmoa goraipatu du, eta nabarmendu du «harrobia zaintzea» funtsezkoa dela etorkizun sendoa ziurtatzeko.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak herrialdeko industria, teknologia eta enpresa sektorea bultzatzeko duen konpromisoa berretsi du. «Eusko Jaurlaritza beharrezko tresna guztiak aktibatzen ari da, hala nola Euskal Finantza Aliantza edo Finkatuz funtsa, gure ekonomia indartzeko eta kalitatezko enplegua bermatzeko», adierazi du.