ETS Anoetako geltokian materialak berrerabiltzeko Europako I+G+B proiektu pilotu batean parte hartzen ari da

0

Partzuergoa hainbat herrialdetako 17 erakundek osatzen dute, unibertsitateek, zentro teknologikoek, enpresa digitalek eta eraikuntza-enpresek, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Saila, Euskal Trenbide Sarearen bidez, gaur egun obretan dagoen Anoetako geltokian materialak berrerabiltzeko I+G+B arloko Europako proiektu pilotu batean parte hartzen ari da. Egunotan Vigoko unibertsitateko talde batek terminala eskaneatu du, haren osaerari buruzko ahalik eta informazio gehien biltzeko eta, horrela, eraitsi behar den eraikin baten ahalik eta aprobetxamendu handiena bilatzeko.

Proiektuak ikuspegi globala proposatzen du eraikitako ingurunetik abiatuta materialen bankuak sortzeko, hiri-meatzaritza eta datuak in situ era automatikoan eskuratzeko eta eraikuntzako materialak eta osagaiak identifikatzeko teknologiak konbinatuz. Proiektuaren ardatz nagusia hainbat teknologia ebaluatzea da (eskaneatzekoa, materialak aztertzekoa, osagaiak inbentariatu eta ebaluatzekoa, etab.), bai eta eraitsiko den azpiegiturako materialak eta elementuak ahalik eta gehien berrerabiltzeko eta birziklatzeko egiten den ekarpena ebaluatzea ere.

Proiektuaren helburuen artean dago teknologia bakoitzak ematen duen datuaren balioa ebaluatzea, bai eta berrerabiltze- eta birziklatze-jarduketak egitean eraikuntza-enpresa baten produktibitatean duen eragina ebaluatzea ere. Eraikuntzaren sektorean berrerabilpena eta birziklapena baldintzatzen duten alderdi teknikoak, ekonomikoak eta legalak ere aztertuko dira, eta herrialdeen arteko konparazioa egingo da.

Partzuergoa Europako hainbat herrialdetako (Norvegia, Alemania, Holanda, Estonia…) 17 erakundek osatzen dute, eta horien artean unibertsitateak, zentro teknologikoak, enpresa digitalak eta eraikuntza enpresak daude. Proiektu honetan teknologiak probatzeko eta ebaluatzeko hiru ingurune pilotu daude, Holandan, Norvegian eta Euskadin.

Euskadiren kasuan, Construcciones Moyua da proiektuaren buru, eta bi obra hauek osatzen dute: Anoetako geltokiak eta Jolastokietako urbanizazioak. Horrela, Donostiako lan hauetan helburu zehatza da Anoetako atari zaharrean, alde batetik, eta Jolastokietako Otis lantegi zaharrean, bestetik, eraitsi edo kenduko diren osagaiak aztertzea, Jolastokietako urbanizazio berrian ahalik eta gehien berrerabili eta birziklatzeko. Horretarako, balioa izanez gero, teknologia bakoitzak emandako datuak erabiliko dira.

SUM4re proiektua, ikerketa eta berrikuntzarako Europar Batasunaren Horizonte Europa programak finantzatzen du. Klima-aldaketaren aurkako borrokak Nazio Batuen garapen jasangarrirako helburuak lortzen laguntzen du, eta EBren lehiakortasuna eta hazkundea bultzatzen ditu. Susana García Chueca sailburua buru duen Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailak partekatutako helburuak, hain zuzen ere. Testuinguru horretan, ETSk hitzarmena sinatu zuen urte hasieran Tecnaliarekin, euskal trenbide-sarean aplika daitezkeen hainbat proiektu berritzaile garatzeko. Hitzarmenak hiri inguruneetako hobekuntza akustikorako, irisgarritasunerako eta klima aldaketaren ondorioen aurrean arriskuak minimizatzeko hainbat arlotako ikerketa barne hartzen du.