Beraungo auzoaren zati baten eraldaketa Errenteriako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako hiri-berroneratzeko asmo handiko plan bati esker egin ahal izan da. Plan horrek, gainera, auzotarren parte-hartze aktiboa izan du. Ekimena 2023. urtearen hasieran abiarazi zen, eta Jesus Guridi kaleko 1 zenbakian eta San Marko kaleko 8 zenbakian kokatutako bi eraikinetako 63 etxebizitzaren birgaitze integrala ahalbidetu du. Jarduketa horretarako, 10.030.478,49 euroko inbertsioa egin behar izan da guztira. Udalak 5.894.752,45 euroko ekarpena egin du (% 58), Eusko Jaurlaritzak 3.423.907,41 eurokoa (% 34), eta auzotarrek, berriz, 711.818,63 eurokoa (planaren % 8, bi blokeen birgaitze integralaren atalerako).
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok Errenteriako alkate Aizpea Otaegirekin batera gaur goizean auzora egindako bisitan gogorarazi duenez, “Euskadik Europa hegoaldeko etxebizitza-parkerik zaharrena du” (163.462 eraikinen % 43 1961. urtea baino lehen eraiki ziren), eta, gaineratu duenez, “gure Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialak etxebizitzak birgaitzeko urteko erritmoa bikoiztearen aldeko apustua egin du, 2036. urterako erritmoa % 1,5etik % 3ra igotzeko eta, era horretan, garapen jasangarrirako helburuekin bat etorriko diren erosotasun termikoko, energia-efizientziako eta irisgarritasun unibertsaleko estandarrak lortzeko”.
Itxasok, gainera, honako hau azpimarratu du: “horrelako proiektuek agerian uzten dute hiri-berroneratzeak, gure hiriak edertzeaz gain, pertsonen bizitza eraldatzen duela”. Aipatu beharra dago eragiketak blokeen egitura-, eraikuntza- eta bizigarritasun-egokitasuna bermatzeko beharrezkoak diren jarduketak egitea ahalbidetu duela eta, SATE sistemaren eta fatxada aireztatuaren bidez, bloke horien energia-efizientzia hobetzeko baliagarria izan dela.
Ildo horretan, sailburuak honako hau gaineratu du: “birgaitze jasangarriaren eta herritarren parte-hartzearen aldeko apustua egiten jarraituko dugu, gure etxebizitza-politikaren zutabeak baitira”. Gainera, adierazi duenez, gaur egun Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak “espazio publikoa urbanizatzeko eta hobetzeko lanekin jarraitzen du”, obrak ahal bezain laster amaitu ahal izan daitezen.
Bestalde, Errenteriako alkate Aizpea Otaegik horrelako proiektu handiak garatzeko erakundeen arteko lankidetzak duen garrantzia nabarmendu du, eta proiektu osoa garatu den aldian Udalak erakutsitako kudeaketa-gaitasuna azpimarratu du, proiektua adostutako lan-planaren arabera garatu baita. Gainera, eskerrak eman dizkie inguruko auzotarrei, egindako ekarpenagatik zein Beraun auzoa berroneratzeko proiektuaren garapenean izan duten inplikazioagatik. Proiektua, nolanahi ere, mugarria izan da auzoaren berroneratzean eta biziberritzean. Azkenik, Galtzaraborda auzoaren hiri-berroneratzeari begira lankidetza-bide horretan sakontzen jarraitzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Egindako jarduketak
Proiektuaren barruan, funtsezko hainbat jarduketa egin dira, eta, haien artean, Jesus Guridi kaleko 1 zenbakian (datozen egunetan aldamioak kenduko dituzte) eta San Marko kaleko 8 zenbakian (amaituta) kokatutako jabeen bi erkidegoko 63 etxebizitzaren birgaitzea azpimarratu beharra dago. Hori egikaritzeko, funtsezkoa izan da Hurbiltasun Bulegoak (Opengela) auzotarrei eta erkidegoetako administratzaileei emandako laguntza eta aholkularitza. Izan ere, bulego hori leihatila bakar gisa aritu da dirulaguntzak eskatu eta izapidetzeko garaian, eta auzotarren eta administrazioaren arteko koordinazio-lanak egin ditu, birgaitze-lanak abiarazi eta egikaritzeko.
Atal horretarako, Eusko Jaurlaritzak 1.324.200 euro inguruko zuzkidura duen dirulaguntza eman du, eta auzotarren 711.818,63 euroak gaineratu behar zaizkio. Guztira, 2.360.044,03 euro izan dira. Sailburuak adierazi duenez, “ekarpen ekonomiko handi horrek auzotarrek beren ingurunearen hobekuntzarekin duten konpromisoa erakusten du”, eta honako hau gaineratu du: “haien ahalegina eta lankidetza izan ezean, berroneratzea ezinezkoa izango zen”.
Era berean, Itxasok Hurbiltasun Bulegoaren (Opengela) garrantzia azpimarratu du, eta, onartu duenez, “Bulegoaren eta bertako langileen lana funtsezkoa izan da herritarrei prozesu osoan laguntzeko eta laguntzen kudeaketa eta auzotarren parte-hartzea errazteko”. Bestalde, Aizpea Otaegik azpimarratu duenez, “etxebizitza bakoitzeko auzotarrei emandako laguntzen zenbatekoa bizikidetza-unitate bakoitzaren errentaren arabera zehaztu da, progresibitatea aplikatuz eta errentarik txikieneko etxebizitzak birgaitze-proiektu horretan sartzea ahalbidetuz”.
Bestalde, espazio publikoa berroneratzeari eta ekipamenduak hobetzeari begira, hainbat ekintza egin dira espazio publikoa hobetzeko, hala nola bi plaza berriren sorkuntza Beraun kalean, 5-15 zenbakien aurrean, mugikortasun mota jasangarri eta seguruen hobekuntza kale horretan bertan, eta bi igogailuren eraikuntza Juan Crisostomo, Aita Donostia eta Maurice Ravel kaleen artean. Halaber, Beraun kalearen amaierako aparkaleku-eraikin berriaren eraikuntza eta pilotalekuaren aurrean kokatutako lur gaineko aparkalekua aipatu behar dira. Horrez gain, planaren barruan Aldakoenea eraikinaren birgaitzea sartu da, erabilera anitzeko udal-ekipamendu gisa erabiltzeko. Izan ere, herritarrei arreta emateko ZU! zerbitzurako gune bat, gizarte-zerbitzuetarako beste gune bat eta, azkenik, Liburutegiak herritarren erabilerarako eta gozamenerako kudeatutako gune bat izango ditu. Proiektu horiek egikaritzeko, 7.670.434,46 euro bideratu dira guztira.
Beraun auzoaren hirigintza-garapena XX. mendeko 60ko hamarkadaren amaieran hasi zen. Auzoa Galtzaraborda hiribidearen (iparraldean) eta GI-20 autobidearen (hegoaldean) artean kokatuta dago, azpiegitura horretara orientatutako malda batean. Hiri-egituraren ezaugarri bereizgarriak lurraren sestra-kurbei jarraitzen dieten bideetan zehar lerrokatutako altuera handiko blokeak (isolatuak edo atxikiak) dira. Espazio publiko nagusia Sorozabal plaza da, auzoko ipar-mendebaldean kokatua eta hainbat eremutan banatutako plaza txikiago batzuekin osatua. Berdeguneak, bestalde, auzoaren ertzetan kokatuta daude nagusiki, orografia konplexura egokituta.
Proiektuaren amaierarekin, Beraun Euskadiko hiri-berroneratze integralaren eredu bihurtu da, eta mugarri bat ezarri du erakundeen arteko lankidetzan eta auzotarren parte-hartzean.