Eusko Jaurlaritzak Gizarte Segurantzaren negoziaketa hiru fasetan jorratuko du: kotizazio gabeko prestazioak, langabezia-subsidioa eta langabezia-prestazioak

0

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak maila goreneko bilerak izan ditu Madrilen, Gizarte Segurantzaren blokean jasotako eskumenen eskualdaketan aurrera egiteko.

Gizarte Segurantzaren eta Langabezia Politiken bloke honek 5 gai barnebiltzen ditu: Langabezia-prestazioak; Mutua laguntzaileak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza (eskumenaren zabaltzea); Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala eta Itsasoko Gizarte Institutua; Soldata Bermatzeko Funtsa eta Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoaren Kudeaketa.

Bi ministeriori lotutako eskumen horien konplexutasuna jorratzeko, Ubarretxena sailburua Yolanda Díaz Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroarekin eta Borja Suárez Gizarte Segurantza eta Pentsioen Estatu idazkariarekin batzartu da.

Era berean, eskualdatzeke dauden eskumen guztiei lotutako negoziaketetan aurrera egiteko asmoz, astearte arratsaldean “Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskadiren arteko Erakundeen Koordinaziorako eta Sustapenerako Azpibatzordea” egin zen.  Bertan erabaki zen eskumenen egutegia egokitzea eta aurrerantzean eskumenak 4 multzotan biltzea eta jorratzea: Gizarte Segurantza eta Langabezia Politikak; Azpiegiturak; Segurtasun Publikoa; eta Ogasuna, Finantzak eta Enpresa.

Atzerriko unibertsitate-tituluak homologatzeko eskumenaren eskualdaketa baliogabetu izanaren ondorioz, ebatzi gabe geratu diren 200 homologazio eskaerei irtenbide bat emateko bi gobernuek hartutako konpromisoa izan zen Azpibatzorde horretan jorratutako beste puntuetako bat. Hartutako konpromisoari jarraiki, datorren astean bi gobernuetako unibertsitateetako arduradun teknikoak bilduko dira jarraitu beharreko prozedura zehazteko.

Erabateko lehentasuna Gizarte Segurantzaren blokeari

Eusko Jaurlaritzarentzat, Gizarte Segurantzaren eta Langabezia Politiken blokea lehentasunezkoa da, baita gobernu berriak legegintzaldi hasieran zehaztutako bi transferentzien eskualdaketa ere: Itsas Salbamendua eta Barakaldoko Makineria Egiaztatzeko Zentro Nazionala. Halaber, Azpibatzordean definitutako 4 blokeen baitan lanean jarraituko da eta negoziazioei ekingo zaie.

Maria Ubarretxena sailburuak adierazi duenez, Gizarte Segurantzaren blokea modu mailakatuan eta pausoz pauso jorratu eta negoziatuko da, «bi ministerioei jakinarazi diegu  kotizazio gabeko prestazioei, langabezia-subsidioari – asistentziala dena- eta kotizaziopeko langabezia-prestazioei dagozkien eskualdaketetatik hasiko garela” azaldu du.

Kotizazio gabeko prestazioen artean daude: ardurapeko seme-alaba edo harrerako adingabe bakoitzeko prestazio ekonomikoa, familia ugariak, guraso bakarrekoak eta desgaitasuna duten ama edo aiten kasuan; erditze edo adopzio anitzagatiko prestazio ekonomikoa; eta amatasunagatiko subsidioa. Euskadin, 2023an, ardurapeko seme-alaba bakoitzeko diru-esleipenak 9.394 izan ziren, 4.957.814 euro guztira, eta seme-alaba edo adingabeen zaintzagatik 3.846 pertsona onuradun erregistratu ziren.

Bestalde, eskola-aseguruaren eskualdaketa osatzeko lan egingo da; izan ere, uztailaren 14ko 667/2020 Errege Dekretuaren bidez prestazio sanitarioak Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatu ziren, baina eskualdatzeke daude oraindik prestazio ekonomikoak; prestazio horiek Gizarte Segurantzaren araubideari atxikita daude eta Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak kudeatzen ditu.

Azkenik, Ubarretxenak nabarmendu du, beste behin, bi gobernuen arteko sintonia ona dela, bai Lurralde Politikako Ministerioarekin, bai sektoreko ministerioekin. «Eusko Jaurlaritzak zorroztasunarekin eta autoexijentziarekin jarraituko du lanean Gernikako Estatutua bere osotasunean bete arte» amaitu du sailburuak.