Gaur goizean egin da Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Osasun Sailak, Elika Fundazioak koordinatzen duen Baserritik Mahaira Euskal Ikerketa Planaren testuinguruan, antolatu duten Ikerketaren Emaitzak Transferitzeko XII. Jardunaldia. Ikerketa-zentroetako, euskal administrazioko eta Euskadiko elikagaien sektoreko eragileek parte hartu dute.
Jardunaldiaren inaugurazioan Raúl Perez Iratxeta Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeak eta Guillermo Herrero Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak parte hartu dute. Pérez Iratxetak adierazi duenez, “Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailean elikagaien segurtasunaren arloko ikerketa eta elikagai jasangarrien ekoizpena eta kontsumoa koordinatzen da, eta sektoreko enpresek euren benetako beharretara egokitzen diren eta merkatuan aplika daitezkeen soluzioak dituzten ikerketa- eta berrikuntza-proiektuetan lankidetzan jardutea sustatzen da”.
Pérez Iratxetak emaitzen transferentziari buruzko urteko jardunaldi hauen garrantzia eta beharra gogorarazi du, horien helburuak izanik “Euskadiko elikadura-sistemako balizko arriskuei aurre egiteko neurriei eta soluzioei buruzko ebidentzia zientifikoaren ekarpena egitea eta, beste alde batetik, ikerketatik eta berrikuntzatik sortutako ezagutzaren gardentasunari eta sozializazioari buruzko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa betetzea”.
Guillermo Herrerok azpimarratu duenez, “gero eta globalizatuagoa den mundu honetan, ezagutza transferitzea ezinbestekoa da aurrean ditugun erronkei aurre egiteko. Erronka konplexu eta aldakorrei egin behar diegu aurre, besteak beste klima-aldaketari, antibiotikoekiko erresistentziari eta mehatxu biologiko berriei, erantzun azkarrak, koordinatuak eta berritzaileak eskatzen baitituzte. Ikerketa eta informazio-trukea dira erronka horiei eraginkortasunez aurre egiteko tresnarik onenak”.
Arantza Madariaga ELIKA Fundaziko zuzendari gerenteak baloratu du “elikaduran erreferenteak diren 4 ikerketa-zentroek (AZTI, NEIKER, LEARTIKER eta UPV/EHU) egiten duten lana eta zentroen arteko eta zentro horien eta administrazioaren arteko lankidetzaren eta koordinazioaren garrantzia, azken horrek ezinbestekotzat jotzen baitu erabakiak hartzea eta erronkei erantzutea errazteko sortzen duten ezagutza”.
Elikagai seguruak Euskadin
Elikagaien Segurtasuneko Ikerketarako Plan Eragilea, lehenengoa, orain dela 13 urte jarri zen abian, eta ikerketa eta berrikuntza indartu ditu, Euskadin elikadura seguruagoa, jasangarriagoa eta osasungarriagoa lortzeko, inplikatutako eragile guztien ezagutzari, lankidetzari eta ahaleginari esker.
Gaur egun 2022-2026 BASERRITIK MAHAIRA EUSKAL IKERKETA PLANAREN bigarren fasea garatzen ari da, elikagai-sistema jasangarriago eta, aldi berean, seguruago eta osasungarriagoetarako trantsiziora bideratzen ari diren Europako eta nazioarteko politikei eta estrategiei erantzunez.
Lau urte hauetan 79 ikerketa-behar identifikatu dira eta 43 proiektu finantzatu dira elikagaien segurtasunaren, elikadura jasangarriaren eta elikadura osasungarriaren arloetan, guztira 1,5 milioi euroko zenbatekoarekin. Gainera, proiektuen % 70ean elikadura-kateko eragileek lagundu eta parte hartu dute, 35 enpresak parte hartuta, eta horien % 87k euskal administrazioari lagundu diote nekazaritzako elikagaien arriskuak kontrolatzeko eta murrizteko erabakiak hartzen.
Gaiak
Gaurko jardunaldian 2024an gauzatutako proiektuen emaitzak aurkeztu dira, bi bloketan banatuta: Elikagaien Segurtasunaren arloan erlauntzetako kutsatzaile kimikoak, bakteriofagoak eta bakteria patogenoak, itsasontzi izoztaileetako elikagaien segurtasuna eta gaztak ontzeko egurra erabiltzea izan dira aztergai. Eta, bigarrenik, Elikadura Jasangarriaren arloan, elikagai soberakinak berrerabiltzea produktu berriak garatzeko eta abeltzaintzako metano-emisioak murrizteko elikadura-estrategiak.
Gaur aurkeztu diren nahiz aurreko urteetan aurkeztu diren edo orain garatzen ari diren proiektuei buruzko informazio guztia Elikagaien Segurtasun arloko Ikerketa Plataforman kontsulta daiteke.