Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 1,5 milioi euroko partida gordeko du Etxe Zuriaren politika komertzial berriaren balizko ondorioak arintzera bideratutako neurri horiei aurre egiteko
Mikel Torres Lehendakariordeak ostegun honetan iragarri duenez, Estatu Batuek sektore produktibo jakin batzuei ezarritako muga-zergen tasen ondorioz galera ekonomiko zuzenak izan dituzten lan-sozietateei eta kooperatibei zuzendutako aparteko laguntzak emango dituzte. Hain zuzen ere, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 1.500.000 euroko partida gorde du Etxe Zuriak produktuen inportazioari ezarri nahi dizkion tasen balizko eraginak arintzeko.
Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak «ziurgabetzat» jo du etorkizun hurbilena, Estatu Batuek munduko herrialde guztiei ezarri nahi dizkieten muga-zergen neurriek «zurrunbilo eta erronka ugari» dakartzatelako, eta «ekonomia-, enpresa- eta gizarte-egonkortasunerako mehatxu globala» direlako.
Gizarte Ekonomiarako soilik gaitutako neurriez gain, euskal gizarte osoari zuzendutako laguntza sorta bat martxan jarri dela jakinarazi du, Estatu Batuek hasitako muga-zergen politikaren balizko ondorioak arintzeko asmoz. Hala, sailak 2 milioi euro gordeko ditu aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean dauden langileen langabezia-prestazioak osatzeko, zehazkiago, kalteberenak eta soldata baxuenak dituztenenak, betiere enplegua mantentzeko betebeharraren baldintzapean.
Osagarri hauek aitortuko zaizkie urtean 20.000 euroko edo gutxiagoko kotizazio-oinarria dutenei. Hileko zenbatekoa 150 eurokoa izango da % 50etik gorako lanaldia duten pertsonentzat, eta 100 eurokoa % 50etik beherako lanaldia dutenentzat.
Neurrien artean, Aukera Berri programa dago, milioi bat eurokoa, eta muga-zergak ezartzeak eragindako sektoreetatik datozen langabeak birgaitu eta birkokatzea aurreikusten du.
Bestalde, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Iraunkortasun Sailarekin batera, “Krisi-egoera potentzialean dauden Enpresen Behatokia” ezarriko du, lehenago eta prebentzioz laguntza- eta erresilientzia-ekintzak ezartzeko.
Azkenik, Sail honek Elkarrizketa Sozialerako Mahaia deituko du premiaz, neurri hauek guztiak eta gizarte-eragileekin negoziatzearen bidez sor daitezkeen eta interesgarriak izan daitezkeen beste batzuk aztertzeko, «gure sektore produktiboak bermatzeko eta langileak babesteko», adierazi du Mikel Torresek.
Berrikuntza eta gizarte-ekonomia
Lehendakariordeak neurri hauen berri eman du ‘Mondragón City Challenge’ Ekintzailetza Kooperatiboaren Nazioarteko Txapelketaren finalean, gazteen artean ekintzailetzaren kultura eta balio kooperatiboak sustatzea helburu duena.
Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak Euskadiren «berrikuntza-gaitasun sinestezina» azpimarratu du nazioarteko lehiaketa honetan, «historian zehar distira egin duen ezaugarria», eta «ahalegin partekatua» balioetsi du, komunitatea eraikitzeko bultzada eta modu gisa.
Gainera, Nazio Batuek 2025 honetarako aldarrikatutako kooperatiben nazioarteko urtean, Mikel Torresek azpimarratu du «euskal ekonomia soziala mundu mailako erreferentea eta eredu bat da enpresa tradizional askorentzat, ikusten baitute pertsonetan inbertitzea eta langileak erabaki garrantzitsuetan konprometitzea bide arriskutsua baina arrakastatsua dela».
Parte hartu duten gazteei zuzendu zaie Torres, «ideiak sortzeko gaitasuna» egiaztatzea «pozgarria» dela adieraziz. «Ziur eraikitzen ari garen Euskadi berriaren parte” izango direla eta «laster, protagonistak» azpimarratuz. Gaineratu du ere «ekonomia soziala familia handi bat” dela, “balioduna, lur bati atxikia eta ingurunearekin konprometitua», eta «enpresa tradizionalaren alternatiba».
7 herrialdetako 182 talde
Mondragon City Challenge-ren hirugarren edizioan Mexiko, Kolonbia, Indonesia, Tanzania, Alemania, Belgika eta Euskadiko 182 taldek hartu dute parte. Leartibai Fundazioak eta Saiolanek osatutako epaimahai tekniko batek egindako lehen aukeraketa baten ostean, 20 talde sailkatu ziren enpresa proiektu kooperatibo bat garatzeko bi kategoriatan: 16 eta 18 urte bitartekoak eta 19 eta 24 urte bitartekoak. Ostegunean, epaimahai profesional batek aurkeztutako ideiak aztertu zituen, eta, bateratze-lana egin ondoren, talde irabazleak zein izan ziren erabaki zen.
Bestalde, komeni da gogoratzea Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak joan den hilean iragarri zuela Gizarte Ekonomiaren II. Plan Estrategikoa lantzen ari dela. Halaber, Mikel Torres lehendakariordeak iragarri zuen laster laguntzak emateko asmoa dagoela, parte hartzeko, ekintzailetzarako, Gizarte Ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko eta Enpresaren Gizarte Erantzukizuna ezartzeko.