Artxandako tuneletako Ugasko-Salbe tartea apirilaren 17an irekiko da

0

Interbiak erakundeak Artxandako tuneletako Ugasko eta Salbe arteko zatia berritzeko eta egokitzeko lanak amaitu ditu. Azpiegitura apirilaren 17an (osteguna) irekiko da, eta Aste Santuaren hasieran erabat operatibo egongo da. Artxandako tuneletako lanen lehenengo faseak lau hilabete iraun du, eta azpiegituraren narriadura konpontzea izan da helburua; horretarako, ur-iragazketak kendu dira, ildaskak egin, sendotu eta iragazgaizteko lanak egin eta iragazketa-urak drainatze-ubide batera bideratzeko lanak egin ondoren.

Argiztapena ere hobetu da, LED argiak jarriz, eta segurtasun-sistemak modernizatu dira. Ildo horretan, gorabeherak automatikoki detektatzeko sistema (DAE) eguneratu da soluzio dual batekin; soluzio horrek suteak detektatzeko optika termiko bat du eta suhiltzaile zerbitzuei laguntzen die pertsonen ebakuazio-lanetan, gorabeherak gertatzen direnean. Ebakuaziorako argiztapen-sistemak, megafonia eta substantzia kaltegarrien detekzioan ingurumen-zaintzarako sentsorika berritu dira.

Planifikatutako jarduketen barruan, berrikuntza-proiektu pilotu bat abiarazi da, tunelen jasotze digitala egiteko, eta, horrela, azpiegituraren BIM as built eredu bat eraikitzeko eta Interbiakek kudeatzen dituen azpiegituren biki digitalean txertatzeko.

Faseka jardutea

Artxandako tunelak 2002an jarri ziren martxan, eta azpiegitura estrategikoak dira hiriburuaren inguruko mugikortasunerako, Bilbo Txorierrirekin, aireportuarekin eta Bizkaiko Teknologia Parkearekin lotzen baitute. Hiru tunelotan, batez beste, 30.000 ibilgailu ibiltzen dira egunean.

Konponketa-lanak ondoz ondoko hiru fasetan egiten ari dira. Lehenengo fasea amaitu ondoren, aurten bertan lizitatuko da Ugasko eta Txorierri arteko bigarren tunelaren obra, eta, ondoren, Salbe-Txorierri tuneleko lanak amaituko dira.

Lehenengo fase honetan 4,4 milioi euroko inbertsioa egin da, eta gainerako tunelak berritzeko 20 milioi eurotik gorako inbertsioa egin beharko da.