Bilbok dispositibo sendo bat zabalduko du, Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Athletic Clubek koordinatuta, datorren ostegunean, San Mamesen, 21:00etatik aurrera, Athletic eta Rangers Football Cluben artean jokatuko den Europa League UEFAren final-laurdenetako itzulerako partida dela-eta.
Diseinatutako dispositiboak batez ere San Mames inguruei eragingo die, bi zaletu-taldeen eta, oro har, herritarren segurtasuna bermatzeko neurri batzuk zehazte aldera.
Partidaren ondorioz, ohikoa den bezala, trafikoa etengo da eta garraio publikoan aldaketak egin beharko dira.
Zirkulazio-murrizketak, batez ere, Moyua plazaren eta Carlton hotelaren inguruan eta San Mames inguruan gertatuko dira, bai eta zaletu eskoziarren fan march-ak ibilbidean zehar eragiten dituen mozketak ere.
Izan ere, Europan horrelako ekitaldietan ohikoa den prozedurari jarraituz, bisitariei elkargune batera dei egingo zaie, denak batera joan daitezen zelairaino, Ertzaintzako agenteek lagunduta. Rangers Football Clubeko zaleen meeting point hau Iparragirre kalearen lehen zatian egongo da, Guggenheim Museotik hurbilen dagoen tartean. Kalkulatzen da 18:00ak aldera abiatuko direla San Mameserantz.
18:00ak inguruan, zirkulazioa murriztu eta moztuko da Felipe Serrate kalean, Sabino Arana etorbidean, Euskalduna zubian eta Jesusen Bihotza plazan.
Halere, ordu erdi lehenago, 17:30etik aurrera, lehenengo trafiko-mozketak egingo dira Carlton hotelaren inguruan.
Egun osoan zehar, gainera, udaltzainek eta ertzainek zaleen arteko bizikidetza bermatuko dute.
ALDAKETAK GARRAIO PUBLIKOAN
Tranbiaren zerbitzua 18:00etatik aurrera aldatuko da Pio Baroja eta La Casilla geralekuen artean.
Era berean, partidak eragina izan dezake Bilbobusen eta Bizkaibusen zerbitzuetan; beraz, gomendatzen da balizko aldaketa eta alternatibak pantailetan edo webguneetan kontsultatzea.
Horregatik guztiagatik, bertoko zaletuei gomendatzen zaie zelaira hurbiltzeko garraio publikoa erabil dezatela eta behar besteko aurrerapenaz sar daitezela.