Emakundek herritarrak berdintasunean sentsibilizatu eta prestatzeko online eskolaren bigarren edizioa abiarazi du

0

Emakunderen Berdintasun Eskolaren (EBE) bigarren edizioa aurkeztu du gaur Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak. Berdintasunaren alorrean herritarrak sentsibilizatzea, prestatzea eta gaitzea bultzatzen duen online gune bat da. Edizio hau aurrekoaren esperientzia arrakastatsuaren ondoren jarri da abian, non ikastaroak eskaini eta denbora gutxira bete ziren.

Emakunderen berdintasun eskola helbidearen bidez, kalitatezko prestakuntza-eskaintza eskaintzen da, doakoa eta pertsona bakoitzari egokitua, berdintasunarekin, aniztasunarekin eta feminismoarekin lotutako gaietan interesa duen publiko zabal batengana iristeko. «Gure gizartean balioak aldatu nahi baditugu, ezinbestekoa da herritarrek benetako berdintasuna zer den ondo jakitea», adierazi du Miren Elgarrestak.

Emakundeko zuzendariarekin batera, ikastaroetako irakasleetako bat izan da gaur, Pilar Kaltzada kazetaria, eta «Genero-ikuspegidun komunikazioa» izeneko ikastaroa eskaini die komunikabideei. Elgarrestak azpimarratu duenez, «berdintasunari buruzko prestakuntza berdintasun-politiken oinarrizko zutabea da. Prestakuntza hori, legearen arabera, giza eskubideen, generoaren eta feminismoaren ikuspegitik garatu behar da, eta ikuspegi intersekzionaletik «.

Lehenengo edizioak herritarrek, enpresek eta erakundeek genero-ikuspegia integratuko duen prestakuntza jasotzeko gero eta interes handiagoa dutela berresteko balio izan du. Aztertutako datuen arabera, 2.164 pertsonak parte hartu zuten, horietatik 1.829 emakumeak, eta gehienak, % 87, EAEkoak. Ikasleek aurreko edizioan egindako batez besteko balorazioa 8,5ekoa izan zen. % 93k ziurtatu zuen ikastaroa baliagarria izan dela bere bizitza pertsonalerako, eta % 92k aitortu zuen baliagarria izan dela euren lanetarako.

Prestakuntza-eskaintza

Emakunderen Berdintasun Eskolak jasotzen duen prestakuntza-eskaintza berria berdintasuneko 10 gairi buruzko 35 ikastarok osatzen dute. 18 ikastaro euskaraz eta 17 gaztelaniaz. Gaien artean, berdintasunari buruzko oinarrizko ikastaro batez gain, ziberfeminismoa, ahalduntze feminista, genero-ikuspegia, hezkidetza, emakumeen aurkako indarkeria, berdintasunezko maskulinitateak, berdintasuna kirol-praktikan, osasunean, komunikazioan, ekonomia feminista, ekofeminismoa, enpresetako berdintasun-planak eta abarri buruzko ikastaroak eskaintzen dira.

Gehienak publiko orokorrarentzat badira ere, batzuk espezifikoak dira, hala nola berdintasun-planei buruzko ikastaroa, enpresei zuzendua, edo maskulinitateei, berdintasunari eta kirol-praktikari buruzkoa, kirol-erakundeei edo -klubei zuzendua. «Sortzen ari diren eskariak kontuan hartu dira, administrazioko langileez harago doazen publiko berriak identifikatu dira, eta metodologia eta formatu berriak proposatu dira», gogorarazi du Emakundeko zuzendariak. Gai horiez gain, Gizonduz ekimenaren prestakuntza-eskaintza ere jasotzen du atariak, gizonak berdintasunaren alde sentsibilizatzeko eta inplikatzeko.

Ikastaroak urte osoan zehar egingo dira, doakoak dira eta Emakundek ikastaroen aprobetxamendua ziurtatuko du.