Etxanobek ziurgabetasun globaleko testuinguru batean enpresen lehiakortasuna indartzen duen zerga-berrikuspena balioetsi du

0

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, Beaz foru-erakundeak antolatuta BECen ospatu den Bizkaia Enpresa 2025 topaketari hasiera emateko ekitaldian, ziurgabetasun globalaren aurrean batasunarekin jarduteko beharra azpimarratu du. Ekitaldiaren hasieran egin duen esku-hartzean bultzatzeko zerga- berrikuspena iragarri du; Bizkaiko Foru Aldundiak bihar bertan onartzeko ustea du, Bizkaiko enpresen lehiakortasuna indartzeko xedearekin. Azaldu duenez, neurri berriek Bizkaiko enpresa-ehunetik jaso ditugun beharrei erantzuten diete, eta inbertsioa, I+G, enpleguaren sorkuntza, familia eta lana bateragarri egitea, gizarte-aurreikuspena eta jasangarritasuna babesten dituzteEnpresarik gabe ez dago enplegurik, ez dago aberastasunik eta ez dago ongizaterik, aldarrikatu du.

Halaber, adi egoteko eta aukerak aurkitzeko unea da. Topaketa honen ardatzak jasangarritasuna eta trantsizio berdea dira. Trantsizio hori enpresa guztiek egin behar dute, eta indartuago ateratzeko aukera ematen du baieztatu du. Bizkaia Enpresa ekitaldiaren hamalaugarren edizioak, lurraldeko enpresa-topaketa garrantzitsuenak, 450 pertsona bildu ditu, hainbat industria-sektoretako enpresa txiki eta ertainen eta startupen ordezkariak. Ekitaldia Beazek, Bizkaiko jarduera ekonomikoa babesteko foru-elkarteak, antolatu du interesak partekatzeko, aukera berriak sortzeko eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta lurraldeko ehun enpresarial-ekintzailearen arteko lotura sendotzeko. Hitzordu garrantzitsu honetan  Aclima Basque Environment Clusterrak eta Beazek egin duten «Trantsizio berdea, Bizkaiko enpresentzako lehiakortasun-eredu berriak» txostenaren ondorioak aurkeztu dira.

Jardunaldian On Bizkaia Sariak banatu dira. Sari hauek Beazek laguntzen dituen enpresak aintzatesten dituzte eta honako kategoria hauetan eman dira: Enpresa berritzaileen sorkuntza (CAF Signallyng), Berrikuntza eta hazkundea (Gepro Systems), Nazioartekotzea (TH Company), Trantsizio digitala (Industrias Garita), Trantsizio berdea (Asfaltados Olarra) eta Startup ibilbide onena (Nemergent Solutions).

2.500 proiektuk 300 milioi euro mobilizatu dituzte Bizkaian

Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak, 2020-2024 aldia errepasatu du hiru lehentasun estrategikotan oinarrituta: talentua, digitalizazioa eta jasangarritasuna. 2020tik 2024ra Bizkaiko Foru Aldundiak 2.500 enpresa-proiekturi lagundu zien, ia 100 milioi eurorekin; kopuru horri esker, 300 milioi euro baino gehiago mobilizatu dira. Horrez gainera; 1.800 enpresak jaso dituzte Beazek ematen dituen zerbitzuak, aurrez aurreko bisitak egin dira 700en kasuan, eta Bizkaiko ekintzailetza- eta berrikuntza-ekosistema aberastu da, 205 startup berriek osatua.

Merkatuen dibertsifikazioa, berrikuntzaren aldeko apustua, jasangarritasuna bereizketa-faktore gisa, inbertsioak, pertsonengan zentratutako enpresa-kulturak lehenestea eta lankidetza publiko-pribatua, horiek guztiak aipatu ditu Basurkok

gisa, zeinen bidez enpresek saihestu baitituzte aurreko krisiak eta zeinetan oinarritu baitira azken urteetan bizi izandako ziurgabetasun-une handietatik indartuta ateratzeko.

 

Gaur egun, Europan, Europako erakundeetan, premiaren sentimendu bat dago. Baina, egia esan, ezin da denbora gehiago galdu. Erantzun diplomatiko sendo eta proportzional bat behar dugu eta kalkulatutako errepresaliak aplikatu, helburu nagusia ahaztu gabe, hau da, Europako industria: ukitutako Europako enpresen proiektuak babestea, barne-merkatua eta Europako autonomia estrategikoa indartzea eta merkataritza-aliantza alternatiboak areagotzea, esan du Ainara Basurko foru diputatuak.

ON Bizkaia sariak lurraldeko enpresa-sareko sei erreferenterentzat

Jardunaldiko ekitaldi nagusia enpresa-proiektu onenei ON Sariak ematea izan da, sei kategoriatan:

Enpresa berritzailea sortzeko proiektu onena: CAF Signallyng

CAF enpresak 100 urte baino gehiagoko esperientzia du eta 60 herrialdetan dago; mugikortasun jasangarriko irtenbideak eskaintzen ditu trenetan, autobusetan eta seinaleztapen-sistemetan. 2022an  metropoli-lineetarako OPTIO sistema abiarazi zuten, trenbideak modu autonomoan eta efizientean jarduteko AA erabiltzen duena. Sistema berritzaile honek kontrol zentralizatua eta denbora errealeko gainbegiratzea ahalbidetzen du. Proiektuak 100 pertsonako ikerketa-taldea inplikatu zuen.

Berrikuntza- eta hazkunde-proiektu onena: Gepro Systems

Ingeniaritza-enpresa hau aluminiozko, titaniozko eta metal gogorrezko egiturazko piezak mekanizatzeko makina multiburu handien diseinuan eta fabrikazioan espezializatuta dago. MILL 1G garatu zuten, fuselajeen fabrikazioan produktibitatea hobetzeko 3D panelak fabrikatzeko gailua,  ebaketa-abiadurak areagotzen dituena, motor bereziak baititu beharrezko azelerazio-balio handietara iritsi ahal izateko.

Nazioartekotze-proiektu onena: TH Company

TH Company 1966an sortu zen Mungian eta besteak beste arrantzaren eta meatzaritzaren sektoreetarako ekipoak diseinatzen eta fabrikatzen ditu. Fakturazioaren % 80 baino gehiago kanpotik dator eta Ekuadorren, Perun, Txinan eta Australian egiten du lan. Bere MARCO unitateak arrantza-industriarako teknologia gidatzen du eta munduko atunontzien % 70ek baino gehiagok erabiltzen ditu bere ekipoak. Enpresak I+G+b-n inbertitzen du eta soluzio jasangarrietan egiten du lan, hala nola eragingailu elektrikoa duten ekipoetan.

Trantsizio digitaleko proiektu onena: Industrias Garita

Industrias Garitak metalezko pieza estanpatuak eta azpimultzoak fabrikatzen ditu sektore automotrizerako, eta 400 erreferentzia ematen dizkie 60 modelori 15 herrialdetan. Ekoizpen-plangintza hobetzeko, lehen eskuz egiten zena, datu-analisietan eta algoritmo matematiko batean oinarritutako soluzioa garatu zuten. Datu historikoetatik ikasten duen neurona-sarea erabiltzen dute, gorabeherak aurreikusteko eta egoerak optimizatzeko, baliabideak, ekipoak eta erremintak kontuan hartuta.

Trantsizio Berdeko proiekturik onena:  Asfaltados Olarra

Enpresak 50 urte baino gehiagoko esperientzia du nahasketa bituminosoetan, eta berrikuntza teknologikoak ezarri ditu bere lantegian ingurumen-inpaktua murrizteko. Fresaketa hondakinak eta agregakin siderurgikoak erabiltzen dituzte eredu zirkularragoa eta jasangarriagoa lortzeko. Fabrikazio-tenperatura 180 ºC-tik 100 ºC baino gutxiagora jaitsi dute eta horri esker energia-kontsumoa % 40 murriztu dute, eta % 50  birziklatutako materiala erabiltzen dute.

Start-up ibilbiderik onena: Nemergent Solutions

2017an sortu zen, UPV/EHUren spin-off moduan, eta 4G eta 5G sareen gaineko komunikazio kritikoko sistemak garatzen ditu. Bere produktu izarrak, MCX sistemak, Android eta Linuxekin bateragarriak diren zerbitzariak eta aplikazioak integratzen ditu. Europa osoko segurtasun publikoko eta trenbideko proiektuetan parte hartu du. Produktuaren garapenean 7 milioi euro baino gehiago inbertituta bere berrikuntzak bat egiten du nazioarteko programekin.

Trantsizio Berdeak Bizkaiko enpresan izan duen eraginari buruzko txostenaren emaitzak

Aclima Basque Environment Clusterrak eta Bizkaiko Foru Aldundiak «Trantsizio berdea, Bizkaiko enpresentzako lehiakortasun-eredu berriak» azterlana egin dute. Txostenak Bizkaiko enpresek Europako Itun Berdeak ezartzen dituen neurriei buruz duten pertzepzioa eta aurrerapena aztertzen ditu.

Txostenak ondorioztatzen du Bizkaiko enpresak trantsizio berderantz urratsak ematen ari direla, baina oraindik erronka garrantzitsuei aurre egin behar dietela. Gehienek aurrerapen txikia lortu dute funtsezko esparruetan, hala nola deskarbonizazioan, mugikortasun jasangarrian edo ekonomia zirkularrean. ETEek, bereziki, laguntza handiagoa behar dute oztopoak gainditzeko, adibidez baliabideen  eta ezagutza teknikoaren falta eta araudira egokitzea. Hala ere, aldi berean trantsizio ekologikoa aukera estrategikoa da: merkatu berrietara iristeko eta talentua erakartzeko, berritzeko eta lehiakortasuna hobetzeko aukera ematen du. Horretarako funtsezkoa da jasangarritasuna enpresa-estrategian txertatzea eta eskura dauden laguntza-tresnak baliatzea.

Agiri hau egiteko Bizkaiko tokiko garapeneko 14 agentziaren eta hainbat tipologia eta sektore biltzen dituzten lurraldeko 12 eskualdetako udaletako enpresa-arloek parte hartu dute. Txostenean, era berean, 1.000 bazkide baino gehiago ordezkatzen dituzten 10 elkarte eta klusterren lankidetza jaso da; horien artean Bizkaian ezarpen handia duten sektoreak daude, hala nola energia, automobilgintza, siderurgia, galdaketa, kimika, ontzigintza edo ingurumena. Azkenik, 7 zentro teknologikok eta ezagutza-zentrok hartu dute parte.

Arlo horretako jardunbide egokiak ikusarazteko asmoz Olatz Goitiak, Beazeko zuzendari nagusiak,  hiru kasu arrakastatsu azaldu dituen mahai-ingurua moderatu du. Ignacio Serratsek, Conservas Serrats enpresako zuzendari nagusiak, Patricia Gabilondok, Arania enpresako Lehiakortasuna Zaintzeko eta Negozioa Garatzeko zuzendariak, eta Alexander Lópezek, Revenant Industrial & Ports Machinery enpresako zuzendari nagusiak, garapen jasangarriko estrategiak ezartzeak ekarri dien egiturazko aldaketa errepasatu dute.