POCTEFA Know N Cheese proiektuak Pirinioen bi aldeetako 6 erakunde biltzen ditu, eta gaur goizean aurkeztu du Euskadin, Katalunian, Nafarroan, Aragoin eta Pirinioetako departamendu frantsesetan esnekiak kontsumitzeko ohiturekin lotutako elikagaien jasangarritasunari buruz egindako azterketa.
Proiektu europar horrek esne-ustiategi eta gaztagintza tradizionalen lehiakortasuna areagotzea du helburu, haien jasangarritasuna bultzatuz, eta elikagaien jasangarritasunaren arloko ezagutzaren, beharren eta aukeren diagnostikoa egin du lurralde horietako 1.500 lagunen artean. Ikerketa horretatik informazio baliotsua atera ahal izan da esne-ekoizpenaren jasangarritasunari eta elikagai horiek kontsumitzeko ohiturei buruz duten ezagutza-mailaren inguruan.
Gasteizko Azoka plaza aukeratu da ateratako ondorio nagusien aurkezpen hau egiteko, eta proiektuko bazkide diren hiru euskal erakundeek parte hartu dute. Leire Bravok egin du Esneki Zentroa – Leartiker zentrotik (proiektuko bazkide burua), POCTEFA Know N Cheese proiektuaren helburu eta ekintzei buruzko sarrera. Ondoren, Leire Vegak, Donostiako Prosumerlab enpresatik, huraxe baita proiektuko beste bazkideetako bat eta kontsumo- azterketetan aditua, 2024an egindako ikerketaren ondorio nagusiak aurkeztu ditu. Bestalde, Raimundo Ruiz de Escuderok, HAZIko (beste erakunde bazkide bat) zuzendariak, proiektu honetan izan duen parte-hartzea azaldu du, bereziki sektorea gaitzera bideratua, erakunde horrek Euskadiko balio-katearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatzeko egiten duen lanaren barruan.
Hona hemen aurkeztutako azterketaren ondorio nagusietako batzuk:
Erosteko motibazioak
Zaporea eta kalitatea. Azterketa honetatik ateratako datuen arabera, gozamena da eskuz egindako gazta erosteko lehen motibazioa, bai Espainian bai Frantzian. Espainian galdetutakoen % 79k eta Frantzian galdetutakoen ehuneko berak erabaki dute gazta mota hori kontsumitzea gaztak dituen zaporeagatik eta kalitateagatik.
Jasangarritasuna. Jasangarritasuna eskuz egindako gaztaren ekoizpenaren baliotzat hartzeari dagokionez, aipatzekoa da kontsumitzaileek ez dutela, itxuraz, ekoizteko modu horren ingurumen-jasangarritasuna erosteko motibaziotzat hartzen. Espainian, % 25ek baino ez dute erosketa-driver gisa hartu, eta Frantzian, berriz, % 20k.
Hala ere, jasangarritasun ekonomikoa eta soziala bai dira eskuz egindako gazta erostera bultzatzen duten balioak. Beraz, inguruko ekonomiari eta negozio ekoizle txikiei laguntzea bai dira eskuz egindako gazta erosteko motibazioak. Espainian, % 54k gazta mota hori aukeratzen dute tokiko ekoizleei laguntzeko, eta % 49k bertako produktua delako. Frantzian ere joera bera dute, datuak bi kasuetan zertxobait handiagoak izanik.
Prezioa. Hala ere, eskuz egindako gaztei lotutako elikagaien jasangarritasuna positiboki balioetsi den arren, prezioa da erosteko azken erabakian eragin handiena duen faktorea (kontsumitzaileen % 68k bozkatu zuten erosteko motibazio gisa).
Osasuna. Ateratako beste ondorio nagusietako bat da osasuna edo eskuz egindako gaztak produktu osasungarriak izatearen pertzepzioa ez direla erosteko motibazio handia. Espainian galdetutako pertsonen % 14rentzat eta Frantzian galdetutakoen % 23rentzat baino ez.
Erosteko uneak eta lekuak
Ikerketaren beste emaitza batzuek agerian utzi dute, oro har, kontsumitzaileek hipermerkatuetan edo supermerkatuetan erosten dutela gazta, eta ehuneko txiki batek baino ez duela gaztandegietan edo merkatuetan zuzenean erosten. Horrenbestez, balio- kate luzeagoak eta ez jasangarriak aukeratzen dituzte, eta, oro har, gaztandegietan eragin ekonomikoa dutenak. Ondorioz, gaztandegi horiek prezio egokiagoak izan behar dituzte linealean agertzeko (prezio lehiakorrak), eta horrenbestez, a priori, esan daiteke joera txikia dagoela produktu jasangarriagoengatik gehiago ordaintzeko.
Emaitzetan ikusi da, halaber, tokikoa, DOP zigilua eta eskuz egina jasangarritzat hartzen direla. Izan ere, Espainian galdetutako pertsonen % 47k eta Frantzian galdetutakoen % 40k ez dituzte produktu horiek erosten, batez ere garestiak direlako. Beraz, berriro ere, ez dirudi herritarrak jasangarriagotzat jotzen diren produktuak ordaintzeko prest daudenik.
Oro har, produktuari buruz zenbat eta informazio gehiago izan (eskuz egindakoa izatea, ekoizteko modua, etab.), kontsumitzaileek orduan eta joera handiagoa dute eskuz egindako gazta batengatik prezio handiagoa ordaintzeko. Zehazki, egoera hori errepikatu zen Espainian galdetutako pertsonen % 61ean eta Frantzian galdetutakoen % 58an. Eskuz egindako gazta batengatik gehiago ordaintzeko joera hori nabarmen murrizten da retail-kanalean (supermerkatuak eta hipermerkatuak). Kontsumoari dagokionez, egoera batzuetan produktuarekin zuzeneko harremana, informazio asko, ekoizlearekiko zuzeneko harremana izatean edo produktua ondo ezagutzean, «euforia unea» deituko geniokeena sortzen da. Gozamenarekin lotutako uneekin ere lotu dezakegu euforia hori, hau da, eskuz egindako gazta erostea souvenir turistiko edo opari gisa, azoka batean, denda espezializatu batean, etab.
Tokiko ekoizpenen ezagutza-maila txikia
Hala eta guztiz ere, diagnostiko honen ondorio esanguratsuena da kontsumitzaileek ezagutza-maila txikia dutela tokiko produktuei buruz. Espainian, galdetutako pertsonen
% 17k baino ez dute ezagutzen gazta eskuz lantzen den gaztandegiren bat. Frantzian, nabarmen handiagoa da ehuneko hori (% 31).
Azterketa honetan ateratako datuek balioko dute Know N Cheese proiektuaren barruan 2025 eta 2026 urteetan aurrera eraman beharreko ekintzak bideratzeko. Ekintza horien helburua izango da ebidentzia handiagoak lortzea horrelako ekoizpenen jasangarritasuna balioesteko, berrikuntzak sartzeko, eta, azken puntu gisa, esnearen sektorea gaitzeko eta kontsumitzaileak sentsibilizatzeko ekintzak egin behar dira, esnegintza eta gaztagintza tradizionalaren sektorea sustatzen laguntzeko, sektore horren hazkunde jasangarria bultzatuz.
Hori guztia eta askoz gehiago aurkitu daiteke proiektuaren webgunean eskuragarri dagoen zaintza teknologikoko txostenean.
Aurkezpenari amaiera emateko, eskuz egindako euskal gazten dastaketa komentatua egin da, Esneki Zentroa – Leartikerreko Malen Sarasuaren eskutik.
POCTEFA Know N Cheese proiektuari buruz
Esneki Zentroa – Leartiker, Prosumerlab eta HAZI Euskaditik, BETA Zentro Teknologikoa (Vic-eko Unibertsitatea) Kataluniatik eta, Frantziatik, Idele (Institut de l ‘elevage) eta Interprofession lait de Brebis dira Europar Batasunak Interreg POCTEFA (2021-2027) programaren bidez kofinantzatutako proiektu hau bultzatzen duten eragileak.
Know N Cheese proiektuak ezagutza berria sortzen lagunduko du, sektorea gaitzeko eta kontsumitzaileak sentsibilizatzeko ekoizpen horien jasangarritasun sozial, ekonomiko eta ingurumenekoaren inguruan.
Pirinioen bi aldeetako diziplina anitzeko erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa da proiektu honetan, eta 2026ko amaierara arte egongo da indarrean. Espero diren funtsezko
emaitza zientifikoen ardatza da informazio baliotsua lortzea klima-aldaketak esnekien ekoizpenean duen eraginari buruz. Horretarako, saiakuntzak egingo dira klima-aldaketak esnearen propietate teknologikoei eta elikadura-segurtasunari nola eragiten dien ebaluatzeko balioko dutenak. Gainera, esnekien ekoizpenak eta eraldaketak klima- aldaketan duen eragina aztertuko da. Dituen ezaugarriengatik, Know N Cheese proiektua, ebidentzia zientifikoetan oinarritutako bere trebakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzekin, bitarteko egokia izango da eragin-lurraldeetako tokiko ekonomia bultzatzeko, sektore horri erakargarritasun handiagoa emanez eta lurraldearen garapenean eta lanpostu berrien sorreran duten zeregina indartuz.
Guztira 1.338.816,06 €-ko aurrekontuarekin, proiektu hau Europar Batasunak kofinantzatu du % 65ean, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2021- 2027). POCTEFAren helburua da Espainia-Frantzia-Andorra mugaldearen integrazio ekonomiko eta soziala indartzea. 2024ko urtarriletik 2026ko abendura bitartean eramango da aurrera.