Eusko Jaurlaritzak 3 milioi euro inbertitu ditu Bakioko Estepona ibaiaren ingurumen-hobekuntzan

0

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak Bakea eta Solozarre ingurua bisitatu du gaur goizean, Bakioko alkate Amets Jauregizarrekin batera. Inguru horretan, Bakioko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Ihobe sozietatearen eta URA – Uraren Euskal Agentziaren arteko lankidetzaren ondoriozko jarduketa egingo da, ibaiko eta kostaldeko uholdeen aurrean udalerriak duen zaurgarritasuna murriztu dadin eta Estepona ibaiaren ingurumen-kalitatea hobetu dadin. Esku-hartzeak 2.973.000 euroko inbertsioa izango du, eta 10 hilabeteko egikaritze-epea aurreikusten da. Proiektua LIFE IP Urban Klima 2050 klima-ekintzako Europako proiektuaren barruan sartzen da, eta soluzio naturalen bidez barnealdeko padura eta uholde-basoa sortzea aurreikusten du, baita erabilera publikoko parke bat sortzea ere.

Bisitan, Mikel Jauregi sailburuak aditzera eman du esku-hartze horiek inbertsio estrategikoa direla Euskadiren etorkizunerako. “Klima-aldaketari aurre ez egitea haren inpaktuetara egokitzeko soluzioetan inbertitzea baino garestiagoa da. Bakion egin beharreko esku-hartze horri esker, uholdeak izateko arriskua murrizten dugu, ibai-ekosistema zaintzen dugu, eta herritarren bizi-kalitatea ere hobetzen dugu”, adierazi du.

Bestalde, Amets Jauregizar Bakioko alkateak nabarmendu du proiektua bat datorrela Udalaren lan-ildoarekin. “Bakion klima-aldaketak sortzen duen ziurgabetasunaren aurrean dauden arriskuak identifikatu ditugu, eta datozen urteetan lan ugari egingo dugu lurraldea egokitze aldera. Gure inguruneko balioak babestea eta indartzea izango da helburua”.

URA – Uraren Euskal Agentziak egindako kalkuluen arabera, 6 hektareatan murriztuko da Bakea eta Solozarre inguruan 100 urteko errepikatze-denborarako uholde-azalera. Inpaktu ekonomikoa ere adierazgarria izango da: espero da uholdeek eragindako kalteekin lotutako kostuak urtean 0,27 milioi eurotik 0,03 milioi eurora pasatzea, hau da, ia % 90 murriztea. “Oraina ez ezik, Bakioren etorkizuna ere ziurtatzen ari gara. Klima-aldaketara egokitzeko inbertitutako euro bakoitzak galera ekonomikoak saihesten ditu eta gure lurraldearen erresilientzia indartu”, aditzera eman du Jauregik

Proiektua herritarren iritzia kontuan hartuta egin zen, eta Jauregizarrek bide horretatik jarraitzeko deia egin du. “Bakioko erdialdea eraldatuko dugu, eta ezinbestekoa izango da komunitateak parte hartzea. Izan ere, parke handi horrek muturreko fenomenoen aurrean bizitzak babesteaz gain, gure osasunean eta aisialdian eragin positiboa izango duela uste dugu”. Laster, herritarrei irekitako bisita gidatuak antolatuko dira, proiektua eta haren onurak bertatik bertara azaltzeko.

Horrez gain, ekimenak naturan oinarritutako soluzioen alde egiten du, lurralde erresilienteagoak lortzeko funtsezko bide gisa. “Ekimen hau, Bakio babesteaz gain, beste udalerri eta eskualde batzuk babesteko erreferentziazko eredu ere bihurtuko da. Hori dela eta, lurraldea egokitzeko eta, hartara, pertsonak klima-aldaketaren ondorioez babesteko estrategia nagusi gisa, naturan eta ekosistemen boterean oinarritzen diren soluzioen aldeko apustua egiten dugu Euskadin. Horretarako, argi dugu erakundeen arteko lankidetza dela gure eredua”, adierazi du Jauregik.

Bisitan, adierazitako bi agintariekin batera izan dira, Josu Bilbao Ingurumeneko sailburuordea eta Adolfo UriarteEusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria, baita Alexander Boto eta Asier López Ihobeko eta URAko zuzendari nagusiak ere.

Bakean eta Solozarren aurreikusten diren jarduketak

Bakioko hirigunea uholde-arrisku handiko inguru batean dago, Estepona ibaiaren Uholde Arrisku Potentzial Handiko Eremuen kartografiaren arabera. Problematika horri aurre egite aldera, diseinatutako jardun-planak aintzat hartzen du Bakea ingurunean marea-eragina izango duen barnealdeko padura sortzea eta, ibaian gora, Bakea eta Solozarre inguruko barnealdeko parkeetan uholde-basoa sortzea. Jarduketa horiei esker, ibaiaren prozesu fisikoak eta biologikoak leheneratu ahal izango dira, ibilgu naturalari espazio handiagoa emango zaio eta uretan behera ur-goraldien ondorioak murriztuko dira.

Proiektua bi fase nagusitan egikarituko da. Lehenengo fasean, uholde-arriskuaren baldintzak eta inguruaren ingurumen-kalitatea hobetuko dira, ibai-ertzak leheneratzeari eta Santa Katalina zubiaren azpian induskatzeari esker —ibilgua handituko da—.

Fase horren barruan, inguru horretan hegazti-faunaren presentzia babesteko eta errazteko neurriak proposatzen dira, hala nola anfibioak, narrastiak, hegaztiak eta bisoi europarra. Landaredi autoktonoa ere aintzat hartuko da, eta eremu horretan dagoen flora exotikoa eta inbaditzailea desagerraraziko da. Horrela, naturagunea leheneratu, eta ibaiertzeko ekosistema garatzea ahalbidetuko da.

Bigarren fasean, proiektuak esku-hartze paisajistikoa hartuko du aintzat, erabilera publikorako parkea sortzearekin, Bakioko herritarrek ingurune berritu eta irisgarriago horretaz gozatzeko aukera izan dezaten. Eremuaren eraldaketa diseinatzean, herritarrek parte hartu duten tailerretan jasotako ekarpenak hartu dira kontuan, eta, hala, espazio horrek udalerriaren premiei eta espektatibei erantzungo diela ziurtatu da.

Paisaia berri horren funtsezko elementuen artean, nabarmentzen dira ibaiertzeko landaredia duten goragune txikiak, itzal naturala eta atsedenlekua eskainiko dutenak. Atletismoko pisten ondoan, harmaila berdeak dituen begiratokia eta txirristak dituen atsedenlekua gaituko dira. Konektagarritasuna hobetze aldera, oinezkoentzako bi pasabideaurreikusten dira, bata Bakea inguruan eta bestea Solozarren, ibaiaren bi ertzetarako irisgarritasuna hobetu dadin.Gainera, parkeak egonaldirako beste gune batzuk ere izango ditu, baita haurrentzako jolasgune bat Esteponaren eskuinaldean ere. Hartara, espazio hori herritarrentzako topagune gisa finkatuko da.

Horrenbestez, esku-hartzea soluzioa integrala da, eta udalerriaren egungo eta etorkizuneko jasangarritasunean lagunduko du. Klima-aldaketara egokitzeko eta biodibertsitatea sustatzeko irizpideak integratzeaz haratago, proiektuak ekonomia zirkularraren printzipioak ere hartzen ditu kontuan: partzelan bertan hondeatutako lurrak berrerabiliko dira; soberako lurrak udalerriko baso-pistetako betelanetan berrerabiliko dira; eta esku hartuko den ingurunean dauden eraikuntza- eta eraispen-hondakinak baimendutako kudeatzaile batek katalogatu eta erretiratuko ditu.

Parte hartzeko prozesua

Bakioko herritarrek parte hartzeko prozesuan ere oinarritzen da esku-hartzea. Prozesu horretan, hasieratik bertatik aintzat hartu zen proiektua elkarrekin diseinatzea eta etorkizuneko parke publikoak izango dituen ekipamenduak aukeratzea.

 

LIFE IP Urban Klima 2050, hedatzen ari den proiektua

Estepona ibaiaren uholdeetatik babesteko eta ingurua ingurumenaren aldetik hobetzeko Bakion egingo den esku-hartzea LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barruan sartzen da. Europako Batzordeak finantzatzen duen proiektu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeak klima-aldaketarekiko duen erresilientzia indartzea du helburu. Europako Batzordeak onartutako luzapenari esker, Euskadiko klima-ekintzako proiekturik handiena 2026ko amaierara arte luzatuko da. Orain arte, 13,87 milioi euro inbertitu dira, hau da, hasierako aurrekontuaren % 70. Gaur egun, planifikatutako ekintzen % 80 egikaritzen ari dira, eta % 10 dagoeneko amaitu dira.

Amaitutako esku-hartzeen artean, nabarmentzen dira, besteak beste, Bermeoko kostaldeko Tonpoi eremuaren berroneratzea, Zarautzen klima-aldaketara egokitzeko eta kostaldeko aurrealdea babesteko hartutako neurriak, edo Belartzako Errekatxulo errekaren ingurunearen birnaturalizazioa.

Urban Klima 2050 proiektua Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak gidatzen du, Ihoberen bitartez. Proiektuaren garapenean 24 erakunde bazkidek parte hartzen dute, horien artean daude Eusko Jaurlaritzako zeinbait arlo, hiru foru-aldundiak, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Bakio, Bermeo, Gernika-Lumo eta Zarauzko udalak, sozietate publikoak (EEE, BEC Solar, Euskalmet, CADEM eta URA), teknologia- eta ikerketa-zentroak (AZTI, BC3, Neiker, Tecnalia eta Tecnun), Naturklima Fundazioa eta Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegia.