Osakidetzako Anatomia Patologikoko laborategien digitalizazioari esker, 1,3 milioi lagin urtean analizatu eta diagnostikoaren prozesua hobetu ahal izango dira

0

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Osakidetzan diseinatutako Eraldaketa Digitalerako Planak aurrera jarraitzen du. Horren barruan, Osakidetzako Diagnostiko Biologikoko Sareko Anatomia Patologikoko laborategiak ere badaude. Arlo horretan jauzi handia egin da, biopsiak, zitologiak eta autopsiak bezalako probak digitalizatu egin baitira. Horrek esan nahi du proba horiek ohiko moduan aztertzeari utziko diotela, hau da, mikroskopioaren bidez, eta irudi-tratamenduko punta-puntako teknologiaren bidez aztertuko direla aurrerantzean. Ekimen horri esker, Osakidetzak izugarrizko aurrerapausoa egin ahal izango du irudi bidezko diagnostiko-jarduera guztiak digitalizatzeko prozesuan.

Ekipamenduak ordezkatu dira, beraz, eta langileei tresna berriak erabiltzeko trebakuntza eman zaie jada Osakidetzaren sarean dauden Anatomia Patologikoko bost laborategietatik hirutan; zehazki, Gurutzeta, Donostia eta Arabakoan. Basurtukoan eta Galdakaokoan ere aurten egingo da. Guztira 9,3 milioi euroko inbertsioa izan duen proiektu konplexua da, eta laborategi horien eraldaketa digitalari ekiteko behar diren elementu guztiak barne hartzen ditu: batetik, gaur egungo Anatomia Patologikoko Laborategiko Informazio Sistemaren (SIAP delakoa) ordezkapena kudeaketa-eredu zentralizatu baten barruan sartzeko, laborategiek sarean lan egin ahal izan dezaten; bestetik, digitalizatzeko ekipamendua hornitzea, hau da, eskanerrak eta patologoentzako lan-estazioak, eta, azkenik, sortutako irudia bistaratzeko eta kudeatzeko sistema bat ezartzea ere, Osakidetzako informazio-sistema korporatiboekin integratuta.

Azken batean, laborategian, ehuna dagoen lamina bat analizatzeko prestatu ondoren, lamina bera eskaneatu eta irudia pantaila batean bistaratzeko aukera emango du teknologia horrek. Bertan, profesionalek aztertu eta zuzenean diagnostiko bat egin ahal izango dute; orain arte mikroskopioaren bidez egiten zen lan bat, alegia. Gainera, lagina digitalizatzean, tresnak aukera ematen du irudia beste profesional batekin partekatzeko, bigarren iritzi bat behar izanez gero. Egindako kalkuluen arabera, teknologia horrek aukera emango du urtean 1,3 milioi lamina aztertzeko, batez ere biopsiak.

ADIMEN ARTIFIZIALA ETA DATUEN USTIAPENA

Epe laburrean, beraz, laneko ekipamendu berriek lagundu egingo diote patologoari erabaki diagnostikoak hartzen, eta, gainera, irudiaren eremuan dagoeneko probatu diren algoritmoak erabiltzen dituzten Adimen Artifizialeko tresnak erabiltzeko aukera emango dute, baita algoritmo berriak ko-sorkuntza bidez sortzeko ere, Euskal osasun zerbitzuaren diagnostiko biologikoaren sarean lan egiten duten profesionalen premia eta ekimenetan oinarrituta. Izan ere, Osakidetzak laster pilotatuko du algoritmoen erabilera, bularreko eta biriketako minbizietan biomarkatzaileak kuantifikatzeko.

Teknologia horren ezarpena lotuta dago Txostenak kudeatzeko tresna berriarekin, tumore-mota bakoitzaren ezaugarri espezifikoei buruzko informazio osoa lortu nahi baita. Maite Martínez Zabaleta Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariaren hitzetan, «medikuntza pertsonalizatuaren edo doitasunekoaren esparruan tratamendu berriak erabiltzera bideratuta dago, eta sare osoan ustiatu ahal izango den informazioa lortzeko aukera emango digu.».

Izan ere, estrategia global baten barruan dago Anatomia Patologikoko laborategien digitalizazioa, eta abiapuntua izango da Aro Digitala hedatzeko, Osakidetzak azken urteotan garatutako beste ekimen garrantzitsu bat. Aro Digitala datuak azkarrago bidaltzeko aukera emango duen autobide moduko bat da, zalantzarik gabe, diagnostikorako irudiak erabiltzea erraztuko duena.