Anfibioentzako putzu berria Berganzon

0
  • Anfibioen ugalketa errazteko berariaz diseinatu da, habitat naturalaren aldaketarekiko bereziki sentikorrak diren espezieen taldea izaki.
  • Jarduketaren aurrekontua 44.619,28 eurokoa (BEZa barne) da, eta lanek hiru aste iraun dute.

Arabako Mendialdeko Berganzo herriak basa-faunarentzako babesleku berria du: anfibioen ugalketa errazteko berariaz diseinatutako putzua, habitat naturalaren aldaketarekiko bereziki sentikorrak diren espezieen taldea izaki.

Uraren Euskal Agentziak (URA) sustatutako jardueraren helburua, zera da: ingurune egoki bat sortzea, bai uraren iraupena, bai eta apo lasterkaria, igel berdea edo uhandre jaspeatua bezalako espezieak ugaldu eta babesteko beharrezkoak diren egiturazko elementuen presentzia ere bermatzeko. Izan ere, espezie horietako batzuk kaltebera edo babestu gisa katalogatuta daude.

Haien beharrizanetara egokitutako diseinua

Anfibiorik gehienek euren bizi-zikloa osatzeko kalitate nahikodun ur-masa iraunkorrak behar dituzte. Apoen kasuan, adibidez, babeslekuak ere behar dituzte, hala nola zuloak, zuhaixkak edota egur hila.

Horretarako, diseinuan elementu naturalak sartu dira, hala nola altzairu korrugatuzko barrekin lotutako enbor gurutzatuak, ibai-ibilguak mantentzeko lanetatik datozenak, babesleku estrategiko gisa jarduten dutenak.

Putzua, hain zuzen ere, erabiltzen ez den ureztatzeko urmael zahar baten lekuan jarri da, ezkerreko ibaiertzean, eta erabat birdiseinatu da. Material artifiziala kendu eta zulogune berri bat induskatu ondoren, hondoa buztin naturaleko geruza batez estali da, iragazgaiztasuna bermatze aldera. Halaber, modu naturalean beteko da, euriari eta lurraren lurrazpiko emariei esker.

Natura, naturaren zerbitzura

Lanok ingeniaritza naturalistako tekniketan oinarritu dira, lurzoruak, arrokak, ibaiertzeko landaredia eta inguruko materialak erabilita. Gainera, lurra higaduratik babesteko eta itzala eta aterpea emateko espezie autoktonoak birlandatzea planifikatu da, horiek funtsezkoak baitira anfibioen bizi-zikloetarako.

Inpaktua duen inbertsioa

Jarduketaren aurrekontua 44.619,28 eurokoa (BEZa barne) da, eta lanek hiru aste iraun dute. Bere garapenean substratuaren aurretiazko azterketak gehitu izan dira, bai eta estankotasuna ziurtatzeko buztinak erabili behar direla baieztatu ere.

Jarduera hori URAk lehengoratze ekologikoarekin eta biodibertsitatearen kontserbazioarekin duen konpromisoaren barruan kokatzen da, eta Arabako habitat urtarrak hobetzeko beste urrats bat da.

Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF 2021-2027) finantzaketa du.