Bingen Zupiriak 2030erako Ertzaintza 8.000 agentera iristeko negoziazioen hasiera iragarri du

0

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak Enplegu Planaren negoziazioen hasieraren berri eman dio gaur goizean Gobernu Kontseiluari, Ertzaintzak 2030erako 8.000 agente izan ditzan. Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean egin den prentsaurrekoan, Zupiriak adierazi duenez, planak “proposamen batzuk jasotzen ditu behar den ertzain-kopurua prestatzeko, alde batetik erretiroa hartzen joango direnen lekua betetzeko eta, bestetik, 2030ean 8.000 agente izatera iristeko eta dimentsio horri denboran eusteko, Euskadin segurtasuna bermatzeko tresna gisa”.  Proposamena bihar aztertuko dute Ertzaintzan ordezkaritza duten sindikatuek parte hartzen duten Ertzaintzaren Kontseiluaren bileran.

Ertzaintzak 8.000 agente izan ditzake gehienez.  Kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Batzordeak, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko aldebiko koordinazio-organo gorena denak, 2005ean hartutako akordio batetik dator, eta ezin da inola ere gainditu.

Ertzaintzaren Enplegu Planak, besteak beste, neurri hauek barne hartuko ditu:

  • Langileen erabilgarritasunen eta beharren azterketa, bai langile-kopuruaren ikuspegitik bai lanpostuak betetzeko eskatzen den gaitasun profesionalaren ikuspegitik.
  • Plangintzaren xede den aldirako langile-beharrak betetzeko moduak identifikatzea, hautaketa- eta prestakuntza-neurriak eta barne-sustapeneko edo langileen prestakuntzako neurriak kontuan hartuta.

Adierazitako 8.000 agenteak izatera iristeko, Segurtasun Sailak, alde batetik, enplegu-eskaintza publiko berriak aurreikusten ditu eta, bestetik, mailaz igotzeko ikastaroak. Era berean, medikuen eta teknikarien eskala garatzeko aukera ere planteatzen da. Aukera hori 2022an dekretu bidez onartu zen eta orain arte ia ez da erabili. Kasu honetan, izangaien gaikuntza teknikoa eta zientifikoa hartuko dira kontuan hautaketa egiteko.

Bere agerraldian, Segurtasuneko sailburuak azpimarratu du helburu hori lortzeko Polizia eta Larrialdietako Akademiak duen garrantzia: “Arkautek berebiziko garrantzia izango du agenteak hautatzeko eta prestatzeko prozesuan, bai sartuko diren berrien prozesuetan, bai mailaz igotzeko eta espezializazioko prozesuetan ere”. Hori dela eta, sindikatuei planteatuko zaie akademiaren barnetegi-formatua berreskuratzea, “konfiantza eta kohesioa sortzeko. Asmoa da jarduera profesionala behar bezala betetzeko zeharkako gaitasunak eskaintzea”, adierazi du Zupiriak. Horretarako, Segurtasun Sailak lotarako lekuak eta ikasgela berriak egokitu beharko ditu, jangela eta garbiketa zerbitzua zabalduko du, irakasle gehiago izango ditu eta jantzi gehiago erosiko ditu.

Jaurlaritzaren helburua

XIII. Legegintzaldiko Gobernu Programako 38. konpromisoan dago jasota “Ertzaintzaren egitura hobetzea eta modernizatzea”, eta lehenengo ekimena da “Ertzaintzaren lan-baldintzak arautzen dituen akordioari buruzko elkarrizketa eta ituna bultzatzea. Esparru horretan, Ertzaintzako langileen produktibitateak, indize zuzentzaileak eta garapen profesionaleko sistema eguneratzen aurrera egitea.  Langile gehiago jartzea eta plantillak egokitzea, plazak betetzeko plana eta deialdien egutegia eta Ertzaintza Modernizatzeko Plana landuz”. Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak gogorarazi duen bezala, akordio arautzailearen testua sindikatuekin negoziatuta dago, eta administrazio-izapidea betetzen ari da, Gobernu Kontseiluak onartu aurretik. Gainera, Zupiriak erantsi duenez, “Ertzaintzako baliabideak indartzea eta egokitzea, plazak betetzeko plan bati eta deialdien egutegiari jarraituz, Eusko Legebiltzarrean ere adostu da, eta bere aurrean hartu dugu aurtengo lehenengo hiruhilekoan kopuru horretara iristeko plan bat aurkezteko konpromisoa”.

Hemendik aurrera, Segurtasun saila Enplegu Plan hori Ertzaintzan ordezkaritza duten sindikatuekin negoziatzen hasiko da.