Alokairuaren prezioen igoerak, lan-merkatuaren prekarizazioak eta erabilgarri dagoen lurzoruaren eskasiak markatutako testuinguru batean, Eusko Jaurlaritzak —Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren bitartez eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan— azterketa sakon bat aurkeztu du. Azterketa horrek fokua lankidetza publiko-pribatuan jarri du, etxebizitza eskuragarrien defizitari egiturazko erantzuna emateko beharrezko bide gisa.
Dokumentuak sakon aztertzen ditu lankidetza publiko-pribatuaren egungo mekanismoak, baita nazioarteko, estatuko eta tokiko arau-testuingurua ere; halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako politikak Europako eredu arrakastatsuekin alderatzen ditu, eta euskal eredu propio bat finkatzeko ibilbide-orri bat proposatzen du, eginkizunaren arabera bideratua, eta etxebizitzaren jasangarritasunaren, ekitatearen eta funtzio sozialaren printzipioetan oinarritua.
Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuaren hitzetan, “gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da Euskadi lankidetza publiko pribatuko tresna berriez hornitzen saiatzea, etxebizitza babestuen proiektu handiak finantzatzeko”. Ildo horretan, nabarmendu du “askotan esan dugu administrazioak bakarrik ezin izango diela beharrezko inbertsioei ekin, baina, aldi berean, oraingoa oso zirkunstantzia egokia da gobernuak, Europako Inbertsio Bankuarekin edo ICOrekin batera, gizarte-funts handi bat eratzea erabaki dezan, epe luzera irauteko asmoa duten eta etxebizitza babestuaren funtzio sozialarekiko sentikorrak diren kapital pribatuak palankatzen laguntzeko”.
Azken hilabeteotan, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila Ogasun eta Finantza Sailarekin batera ari da lanean ezaugarri horiek izango dituen finantza-tresna berri bat eratzeko, legealdi honetan eratuko den lurzoru-erreserba estrategikoaren erronkari erantzun ahal izateko. Izan ere, “agintaldi honetako etxebizitza-politikaren hiru zutabe nagusietako bat, premiazko neurrien legearekin eta tenkatutako eremuen izendapenarekin batera, euskal erakundeei eskala handiko finantzaketa-tresna berriak ematea izango da, etxebizitza babestuen parkea Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialak finkatzen duen erritmoan handitzeko beharrak dakarren inbertsio-erronkari erantzun ahal izateko”, azpimarratu du sailburuak.
Txostenari dagokionez, Itxasok adierazi du «datuek argi erakusten dute: Euskal Autonomia Erkidegoan, Etxebiden izena emanda dauden pertsonen % 74,8k diru-sarreren % 30 baino gehiago bideratzen dute alokairua ordaintzera, gehiegizko esfortzu ekonomikotzat jotzen den atalasea gaindituz. Errentarien % 33,1ek hileko errentaren % 40 ere gainditzen du gastu horretan; hori dela eta, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak ahaleginak areagotu behar ditu eta eskaintza handitzea ahalbidetuko duten egiturazko soluzioak bilatzen aurrera egin du —anbizio handiagoarekin—, maizterrak babesten dituen aldi berean».
Errealitate horren eraginpean dauden maizterren profila askotarikoa da: gazteak, migratzaileak, guraso bakarreko familiak eta diru-sarrera ertainak edo txikiak dituzten etxeak. Azterketak azpimarratzen du alokairu libreak ez diela erantzuten egungo bizitegi-premiei, eta babestutako merkatua oraindik ez dela nahikoa eskaeren bolumena kontuan hartuta.
Halaber, txostenak Estatuaren eta erakunde publikoen rolaren bilakaera nabarmendu du, erregulatzaile pasiboak izatetik eragile proaktiboak izatera pasatuz merkatuak sortzeko garaian. «Estatu ekintzailearen» ikuspegi horretatik, Itxasok defendatu du «sektore publikoak inbertsio estrategikoak gidatu behar dituela etxebizitza-ekosistema eskuragarri bat sortzeko, eragile pribatuak eta hirugarren sektorekoak ere erakarriz, erantzunkidetasun-formulen bidez».
2021az geroztik, Eusko Jaurlaritzak alokairuko etxebizitzak lehenetsi ditu bere bizitegi-politikaren ardatz nagusi gisa. Bizigune, ASAP, Gaztelagun edo Etxebizitzarako Prestazio Ekonomiko berria bezalako programak etxebizitza eskuratzeko aukera ziurtatzeko, alokairu eskuragarriaren eskaintza handitzeko eta jasangarritasuna bermatzeko estrategia integral baten parte dira.
Lankidetza publiko-pribatua: estrategia arrakastatsua Europan
Azterketak planteatzen du eredu «parasitarioa» —non sektore pribatuak epe luzerako konpromisorik gabeko baliabide publikoen onura jasotzen duen— eredu «sinbiotiko» baterantz —non arriskuak, erantzukizunak eta onurak partekatzen diren— eboluzionatzeko beharra. Aztertutako formulen artean, honako hauek nabarmentzen dira: administrazioaren eta eragile pribatuen arteko lankidetza-kontratuak, errentagarritasun kontrolatua (alokairu eskuragarria) duten etxebizitzak eraikitzeko eta kudeatzeko, eta partaidetza publiko-pribatuko erakunde mistoak, non bi alderdiek erabakiak elkarrekin hartzen dituzten.
Txostenak nazioarteko jardunbide egokiak biltzen ditu, lankidetza mota horren potentziala agerian utziz. Vienan, biztanleriaren % 60 irabazi-asmorik gabeko elkarteek kudeatutako etxebizitza publiko edo sozialetan bizi da. Herbehereetan, etxebizitza-korporazioek bi milioi etxe baino gehiago kudeatzen dituzte. Frantzian, udalek etxebizitza sozialak erreserbatzeko legezko betebeharrak ezartzen dira. Estatuan, Habitatge Metròpolis Barcelona edo SBD Alquiler Social —Sabadellen— bezalako ereduak nabarmentzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, Bilbon, Gazte Solidarioak programak, konpromiso komunitarioaren truke, alokairu sinbolikoaren bidez etxebizitza eskuratzea errazten du. Gasteizen, hutsik dauden orubeak berrerabiltzen ari dira etxebizitza kolektiborako. Eta Donostian alokairu eskuragarriko poltsak handitu eta gazteentzako laguntza espezifikoak bultzatzen ari dira.
Azterketak ondorioztatu duenez, arrakastaren gakoa ez datza akordioak sinatzean soilik, baita inbertitzaile, sustatzaile, kooperatiba eta erakunde sozialekin konfiantzazko harreman iraunkorrak sortzean ere. Horretarako, araudia giza eskubideen eta jasangarritasunaren printzipioekin lerrokatzea, lankidetzak gizartean duten eraginagatik ebaluatzea, erabilera-lagapeneko kooperatibak edo Community Land Trusts bezalako eredu alternatiboak bultzatzea eta gobernantza partekatuko mekanismoak txertatzea proposatzen da.
Administrazio publikoen eta sektore pribatuaren arteko lankidetza ez da bigarren mailako aukera bat, Euskal Autonomia Erkidegoan bizitegi-larrialdiari aurre egiteko ezinbesteko tresna estrategikoa baizik. Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostenak asmo handiko proposamen bat egiten du: lankidetza-ekosistema egonkor, garden eta konprometitu bat egituratzea, etxebizitza duin bat eskubide unibertsal gisa eta ez merkatu-pribilegio gisa eskuratzeko aukera bermatzeko gai izango den ekosistema. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak, joan den urtarrilean, Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroa sortu zuen, erakunde arteko eta eragile anitzeko partaidetzarako kontsulta-organoa, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-erronkei erantzuteko politika berritzaileak aztertu, adostu eta proposatzeko.