Milioi bat pertsona inguruk Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakunde (BGAE) bat dute gutxienez gaur egun Euskadin, eta informazioa telefono mugikorren bidez lortzen da gero eta neurri handiagoan. Esparru horretan, Eusko Jaurlaritzak aplikazio bat garatu du, aurreikuspen-plan horien titularrek datu ekonomikoak klik bakar batekin kontsultatu ahal izateko. Horri esker, ez da hainbat informazio-ataritara jo behar izango herritarrek dituzten BGAEak kontsultatzeko, orain arte gertatzen zen bezala.
Finantza Politika eta Gizarte Aurreikuspen Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearekin (EJIE) batera, Estatuan aitzindaria den eta gailu mugikorretara egokitutako formatua duen App hori abian jartzea bultzatu du. Aplikazioa NIK plataforman (App Store eta Google Play izenekoetan eskuragarri dagoen zorro digitalean) txertatuta egongo da, eta Euskadiko Administrazio Orokorrak plataforma horretan duen lehen zerbitzu-aplikazioa izango da. Plataforma horri esker, BGAE baten titularra den pertsona orok modu erraz eta intuitiboan kontsultatu ahal izango ditu bere datuak gaurtik aurrera (datu horiek hilero eguneratzen dira).
Era berean, App horrek Gizarte Segurantzaren osagarri diren prestazioak kalkulatzeko aukera ematen du pentsio-simulagailu baten bidez, erretiroa hartzen denetik hainbat urtetara. BGAEak aurrezpen-aurreikuspen finalistako tresnak dira, eta, beraz, Gizarte Segurantzak ordaindutako hileko pentsioak osatu behar dituzte.
2024ko ekitaldian, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen balantze-zifra 30.826 milioi eurora iritsi da guztira; beraz, aurreko urtean baino ia 2.000 milioi euro handiagoa izan da (% 7 handiagoa).
Termino makroekonomikoetan adierazita, ondare hori EAEko 2024ko BPGaren ia herena da.
Bazkideen kopurua 1.178.891era iritsi da, eta 863.146 pertsona desberdin dira (EAEko 16 urteko eta gehiagoko biztanleen % 45, Eustatek argitaratutakoaren arabera).
Aplikazio hori abian jartzean, NIK Zorro Digitala plataformak prestazio gehiago eskainiko ditu. Zerbitzu hori Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak garatu du EJIEren bitartez, eta hainbat administrazio edo zerbitzu publikotako txartelak (osasun-txartela, Gaztetxartela, familia ugariaren txartela, edota liburutegiko edo kiroldegiko txartela) mugikorreko APP bakar batean edukitzeko aukera ematen du.
Era berean, abisu eta jakinarazpen garrantzitsuak jasotzeko edo hainbat webgunetan (hala nola Lanbiden edo Metapostan) sartzeko aukera ematen du.
Tresna digital hori erabili nahi duten pertsonek nik.euskadi.eus webgunean dute informazio guztia eskuragarri, eta NIK Zorro Digitala aplikazioa deskargatu dezakete Apple store eta Play store izenekoetan. Segurtasunaren mesedetan, zerbitzuan sartu ahal izateko beharrezkoa da BakQ identifikazio elektronikoa. Identifikazio hori izanez gero, BakQ eskatu edo berritu daiteke, online edo presentzialki.