- 1.070.000 joan-etorri erregistratu dira, iaz baino ia %1,35 gehiago
- Istripu-tasa %24 jaitsi da, hildakorik eta zauri larririk izan gabe
Euskadik aurreikusitakoa baino trafiko-bolumen handiagoarekin amaitu du Aste Santua, batez beste 535.000 joan-etorri erregistratu baitira sartzeko eta beste horrenbeste irteteko, hau da, 2024an baino ia %1,35 gehiago.
Urtetik urtera, Aste Santuko ibilbide luzeko trafiko-bolumena handituz doa, neurri handiagoan edo txikiagoan klimatologiaren arabera. Horrela, 2023an, eguraldi eguzkitsuarekin, trafikoa %2 hazi zen aurreko urtearen aldean; 2024an, egun euritsuekin, %0,6ko hazkundea izan zen; eta 2025ean, eguraldi ezegonkorrarekin, joan-etorrien bolumena %1,35 igo da.
Mugaz gaindiko trafikoari dagokionez, Biriatuko mugan, aurten, Aste Santuan ikusitako hazkundea %1 ingurukoa izan da, 2024an baino zertxobait txikiagoa, iaz ibilgailuen trafikoa handitu egin baitzen Aviron Bayonnais eta Toulon taldeek Donostiako Reale Arenan jokatu zuten errugbi partidaren ondorioz, Iparraldeko zale asko erakarri zituen kirol-ekitaldia.
Eta, hiriburuetarako sarbideei dagokienez, trafiko-fluxuak ibilbide luzeko trafikoaren antzekoagoak izan dira, %1,5eko igoera izan baita 2024ko Aste Santuko joan-etorriekin alderatuta.
JAITSI EGIN DA ISTRIPUEN TASA
Aste Santu honetan errepideko joan-etorrien kopuruak gora egin duen arren, istripu-tasak behera egin du. Apirilaren 16tik 21era bitartean, 74 istripu izan dira (horietatik 23tan biktimak izan dira), eta ez da inor hil, ezta larri zauritu ere. Horrek esan nahi du istripu-tasa %24 jaitsi dela 2024aren aldean, urte hartan 97 istripu izan baitziren eta 4 pertsona larri zauritu baitziren.
PUNTU KRITIKOAK
Trafiko-fluxu handienak ohiko tokietan erregistratu dira, iazko Aste Santuan baino dentsitate handiagoekin.
Bizkaian, auto-ilara handienak Ostegun Santuan, apirilaren 17an, izan ziren, goizean, A-8 autobidean, Barakaldo eta Muskiz artean, Kantabriarako noranzkoan, 10:30etik 15:00etara, eta 15 km-ra iritsi ziren 11:55 inguruan.
Itzulera Operazioan, Pazko Astelehenean, apirilaren 21ean, 16:50etik 18:40ra bitartean, 2 km-ko auto-ilarak sortu ziren A-8 autobidean, Muskiz parean, Donostiarako noranzkoan, bi ibilgailuren arteko istripu baten ondorioz.
A-8 autobidearen Bilbo eta Haga arteko zatian jarritako garabi-arinen zerbitzuak ez du gorabeherarik artatu behar izan. Gogoratu, istripua izan duten edo matxuratuta dauden ibilgailuak erreskatatzeko jarri zela zerbitzu hau, Irteera Operazioan (asteazken arratsaldean eta ostegun goizan) zein Itzulera Operazioan (Pazko Astelehen arratsaldean).
Gipuzkoan, auto-ilarak izan ziren AP-8an, Baionarako noranzkoan, Biriatuko ordainlekuan, bai asteazkenean, apirilak 16, bai Ostegun Santuan, hilak 17. Ibilgailuen joan-etorri handiaren ondorioz, asteazken arratsaldean ia 7 km-ko auto-ilarak izan ziren, eta ostegunean, 09:30etik 16:30era, gehienez 8 km-ko auto-ilarak izatera iritsi zen 11:55 inguruan.
Araban, irteera operazioan, apirilaren 16ko (asteazkena) arratsaldean eta apirilaren 17ko (osteguna) goizean, ohiko auto-ilarak izan ziren Armiñongo korapiloan, A-1 eta AP-1 errepideen arteko lotunean, Burgos-Madril noranzkoan, 5 km-raino.
Itzulera Operazioan ez zen auto-ilararik izan puntu horretan Pazko Astelehenean, apirilaren 21ean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Arabako Foru Aldundiarekin koordinatuta, AP-1 eta A-1 errepideen arteko lotunean, Armiñongo korapiloan, Gasteizko noranzkoan, ezarritako seinaleztapen-operatiboari esker.
Bestalde, Pazko Astelehena Frantzian ere jaieguna denez, astearte honetan, apirilaren 22an, 14 km-rainoko auto-ilarak sortu ziren mugako pasabidean.