Euskal Autonomia Erkidegoak Rebuild 2025 azokan izango duen parte-hartzea inauguratu du gaur goizean Denis Itxasok, Tecnaliaren standera egindako bisitaren bidez. Leku hori aukeratu du Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eraikuntzaren eraldaketarekin duen konpromisoa adierazteko eta bere industrializazio-estrategia aurkezteko.
Sailburuaren hitzetan, «Euskadik, Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren helburuen artean, honako konpromiso hau hartu du bere gain: 2036ko atarian, alokairu eskuragarriko etxebizitzen kopurua bikoiztea, 50.000 izatera iritsiz; babestutako etxebizitzen parkea % 50 baino gehiago handitzea, egungo 74.000 etxebizitzetatik 116.000ra igaroz; eta birgaitutako 350.000 etxebizitzetara iristea, urteko erritmoa bikoiztuz. Legegintzaldi honetan, Eusko Jaurlaritzak alokairu babestuko 7.000 etxebizitza gehiago eskeintzeko konpromisoa hartu du, batez ere klase ertainei eta gazteei bideratuko direnak».
Helburu hori lortzeko, «Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legea izango du Euskadik 2025ean, babestutako etxebizitza berrien eraikuntza malgutu eta arinduko duena. Era berean, finantzaketa publiko pribatuko tresna berriak prestatzen ari da, helburuak lortzeko beharko den inbertsio handiari aurre egiteko», nabarmendu du.
Era berean, sailburuak adierazi duenez, «Etxebizitza sustatzeko estrategia horrek guztiak behar duen hirugarren hanka eraikuntzaren sektorea industrializatzea da, hain zuzen ere, azkarrago, seguruago, jasangarriago eta epe ertainera modu merkeagoan eraikitzea ahalbidetuko diguna. Trantsizio hori bizkortzeko, Eusko Jaurlaritza industrializazio-estrategia bat adosten ari da, eta Hirigintzaren eta Etxebizitzaren Foroa hasi da horretarako lanean. Euskadik industrializazioaren prozesu hau produktibitatea hobetzeko, hondakinak eta obra-denborak murrizteko eta sektorea profesionalizatzeko aukera gisa ulertzen du. Gure estrategiaren helburua prestakuntzaren, berrikuntzaren, ziurtapenaren, ekoizpenaren eta lankidetzaren arloetan jardutea da. Hartuko ditugun neurri nabarmenen artean, Visesak edo Etxebizitza Sailak berak etxebizitza edo zuzkidura-bizitokien eraikuntza esleitzeko egiten ditugun lehiaketa publikoetan industrializazioaren gutxieneko ehuneko jakin batzuk eskatzen joatea dago”. Izan ere, Itxasoren iritziz, » industrializaziorik gabe, eraikuntza-sektorean tradizionalki izan dugun lekua epe luzera galtzeko arriskua dugu».
Azkenik, sailburuak “duela hilabete batzuetatik egiten ari garen elkarlaneko kasu praktiko bat” erakutsi nahi izan die bildutako hedabideei. Horretarako, «Euskadik araudia berritu du dagoeneko eraikita dauden etxebizitzen kanpoko espazioak sustatzeko, eraikigarritasun berririk gehitu edo zenbatu gabe, eta araudi honekin batera partikularrentzako laguntza-lerroak jarri ditugu martxan, adibidez balkoiak jarri nahi dituztenentzat. Eta proiektua osatzeko, zentro teknologikoekin eta enpresekin lankidetzan aritu gara ikerketa, garapena eta berrikuntza programetan, kanpoko bizigarritasun industrializatuko soluzioak gehitzen dituzten balkoien prototipoak diseinatzeko», esanez amaitu du Itxasok.