Gernikako Estatutua betetzea Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusia

0
  • Ubarretxenak balioan jarri du eskumenak eskualdatzeko eta Gernikako Estatutua osorik betetzeko egiten ari diren lan eskerga
  • Halaber, adierazi du beharrezkoa dela estatutu berriak tresna berriak aurreikustea eta hura babesteko mekanismoak txertatzea

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean ETB2ko «En Jake» saioan.

Aberri Egunaren ostean, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak Gernikako Estatutua osorik betetzeko egiten ari diren urratsak nabarmendu ditu. «Eskumenen eskualdaketarako prozesu eta negoziazioak ardura osoarekin egiten ari gara eskualdaketak gauzatu daitezen; oraindik lau negoziazio-bloke ditugu aurretik, une honetan gizarte segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren blokearekin ari gara buru belarri lanean; akordioan jasotakoa betetzen ez bada, ez da izango Euskadik bere esku dagoen lan guztia mahai gainean jarri ez duelako «nabarmendu du Ubarretxenak.

Estatutu berriari dagokionez, Ubarretxenak gehiengo zabala lortzeko egungo aukera aprobetxatzearen alde egin du, «estatutua da herri batek bere etorkizuna erabakitzeko duen tresnarik eraginkorrena eta garrantzitsuena, Euskadik etorkizunean zein tresna berri behar izango dituen aztertu behar dugu, eta garrantzitsuena da estatutu berriak berau babesteko mekanismoak izatea, estatutua bete dadin», nabarmendu du.

Azkenik, bozeramaileak irmoki gaitzetsi du Aritz Otxandianok, Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak, etxean jasandako erasoa eta adierazi du Segurtasun Saila dagozkion ikerketak egiten ari dela.