Euskadik, gaurtik aurrera, instalazio agrovoltaiko esperimental berritzaile bat izango du, landa-lurzoruko nekazaritza-ustiategi bat eta energia-ekoizpen berriztagarria bateragarriak diren testatu ahal izateko. Gaur goizean aurkeztu dute instalazioa NEIKERen zentro teknologikoaren egoitzan, Arkautin (Araba), Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak eta Olatz Unamunzaga NEIKEReko zuzendari nagusiak. Instalazioak 8.000 m² ditu, eta belarki-laboreen Estatuko unitate esperimental handiena izango da.
Instalazio agrovoltaikoak aukera emango du baldintza errealetan aztertzeko ea eguzki-energiaren ekoizpena eta nekazaritza-ekoizpena, landa-lurzoruaren ekoizpen-bokazioa arriskuan jarri gabe, bateragarriak diren.
Guztira, 212 modulu fotovoltaiko instalatu dira, eta urtean 163.914 kWh sortuko dituzte, 50 etxebizitzaren batez besteko kontsumo elektrikoaren baliokidea. Sortutako energia guztia Arkautiko kanpuseko autokontsumorako erabiliko da, eta horrekin nabarmen murriztuko da sareko elektrizitatearen kontsumoa. Modu horretan, instalazioak, batetik, energia-eredu jasangarriago baterantz aurrera egiten lagunduko du, eta, bestetik, zentroaren efizientzia eta autosufizientzia hobetuko ditu.
Bere esku-hartzean Amaia Barredo sailburuak nabarmendu duenez, “instalazio honek trantsizio energetikoan aurrera egiteko aukera emango dio Euskadiri, nekazaritza-jarduera, landa-lurzoruaren erabileraren ardatz nagusia, arriskuan jarri gabe. Eguzki-energiak landaren ekoizpen-ahalmena osatu behar du, ez ordezkatu”
Teknologia agroboltaikoa
Instalazio agrovoltaikoan lur-azalera bera erabiltzen da nekazaritza-jardueretarako eta eguzki-energiaren bidez elektrizitatea sortzeko. Soluzio berritzaile honen bidez, sektorearen erronka nagusiei erantzun nahi zaie, hala nola nekazaritza klima-aldaketara egokitzeari, landako sarreren dibertsifikazioari edo lurraldearen erabilera efizienteari.
Azaleraren erdia (4.000 m2) egitura agrovoltaikoan instalatuko da (nekazaritza-ekoizpena eta eguzki-panelen instalazioa) eta beste erdia nekazaritza-erabilera esklusiboko kontrol-eremu gisa mantenduko da. Diseinu horri esker, zehaztasunez aztertu eta alderatu ahal izango dira bi eremuetako nekazaritza-ekoizpenaren errendimenduaren arteko aldeak.
“Instalazioak estrategikoki posizionatzen gaitu nekazaritza-sektoreari benetako soluzioak eta bere baldintzetara egokitutakoak eman ahal izango dizkion ezagutza tekniko zorrotza eta kontrastatua sortzeko. Helburua da aztertzea ea energia sortzea bateragarria izan daitekeen elikagaiak ekoiztearekin; bateragarria bada, irtenbide oso ona izan liteke gure sektorearentzat”, adierazi du Olatz Unamunzagak.
Europako proiektua
Azpiegitura berria, gainera, NEIKER buru duen AgriPower proiektu europarra garatzeko plataforma izango da. Proiektu horren helburua da nekazaritzako produktibitateari eusten dioten aldi berean energia-errendimendua optimizatuko duten sistema agrovoltaiko adimendunak probatzea. Horretarako, labore belarkara batzuk probatuko dira, besteak beste letxuga eta patata, egitura agrovoltaikoen azpian, eguzki-energia sortzen den aldi berean haien egokitzapena eta jasangarritasuna ebaluatu ahal izateko.
Alde horretatik, Amaia Ortiz NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babes Sailaren arduradunak eta proiektuaren koordinatzaileak azpimarratu du garrantzitsua dela datu zientifiko sendoak sortzea, laboreak eta instalazioen diseinuak behar bezala hautatu ahal izateko, nekazaritzaren, energiaren eta ekonomiaren ikuspegitik jasangarritasuna bermatuz.
“Sektoreak ebidentzia errealak, landako baldintzetan lortutakoak, behar ditu ongi oinarritutako erabakiak hartu ahal izateko. Gainera, datu horiek funtsezkoak izango dira instalazio agrovoltaikoen ezarpen arduratsua erraztuko duten gobernantza-eredu eraginkorrak diseinatzeko”, adierazi du Ortizek.
Euskadiko, Nafarroako eta Akitania Berriko entitateekin lankidetzan garatuko den proiektuak barne hartzen ditu landako saiakuntzak baldintza errealetan, berrikuspen metodologikoa, ekoizleei laguntzeko tresnen garapena eta teknologia agrovoltaikoa Iparralden modu seguruan eta eraginkorrean sustatzeko politika publikoko gomendioak bilduko dituen txosten bat egitea.
“Teknologia agrovoltaikoa aukera bat da aldi berean hainbat erronkari aurre egiteko: trantsizio energetikoa, klima-aldaketara egokitzea, ustiategien jasangarritasun ekonomikoa eta elikagaien ekoizpena eta energia sortzea bateragarri egitea”, esan du amaitzeko ikertzaileak.
NEIKER
NEIKER Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mende dagoen erakundea da, eta bere jarduera Eusko Jaurlaritzak Euskadiko nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza sektorea sustatzeko, garatzeko eta kudeatzeko diseinatzen dituen estrategiei erantzuna ematera eta horiek babestera bideratuta dago.