Eusko Jaurlaritzak 4,6 milioi euro bideratuko ditu Euskadiko merkatatza-establezimenduak eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak modernizatzeko laguntzetara

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak merkataritza-establezimenduak eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak modernizatzeko (MEC 2025) laguntza-programa onartu du gaur Gobernu Kontseiluan. Programa honen helburua berrikuntza, kudeaketa-tresnen hobekuntza, azpiegiturak eta ekipamendu komertziala bultzatzea da, sektorean kalitate eta lehiakortasun maila handiagoa lortzeko. Agindu honetarako aurrekontua 4.603.000 €-koa da.

Inbertsioan laguntzeko programa honek, Euskadiko merkataritza-enpresetara zuzenean bideratuak, % 15 gehiago handitu du bere aurrekontua 2024ko deialdiarekin alderatuta. Joan den urtean 1.508 eskaera aurkeztu ziren, 985 erantzun ziren eta esleitutako aurrekontu osoa gauzatu zen.

Laguntzak eskuragarri egongo dira beren konturako langile edo autonomoentzat, sozietate zibilentzat eta ondasun-erkidegoentzat, mikro-enpresentzat eta enpresa txikientzat, baldin eta jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako establezimendu fisikoetan egiten badute, kalean bertan, jendearentzat irekita eta egoera operatiboan.

Eskaerak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2025eko irailaren 30ean amaituko da. Eskaeren ebazpena ondoz ondo egingo da, epea amaitu edo kreditua agortu arte. Diruz lagundu ahal izango diren inbertsioak 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartean (biak barne) egindakoak izango dira.

Laguntza-programa honek indartu egiten du Eusko Jaurlaritzak eskualdeko merkataritza- eta zerbitzu-sektorearen garapenarekin eta modernizazioarekin duen konpromisoa, lehiakortasuna eta kalitatea sustatuz etengabe aldatzen ari den enpresa-ingurunean.