Eusko Jaurlaritzak Ingetem enpresari aintzatespena eman dio bide segurtasunaren arloan jardunbide egokien alde hartutako konpromisoagatik

0
PRUEBA

Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak eta Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak gaur banatu dizkiete Innovabide 2020 Aintzatespena eta Aipamena Ingeteam enpresari eta Euskadi-KONFEKOOP Kooperatiba Konfederazioari, bide-segurtasunaren arloan hartutako konpromisoagatik eta gauzatutako jardunbide egokiengatik.

Trafiko-istripuetan ‘Zero Biktima Ikuspena’ lortzearren, istripuen tasa murrizteko erronkarekin konpromisoa hartuta duten erakunde, eragile, elkarte eta antolakunde guztien erantzukizun partekatua da bide-segurtasuna. 2030ean, 2020arekin alderatuta, trafiko istripuetako hildakoen eta zauritu larrien kopurua % 50 murrizteko konpromiso globalarekin lerrokaturiko erronka da.

Desafio horretan aurrera egiteko helburu nagusietako bat lan-arloan ‘in itinere’ (laneko joan-etorrietan) eta ‘in mision’ (lanean istripu bat gidatzen) istripuen kopurua gutxitzea da prebentzioaren bidez. 2020an 524 istripu gertatu ziren “in itinere” edo “in mision”, eta 8 pertsona hil ziren eta 50 larri zauritu ziren.

Era horretako istripuak gutxitzeko, Eusko Jaurlaritzak kudeaketa aurreratuaren bidez bide-segurtasunarekin konpromisoa duten euskal enpresen sarea sortu zuen 2017an. Gaur egun sektore ezberdinetako 40 erakunde eta enpresa daude atxikita Innovabide Sarera, eta kudeaketa-planen bidez bide-segurtasunarekin konpromiso irmoa hartuta dutela erakutsi dute.

Edozein neurritako eta lan-eremu guztietako Euskadiko edozein enpresak parte har dezake inolako kosturik gabe Innovabide Sarean. Horrela, bide-segurtasunaren kudeaketatik hartutako konpromisoaren baitan neurtzeko moduko ekintza zehatzak egingo ditu, sare sozialetan presentzia izango du, laneko bide-segurtasuna lantzen duen enpresa gisa, eta beste erakunde batzuekin ezagutzak trukatzeaz eta ikaskuntzaz baliatu ahal izango da.

Aurtengo urtean Euskadiko Trafikoa eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan egin den topaketa baliagarria izan da Innovabide sarea osatzen duten enpresen esperientziak ezagutzeko eta errepidean istripuen tasa murrizteko eta mugikortasun seguruaren aldeko kontzientzia sustatzeko zer-nolako ekintzak gauzatzen ari diren jakiteko.

Bigarren edizio honetan Eusko Jaurlaritzak Ingeteam enpresaren lana aitortu du, eta bide-segurtasunaren kudeaketan gauzatu dituen jardunbide egokiak Bigarren Innovabide Aintzatespenarekin saritu ditu, hartutako konpromisoagatik eta emaitza bikainengatik.  Ingeteam energia elektrikoaren eraldaketan aditua den talde teknologiko bat da, 24 herrialdetan baino gehiagotan dago ezarrita eta 4.000 langile baino gehiago ditu. Innovabide Sareko kidea den enpresa honek, Real Automovil Club taldearekin lankidetzan, bide-segurtasunari buruzko lehenengo ‘Safety Day’ antolatu zuen azaroaren 5ean eta 6an. Bi jardunaldi horietan, aipatutako enpresa horretako langileek hitzaldiak eman zituzten edo praktikak eskaini zituzten gidatze-simulatzaileetan.

Bestalde, Euskadi-KONFEKOOP Kooperatiba Federazioak aipamen berezia jaso du kide diren kooperatiben bidez bide-segurtasuna sustatzeko egindako ahaleginengatik. Gaur egun KONFEKOOP konfederazioan Euskadiko 1.000 kooperatiba baino gehiago daude, eta lau motatakoak dira: lan elkartukoak, irakaskuntzakoak, kontsumokoak eta kreditukoak.

Ekitaldia online jarraitu ahal izan dute Innovabide Sarea osatzen duten enpresa guztiek.