Nagusilanek, kanpaina baten bidez indartu egingo du “Zilarrezko Haria” zerbitzua, bakarrik dauden pertsona nagusiei telefonoz laguntzeko doako zerbitzua

0
  • Kanpainak Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren babesa jaso du
  • Helburua da bakarrik sentitzen den adineko inor ez dadila gera ahots lagun batekin hitz egin ezinik

Nagusilanek, adinekoen gizarte-boluntariotzak, indartu egingo du, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, beren borondatearen kontra bakarrik dauden pertsona nagusiei telefonoz doan laguntzeko «Zilarrezko Haria» proiektua. Nagusilaneko boluntarioek artatzen duten zerbitzuaren eskariak nabarmen egin du gora krisi soziosanitarioan zehar; hori dela eta, abenduan eta urtarrilean publizitate-kanpaina bat egingo da irudi berritu bat aurkeztu eta zerbitzua herritar guztiei ezagutarazteko.}

«Zilarrezko Haria» proiektua 2000. urtean sortu zen. Adineko boluntarioek artatutako ekimena da, eta adineko horiek euren denbora libreko zati bat eskaintzen diete bakarrik dauden, inorekin harremanik izan gabe ordu luzeak igarotzen dituzten, eta norbaitekin hitz egin behar eta nahi duten pertsona guztiei, haiekin telefonoz hitz egin eta laguntzeko.

Urte hauetan zehar, proiektuak etapa asko izan ditu, baina, 2019az geroztik,  lehen arreta hori gizarte-langile batekin sistematizatzeko eta profesionalizatzeko apustua egin zen. Krisi soziosanitarioaren testuinguruan, «Zilarrezko Haria» oso proiektu garrantzitsua izan da adineko askorentzat; izan ere, konfinamenduan areagotu egin zaie bakardade-sentimendua. Nagusilanek oso denbora laburrean lortu zuen zerbitzu hori egokitzea, honako erakunde hauen laguntzarekin: Kutxa Fundazioa, Danobat Taldea, Eusko Jaurlaritzaren «Guztion artean» sarea, Gipuzkoako Foru Aldundia eta EAE osoko udalak. Egokitzapen horren xedea zen ahots lagun batekin hitz egin behar zuten adinekoei laguntzeko doako zerbitzua zabaldu ahal izatea.

Horri esker, bikoiztu egin zen erabiltzaileen eta boluntarioen kopurua: ia 300 erabiltzaile eta 63 boluntario. Martxoan eta apirilean 545 eskari jaso ziren, 5.493 dei egin eta jaso ziren, eta boluntarioek 12.185 ordu eman zituzten zerbitzu horretan.

Nagusilanek urrats garrantzitsuak eman ditu proiektu estrategiko hori hobetzeko, eta, horregatik, funtsezkotzat jotzen du orain kanpaina hau egitea, herritar guztiek jakin dezaten hainbat boluntario prest daudela bakarrik dauden adinekoei entzuteko eta laguntzeko.

«Zilarrezko Haria» funtsezko tresna da gaur egun bakardade-egoeran dauden adinekoei laguntzeko, bai laguntza jasotzen duten pertsonei begira, bai boluntarioek egiten duten jarduerari begira; izan ere, boluntarioak ere adinekoak dira eta aktibo jarraitzen dute krisi soziosanitarioak euren jarduerak asko murriztu dituen garai honetan. Nagusilanek egiaztatu du dei horiek aldatu egiten dituztela adineko pertsona askoren bizitza eta errutina. Hori dela eta, lanean jarraitzearen alde egiten du, bakarrik sentitzen den adineko inor ez dadin geratu ahots lagun batekin hitz egin ezinik.

«Bizitza aldatzen dizun deia» lelopean, EAE osoan egingo da «Zilarrezko Haria»-ren irudi berriaren kanpaina. Hainbat euskarritan ikusi ahal izango da, besteak beste, autobusen markesina eta pantailetan, webgune eta sareetan, prentsa idatzi eta digitalean, triptikoetan eta inprimatutako txarteletan. Era berean, sareko lana sendotzen jarraituko da oinarrizko gizarte-zerbitzuekin eta Osakidetzako lehen mailako arreta-zentroekin.