- Otsailean Landarbason, Astigarraga eta Donostia arteko mugan, hasitako zaharberritze lanen II. fasea da
- Obraren helburua da faunaren joan-etorria ahalbidetzea eta ibaiertzak birnaturalizatzea
URA-Uraren Euskal Agentziak — Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailare atxikia—11 presa txiki kendu ditu Astigarragako Landarbaso ibaiaren ibilguaren 360 metroko zati batean. Otsailean hasi ziren zaharberritze lanen II. fasea da: Astigarraga eta Donostia udalerrin mugan, izen bereko zubitik ibaian behera, Astigarraga eta Errenteria lotzen dituen errepidetik gertu, ingurune menditsuan eta landaretza askorekin. Landarbaso ibaia, Epele erreka ere deitua, Urumea ibaiarekin bat egiten du, Hernaniko Epela auzoan, eta interes bereziko eremua da Pirinioetako muturluze (Galemys pirenaicus) eta bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola).
Jarduera otsailean hasi zen, 11 presa txiki partzialki eraitsiz, eta, orain, azpiegituren hondakinak erabat kendu dituzte. Helburua da zati azkar bat berreskuratzea (putzuak, sedimentu-barrak eta egur hila), bai eta ibaiertzeko basoaren jarraitutasuna ere, habitaten aniztasuna handitzeko eta lehen aipatutako Pirinioetako muturluze eta bisoi europarra bezalako espezieen intereseko habitata izateko baldintzak errazteko.
Jarduketaren gakoa izan da tartea lehengoratzea eta 11 ur-jauzi artifizialak kentzea, ibilguan zehar fauna aske mugitzea eragozten baitzuten. Baita ibaiertzei eusteko hormak kentzea ere, ibilguaren eta ibaiertz eta erriberen arteko joan-etorri askea eragozten baitzuten. Hamaika ur-jauzi artifizial, euste-hormak eta ibaira sartzeko eskailerak 70eko hamarkadan eraiki ziren, azkenean eraiki ez zen urbanizazio batetik ibairako sarbidea errazteko.
Eraitsitako presa txikiek hainbat indusketa maila behar izan dituzte, kokapenaren eta ibaiaren maldaren arabera. Eraispen horren barruan, atagiak eraiki dira (ibaiaren fluxua aldi baterako bideratzea), ibaiaren emaria alboko hodi baten bidez desbideratzeko, makineria sar dadin ahalbidetzeko eta presa txiki bakoitzean lanak egiteko.
Tartearen eskuinaldeko ibaiertzaren zati handi bat euste-horma batez osatuta zegoen. Horma horren altuera pixkanaka handitzen zen, metro batetik Landerbaso zubitik gertu zegoen hiru metro altuerako hormara arte.
Gainera, plataforma bat eta 13 metro luzeko horma bat eraitsi dira ezkerraldean, Landerbaso zubiaren ondoan. Horri esker, eremua nabarmen lehengoratu da, eta ibaiertz natural bat sortu da, espezientzako ibilguaren eta hurbileko lurraldearen arteko lotura berreskuratzen duena.
Era berean, ibilguaren gaineko pasabide-egitura zahar bat eta ibilgua gainditzen zuen hormigoizko kanalizazio zahar bat kendu dira (bai eta hari eusteko hormak ere).
Zaharberritze honek Astigarraga eta Donostiako udalen laguntza izan du sortutako hondakinak erretiratzeko eta kudeatzeko.
Ibaiak lehengoratzeko jarduera hori Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatu du.
Argazki gehiago: https://www.flickr.com/photos/uraagentzia/albums/72157712955289118
Kokapena