Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduak 17
- Ertzaintzaren XXX. Promozioko oinarrizko eskalako agenteetarako 700 plaza eta Euskadiko 18 udaletako udaltzaingoetako beste 51 dira
- Plaza-kopurua handitzeko aukera duen deialdi honekin, Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek aurrera egin nahi dute Euskadiko polizia-kidegoen belaunaldien txanda bermatzeko eta erroldak gaztetzeko prozesuan
- Deialdi honen beste helburu estrategiko batzuk dira emakumeek euskal polizian duten presentzia eskasa zuzentzea eta euskararen erabilera sustatzea lanerako eta herritarrekiko harremanetarako hizkuntza gisa
Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak eta EUDELeko lehendakari eta Gasteizko alkate Gorta Urtaranek Euskadiko Poliziako agenteentzako deialdi bateratu berria aurkeztu dute gaur. Lehiaketa-oposaketa librea izango da eta Ertzaintzaren XXX. Promoziorako 700 ertzain plaza eta Euskadiko 18 udaltzaingoetako 51 plaza hornituko dira.
Plaza kopurua handitzeko aukera ere onartu da, eta gutxienez, beraz, oinarrizko eskalako agenteetarako 751 plaza berri deituko dira eta prozesu bateratu bakarrean hautatu eta prestatuko dira. Horrela, bateratuta, egiteak eraginkorragoak izaten, baliabide publikoak aurrezten eta Euskadiko Polizia osatzen duten kidegoen artean beharrezkoa den koordinazioa hobetzen lagunduko die Eusko Jaurlaritzari eta Euskadiko udalei. Bestalde, positiboa da formakuntza eta hautaketa irizpideak bateratu ahal izatea ere, herritarrei Euskadin zerbitzu publiko homogeneoa eman ahal izateko.
HELBURU HIRUKOITZA:
Josu Erkorekak eta Gorka Urtaranek adierazi dutenez, deialdiak helburu hirukoitza du:
- Euskadiko poliziak ematen duen oinarrizko zerbitzu publikoa behar bezala betetzeko beharrezko eta behar adinako baliabideak bermatzea. Deialdi honekin aurrera egingo da belaunaldien txanda eta erroldak gaztetzea bermatzeko konpromisoan.
- Emakumeak deialdi honetara aurkez daitezen sustatzea, emakumeek erroldetan duten presentzia eskasa zuzentzeko. Emakumeen eta gizonen berdintasunean aurrera egiteko konpromisoa da, baina baita zerbitzu publikoa hobetzeko konpromisoa ere, esate baterako delitu matxisten biktimak artatu behar direnerako.
- Polizien erroldaren % 100 euskalduna izateko azken helburura iristeko bidean aurrera egitea, euskara ohiko harremanetarako hizkuntza izan dadin, bai laneko hizkuntza gisa bai herritarrei arreta emateko hizkuntza gisa.
DATAK ETA BETEKIZUNAK
Deialdi bateratu berri hau datorren urteko urtarrilaren 11ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Izena emateko epea hurrengo egunean, urtarrilaren 12an, hasiko da, eta 20 egun balioduneko iraupena izango du. Formularioa, ofiziala eta normalizatua, www.arkauteakademia.eus webgune ofizialean egongo da eskuragarri.
Eusko Jaurlaritzaren eta EUDELen kalkuluen arabera, lehenengo probak 2021eko udaberrian egingo dira. Aurreikusten da promozio berri honetako agenteek datorren urteko udazkenean hastea prestakuntza, eta Euskadiko Polizian praktiketan lanean 2022ko bigarren seihilekoan hastea.
Adierazitako 751 plaza horietako bat betetzeko aukera izateko, izangaiek honako baldintzak bete behar dituzte:
- 18 urte beteta eta 38 urte bete gabe izatea,
- Gizonek gutxienez 1,65 metroko garaiera izatea eta emakumeek 1,60koa,
- Batxilergoko titulua, kidekoa edo goragoko mailako beste edozein izatea,
- Kidegoaren arabera, bete nahi den plazaren baldintza guztiak betetzea: euskara-maila, eskatutako gidabaimenak indarrean, eta abar.
POLIZIA ETA LARRIALDIETAKO EUSKAL AKADEMIA
Oraingoan ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia arduratuko da Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agente berrientzako deialdi, hautaketa eta prestakuntza prozesu berri honetaz. Prozesu konplexua, zorrotza eta integrala izaten da, eta izena emateko epea irekitzen denean hasten da eta agente berriak behin betiko karrerako funtzionario izatera iristen direnean amaitzen da. Prozesuak pare bat urte irauten ditu, eta hiru une garrantzitsu izaten ditu:
- Hautaketa-prozesua: izen-ematea, kanporaketa-proba guztiak egitea eta agiriak eta merezimenduak egiaztatzea.
- Prestakuntza-fasea: hautaketa-prozesua gainditzen duten izangaiek 9 hilabeteko ikasketa-prozesua hasten dute, eta Arkauteko instalazioetan egiten da.
- Praktikaldia: aurreko bi faseak gainditu ondoren, agenteek praktikaldia hasten dute Euskadiko Poliziaren kidegoetan lortzen duten plazan. Sartzen diren polizia-kidegoko oinarrizko eskalaren arabera ordaindutako praktikak izaten dira. Beste 12 hilabeteko iraupena izaten du praktikaldi horrek, eta gaindituz gero, agenteak karrerako funtzionario izatera pasatzen dira.
Deialdi hau erronka berezia izango da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarentzat, une hauetan dugun osasun-krisi globalaren ondorioz egoera zalantzazkoa baita. Pandemia-egoeraren eta birusa hedatzea geldiarazteko neurrien ondorioz, kutsatzea eragozteko protokolo zorrotzak sortu behar izan dira eta Akademiaren aurrekontua 3,2 milioian gehitu da prestakuntza-garaian lansariak ordaintzeko, obrak egiteko eta eremuak higienizatzeko beharrezko materiala erosteko, azpiegiturak distantzia berrietara egokitzeko, prestakuntza-gela birtualak abian jartzeko, eta abar.
ERTZAINTZAREN XXX. PROMOZIOA
Ertzaintzari dagokionez, 700 plazak XXX. Promoziorako dira. Ertzaintzaren egiturazko errolda 8.000 agentekoa da. Une hauetan, 7.419 daude jardunean, eta 581 profesionaleko defizita dago, beraz. Legegintzaldi honetan, Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du 779 agentek hartuko dutela erretiroa, eta lehentasunezkoa da, beraz, belaunaldien arteko txanda bermatzea behar diren efektiboak izan ahal izateko. Alde horretatik, Josu Erkorekak zehaztu duenez, helburua da 2021 eta 2025 artean 4 hautaketa-prozesu deitzea, urtean bat.
Ertzaintzako 700 plaza berri horiei dagokienez, honakoa da helburua:
- 3 plazatik 1 emakumeek betetzea, era horretara gizonen eta emakumeen arteko berdintasun errealera iristeko konpromisoa betetzeko.
- 3 plazatik 2k derrigorrezko B2 hizkuntza-eskakizuna izatea, era horretara hurrengo promozioan 462 agente euskaldun sar daitezen Ertzaintzaren erroldan.
UDALTZAINGORAKO DEIALDIA
Udaltzaingoari dagokionez, Gorka Urtaranek azaldu du udaltzaingoetako 51 plazak honako udaletan lan egiteko direla:
- Azkoitia
- Basauri
- Bermeo
- Bilbo
- Donostia
- Durango
- Etxebarri
- Getxo
- Hondarribia
- Irun
- Laudio
- Lekeitio
- Pasaia
- Portugalete
- Tolosa
- Vitoria-Gasteiz
- Zarautz
- Zumaia