Ihobek neurtu du bere jarduerak Nazio Batuen Garapen Jasangarriaren Helburuei egindako ekarpena

0
  • Txostenaren arabera, Ihoberen jarduerak ingurumen-izaera nabarmeneko helburuetan ez ezik, beste arlo batzuetako helburuetan ere eragina du, hala nola osasuna eta ongizatea, ekoizpen eta kontsumo arduratsuak, eta bakea, justizia eta erakunde sendoak

 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa bere jarduerak Nazio Batuen Garapen Jasangarriaren Helburuei (GJH) eta 2030 Agendari egiten dien benetako ekarpena neurtzeko diagnostikoa aurkeztu du. Azterlanaren berri eman da Sozietate Publikoaren Administrazio Kontseiluaren bileran, Arantza Tapia sailburua buru dela. Bilera horretan, gainera, 2024 Plan Estrategiko berriaren eta IHOBEren 2021 Kudeaketa Planaren aurrerapena aurkeztu da.

Ondorio nagusien artean, txostenak erakusten du Ihobe inpaktu positiboa lortzen ari dela bere jarduerarekin, gizarte, ekonomia eta ingurumen mailan. Horrek, ingurumen-arloko GJHei zuzenean laguntzeaz gain, nabarmen laguntzen die beste GJH batzuei ere.

Garapen Jasangarriaren hamazazpi Helburuetako askok ingurumen-alderdi handia dute, zuzenean nahiz zeharka. Izan ere, batzuk Ihoberen jardueraren funtsezko parte diren helburuak dira: 9. GJHa industriarekin eta ekoberrikuntzarekin lotuta dago; 11. GJHa hiri eta komunitate jasangarriekin; 13. GJHa klima-ekintzarekin; 15. GJHa lurreko ekosistemen kontserbazioarekin eta bertako baliabideen erabilera jasangarriarekin; edo 17. GJHa aliantzekin.

Hemen kokatuko lirateke sozietate publikoak ekoberrikuntza- eta ekodiseinu-programen bidez egiten duen lan guztia; Udalsarea-Udalerri Jasangarrien Euskal Sarea 2030eko idazkaritza teknikoa; klima-aldaketa arintzeko eta hari egokitzeko proiektuak (Life Urban Klima 2050, esate baterako); naturan oinarritutako konponbideak eta natura-ondarea babestekoak garatzeko bultzada; eta nazioarteko sareetako parte-hartze aktiboa (Under2 Coalition, The Climate Group, Regions4…).

Baina, gainera, azterlanak agerian utzi du Ihobek ekarpen handia egin diela beste helburu batzuei, hala nola ekoizpen eta kontsumo arduratsuari buruzko 12. GJHari; osasunari eta ongizateari buruzko 3. GJHari; eta bakeari, justiziari eta erakunde sendoei buruzko 16. GJHari. Horiek dira, ordena horretan, Ihobek ekarpen handiena egiten dien helburuak, lehen aipatutako ingurumen-izaerakoekin batera.

Erosketa eta kontratazio publiko berdearen programa, herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak, lurzoru kutsatuetan eta ingurumen-azpiegituretan egindako ekarpena eta Eusko Jaurlaritzari parte-hartze publikoko prozesuetan eta ingurumen-plangintza diseinatzen laguntzea dira bloke honetan nabarmentzen diren jarduketetako batzuk.

Era berean, azterlanak detektatu du gaur egun GJHetako hiruk ez dutela ekarpen garrantzitsurik jasotzen Ihoberen jardueratik:  pobreziaren amaierari buruzko 1. GJHak, zero gosearen 2. GJHak eta desberdintasunak murrizteari buruzko 10. GJHak.

Nahiz eta iruditu Ihoberen jardun-eremutik kanpo geratzen direla, erakundeak uste du erantzukizun sozial korporatiboarekin lotutako mekanismoak martxan jar daitezkeela erronka horretan aurrera egiteko.

Azkenik, txostenak helburu gehigarri bat ere jasotzen du, 18. GJHtzat jotzen dena eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunarekin zerikusia duena. Helburu hori –5. GJHan jasotzen den emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzkoarekin eta 17. GJHan jasotzen den lankidetzari eta sare-lanekoari buruzkoarekin batera– zeharkako ardatzak dira Ihobeko eginkizunean, eta hala islatzen da erakundearen datozen lau urteetarako Plan Estrategikoan.

“Txosten honetan jasotzen den eta Ihobek GJHei egin dien ekarpen horrek erakusten du erakunde publiko eredugarri eta berritzailearen balioak emaitzetan oinarritzen direla, eta Euskadi jasangarriago bat lortzeko lanean jarraitzeko bultzada ematen digu”, Arantza Tapiaren esanetan. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak Ihobe Sozietate Publikoaren Administrazio Kontseiluaren lehendakaria ere bada.

 

Basque Country 2030 Agenda

Nazio Batuek 2015ean onetsitako Agenda 2030ek ibilbide-orri bat ezarri zuen 17 GJHen bidez garapen jasangarria lortzeko 2030ari begira, eta herrialde, eskualde, udalerri eta era guztietako erakundeei eskatu zien bere egin zitzaten eta horiek lortzeko aliantzak sor zitzaten.

Euskadi Basque Country 2030 Agendaren aurkezpenak ibilbide-orria markatu zuen Euskadiko politika publikoak eta lehentasunezko jardun-eremuak GJHekin lerrokatzeko. “Euskadi Basque Country 2030 Agenda ekimen aitzindaria izan da Europan 17 GJHak eskualde mailan ezartzerakoan, eta lurraldean gizarte-kohesioa, berdintasuna, hazkundea, enplegua, elkartasuna eta ingurumenarekiko konpromiso sendoa bultzatzeko jarraitu beharreko norabidea erakutsi digu”, nabarmendu du Tapia sailburuak.

Txosten honetan jasotzen den eta GJHei egiten zaien ekarpena aztertzeaz gain, Ihobek EUSKADI 2030 GUNEA lantaldean ere parte hartu du: zenbait sektore eta eremutako hainbat erakundek gida praktiko bat prestatu dute euskal erakundeentzat Agenda 2030 ezartzeko eta Garapen Jasangarriaren Helburuei laguntzeko.