Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak , Gabonetan eta merkealdietan, zaintza estuagoa ezarriko dute merkataritza guneetan, segurtasunezko prebentzioagatik

0
  • Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak zaintza-plan bateratua jarri dute abian hil honetan, ebasketak eta lapurretak murrizteko Gabon eta merkealdi sasoian merkataritza-gune nagusietan, hala nola, Abandon, Zazpi Kaleetan, Indautxun eta Deustun, batez ere.
  • Prestamen honek urtarrilaren 16ra arte iraungo du, eta, gainera, Covid-19aren hedatzea kontrolatzeko neurri sanitarioen behaketan ere eragingo du. 

Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak prestamen berezi bat ezarri dute, eragin berezia izango duena uriko merkataritza eta ostalaritza gune nagusietan, eta xedea du herritarren segurtasunari dagozkion lanak egitea, trafikoa zaintzea, kalez kaleko salmenta legez kontrakoa zaintzea eta ondarearen kontrako delituak eragoztea, besteak beste.                   

Kontuan izanik ebasketak izaten direla Ertzaintzak nahiz Udaltzaingoak Bilbon erregistratzen dituzten delituen % 77, kidego batek zein besteak elkarrekin lan egiten dute urte osoan zehar delitu horien inpaktua gutxitzearren. Polizien arteko lan eta koordinazio hau areagotu egiten da urteko une jakin batzuetan, hala nola Aste Nagusian edo abenduan eta urtarrilean. 

2020an, egoera sanitarioaren ondorioz, ez dira egingo ohiko ekitaldi jendetsuak (Santo Tomas, Olentzeroren Kalejira, Erregeenetako Kabalgata…) Alabaina, beste jarduera batzuk ez dira bertan behera utziko, eta zalantzarik ez, jende asko metatuko da, hala nola ohiko merkataritza eta ostalaritza guneetan, bai Gabonetan, bai merkealdietan. 

Hori dela eta, poliza prestamen elkarrekiko hau datorren urtarrilaren 16ra arte egongo da indarrean, eta beraren bitartez, zainketa bereziak egingo dira koronabirusaren hedatzea kontrolatzeko neurri sanitarioen inguruan. 

Neurri horien atzenengo eguneratzeak ekarri du ostalaritzako tegiak (barneak nahiz terrazak) ireki ahal izatea, ordutegi berezietan itxi beharra, mugikortasuna murriztea eta elkarren artean tartea utzi beharra, maskara erabili beharra, gehienez sartu ahal diren jende kopuruak jagotea eta bide publikoan egiten den alkohola kontsumoa jagotea. Kontu horiek zainduko dituzte udaltzainek eta ertzainek, krisi sanitarioa hasi denetik gertatu den moduan. Kontuan izanik, gainera, araudia etengabe ari dela aldatzen pandemiaren bilakaerari berari erantzuteko, eta, beraz, prestamen berezi horien helburuak eta jarrerak eurak ere egokitu egin direla eta egokitu egingo direla egoeraren arabera. 

Elkarrekiko prestamena 

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren Gabonetarako eta Merkealdietarako Prebentzio Plana 2015ean jarri zen abian lehen aldiz, eta, harrezkeroztik, bi poliziek urtero-urtero berritu izan dute, eta oso emaitza onak izan ditu, bere azken xedea erdietsiz, alegia, Bilbon ebasketen eta lapurreta kasuak ez daitezela horrenbeste gehitu edo bederen eustea. 

Plana abian jarrita eragotzi nahi diren delituzko egitateak hauek dira:

  • Arreta galtzen deneko lapurretak, hala nola indarrez tira eginez eta ukipen fisikoz egiten diren ebasketak, batzuetan indarkeria erabiliz egiten den lapurreta ere bihur daitezkeenak.
  • Kalean engainuz egiten diren ebasketak (elkartasun besarkadak).
  • Indarkeria erabiliz edo berbaz beldurra eraginez egiten diren lapurretak, arruntean taldeek eragiten dituztenak, eta baita ere armak edo gauza arriskutsuak erabiliz beldurra eraginez egiten diren lapurretak.
  • Ibilgailuen barruan agerian utzitako gauzak lapurtzea edo merkataritzako ibilgailuetatik salgaiak lapurtzea banaketan ari direlarik.
  • Saltegietan bildutako dirua ebastea, enplegatuak une batez alde eginda daudela baliatuz. 

Gainera, udaltzainek zaindu egingo dute, eta, hala balegokio, zehapenak ezarriko dituzte, indarrean dauden arau sanitarioak urratu ez daitezen, dela kalean, dela saltegietan eta ostalaritzan. 

Prestamena udalerriko merkataritza eta ostalaritza gune nagusietan ezarriko da (Abando, Indautxu eta Zazpi Kaleak, nagusiki), asteko egun guztietan, txandaka. Patruila uniformatuek eta kalez jantzitakoek parte hartuko dute, oinez eta ibilgailuetan. 

Gainera, plan hau Bilbao Dendak elkarteari jakinarazi zitzaion eta berarekin adostu da, merkatarien euren beharrizanak kontuan hartzeagatik eta aholku eskaintzeagatik, jakin dezaten delitu hauek nola eragotzi eta gertatuz gero nola jokatu. 

Nolanahi ere, hala Ertzaintzak nola Udaltzaingoak dei egiten diete herritarrei konturik handienarekin ibil daitezen jendetza handia pilatzen den dendetan eta kaleetan. Gainera, gomendatzen dute arretaz zaintzeko nork bere gauzak, zorroa edo bizkar-zorroa ondo itxita eroatea, eta ez fidatzea era susmagarrien hurreratzen zaizkigunez; guztia, lapurretak eta ebasketak saihestearren. 

Susmoren bat izanez gero edo gorabeheraren bat ikusiz gero, aholkatzen da 112ra deitzea, Ertzaintzari deitzeko, edo 092ra, Bilboko Udaltzaingoari deitzeko.