Berdintasun, Justizia Eea Gizarte Politiketako Sailak bere sabai historikoa gainditu du, aurrekontua % 9,3 gehitzean

0
PRUEBA
  • Berdintasun-politikak, gizarte-bazterketaren aurkako borroka, garapenerako lankidetza edo justiziaren modernizazioa indartuko dira
  • Gizarte Larrialdietarako Laguntzak 15 milioi eurotan gehitu dira, eta 42,5 milioi eurora helduko dira
  • Inor Atzean Utzi Gabe funtsako programak, pandemiak eragindako gizarte bazterkeriari aurre egiteko sortuak, mantendu egingo dira
  • Pandemiaren ondorio sozialak arintzea izango da Sailaren helburuetako bat, ia 30 milioi euro bideratuko ditu horretarako
  • Emakunderen aurrekontua 7 milioi eurotik gorakoa izango da, 2020rako aurreproiektuan aurreikusitakoa baino 1,1 milioi gehiago
  • Giza eskubideen, bizikidetzaren eta lankidetzaren arloak bere ahalmenari eutsiko dio, 58 milioi euro baino gehiago izango baitu
  • Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia, eLankidetzak aurrekontu handia izaten jarraituko du, 50 milioi euro ingurukoa
  • Justiziara zazpi milioi euro gehiago bideratuko dira, % 10,5 gehiago, justiziaren modernizaziorako eta digitalizaziorako

 

Vitoria-Gasteiz, 2020/12/23

Beatriz Artolazabal sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak bere muga historikoa gaindituko du 2021ean, 332 milioi euroko aurrekontua izango baitu, lehen kapitulua, pertsonalarena, zenbatu gabe, hau da, “2020an ezarritako partidekin alderatuta, ia % 10 gehiago” —zehazki, % 9,3 gehiago—; izan ere, egungo aurreproiektuan, gehikuntza 28 milioi eurotik gorako da, 2020ko aurrekontuarekin alderatuta.

Hori dela eta, Artolazabal pozik agertu da “berdintasun-politikak, gizarte-bazterketaren aurkako borroka, garapenerako lankidetza edo justiziaren modernizazioa ez baitira gelditu; are gehiago, indartu egin dira Europako funtsak eskuratu ahal izan aurretik”.

Gizarte-politikak pandemiaren eragin sozialei arreta emateko

Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren aurrekontuak bereziki egingo die aurre pandemiak utzi dizkigun ondorioetako batzuei. Zehazki, Sailburuordetza horren aurrekontua % 13,5 hazi da —hogei milioi euro baino gehiagotan— Covid-19aren inpaktu sozialari erantzuteko eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema indartzeko. Ildo horretan, birusaren ondorio sozialei aurre egitera zuzenduko diren partidak 26 miloi eurotik 29,3 milioi eurora pasa dira.

Guztien gainetik bi kontzeptu nabarmentzen dira. Batetik, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratutako partida nabarmen handitu da (ezohiko neurri gisa joan den martxoan ere handitu zen); eta, bestetik, Inor Atzean Utzi Gabe funtsa luzatu da —funts hori sortu zen Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak, askotariko errealitateei erantzuteko helburuarekin, bultzatutako zenbait programa funtsez hornitzeko—.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak 15 milioi eurotan gehitu dira, 42,5 milioira arte, Artolazabalek aditzera eman duenez. Inor Atzean Utzi Gabe funtsean barnean hartzen diren programek 8,6 milioi euro izango dituzte. Zenbateko horri eskola-arrakala digitalaren aurkako Aukerak Suspertzen programara bideratuko den 1,3 milioi euroko partida gehi dakioke. Azken programa hori ezohiko neurri gisa sortu zen eta 2020an funts horren bidez finantzatu zen. Nolanahi ere, orain irauteko joera du, eta, hartara, Familien Zuzendaritzaren aurrekontuan txertatuko da.

*Pertsona artatuta eta estimazioa

2020

2021

♦ Betirako: Konfinamendu garaian senitartekoak galdu dituzten pertsonei zuzentzen den dolua posible egiteko programa

+ 260

200

♦ Adi: Konfinamendu eta alarma egoera dela eta bere osasun emozionala kaltetuta ikusi dutenei zuzendutako laguntza psikologikoko programa

+/-260

300

♦ Erdu: Adikzioak tratatzen dituen programa

+/-700

500

♦ Azken Sarea Indartzen: oinarrizko beharrizanak asetzeko azken sarea da; errekurtsorik gabe daudenei zuzenduta, RGI edo gizarte larrialditarako laguntzak eskatzeko aukerarik ez dutenentzat

+/-3000

2500

♦ Lehen Urratsa: konfinamenduan martxan izan ziren aterpetxeetatik sortuta, etxerik gabeko pertsonei ibilbideak eskaintzeko programa

+ 580

600

Gainera, Inor Atzean Utzi Gabe funtsak 1,9 milioi euro gorde egin ditu, 2021ean sortu daitezkeen beharrizan berriei aurre egiteko gai izateko

Besteak beste, Sailak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren hedapena babesten jarraituko du —2016tik hona 77 milioi euro bideratu ditu horretara—; 42 milioi euro jarriko ditu kontziliazioari laguntzeko; eta migraziorako eta asilorako zuzendaritza berria ere sortuko du, besteak beste.

Emakunde 7 milioitik gorako aurrekontuarekin sendotu da

Berdintasunaren arloan, Artolazabalek adierazi du 2018an Emakunderen aurrekontua 5,8 milioi eurokoa zela eta aurreproiektu honetan 7 milioi eurotik gorakoa dela. “Duela urtebete ganbera honetara iritsi zen aurreproiektua eta orain iritsi dena alderatuz gero, Emakunderen egungo hazkundea 1.100.000 eurotik gorakoa da”, eman du aditzera.

Arlo horretan, sailburuak bost proiektu nabarmendu ditu: emakumeen elkarteentzako diru-laguntzak indartu egin dira, eta 400.000 eurora iristen dira; emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko programak bultzatzen dituzten elkarteentzako diru-laguntzak 300.000 eurora igo dira; Nahiko, Beldur barik edo Gizonduz gisako programen aurrekontuak ere sendotuko dira; indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta hobea emate aldera, Jabetuz prestakuntza-programa ere indartu da, 200.000 eurotik gorakoa izanik. Programa horrek prestakuntza eskaintzen die osasun-arloan, arlo judizialean, arlo polizialean edo gizarte-zerbitzuen arloan biktimei arreta ematen dieten profesionalei; era berean, enpresei laguntzera zuzendutako aurrekontua bikoiztu da, 400.000 eurora arte, berdintasun-diagnostikoak eta -planak egin daitezen.

Bestalde, Gazteria Zuzendaritzak —sail honetan zeharkako zuzendaritza da— 7,6 milioi baino gehiago izango ditu, eta horietatik 1,15 gazteen emantzipazio-prozesuei buruzko diagnostiko kualitatiboa eta kuantitatiboa egiteko inbertituko ditu. Udalei, mankomunitateei edo koadrilei zuzendutako laguntzen deialdi-pilotu bat jarriko da abian, lehendik dauden esperientziak sistematizatzeko eta gazteen emantzipaziorako tokiko planak egiteko, betiere txoke-plan bat abiaraz dadin eta plangintza-tresna berritzaileak hauteman daitezen.

Gizarte Eskubideak

Eusko Jaurlaritzak lankidetzarekin, bizikidetzarekin, errespetuarekin, babesarekin, giza eskubideen berme eta sustapenarekin, eta aitorpen, memoria eta erreparazioarekin lotutako politika guztietarako aurrekontuak finkatu ditu. Egungo aurreproiektuak 58 milioi euro baino gehiago eskaintzen dizkio arlo horri.

Bi milioi euro bideratuko dira giza eskubideen urraketaren biktimak aitortzeko laguntzak ordaintzen hasteko.

Nabarmendu behar da Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Urduñan beste kolunbario bat sustatzeko asmoa duela, eta Bilbon duen egoitzako erakusketa-aretorako ideia-lehiaketa eta egikaritze-proiektu museografikoa deitzeko asmoa duela. Gainera, Gerra zibilean hildako 21.000 pertsonen datuak partekatuko ditu Gogora Institutuak eta lehen Frankismoan atxilotutako euskaldunen datuak biltzen hasiko da.

Beatriz Artolazabalek zuzentzen duen Sailak, inguruabar guztien gainetik, aurreikusten du garapenerako lankidetzaren aurrekontu handiari eustea. “ELankidetza izango da, oraindik ere, munduan aurrekonturik handiena duen lankidetza-agentzia deszentralizatua, erreferentziazko beste agentzia batzuen aurretik, hala nola Flandriako, Bavariako, Kataluniako, Hanburgo hiriko edo Valoniako agentzien aurretik”, aditzera eman du sailburuak.

Justiziaren kontuak % 10,5 gehitu dira

Justizia Sailburuordetzak zazpi milioi eurotan baino gehiagotan handituko du aurrekontua, hau da, % 10,5, “Euskadin transformazio digitalaren eta espazio judizialen egokitzapenaren alde egiteko”, Artolazabalek azaldu duenez.

Justiziak 2,3 milioi euro bideratuko ditu pandemiak Justizia Administrazioan eragin dituen premiei behar bezala erantzutera. Gainera, beste 6 milioi euro modernizaziora eta digitalizaziora bideratuko dira.

Sailburuak nabarmendu duenez, doako asistentzia judizialak 15 milioi euro baino gehiago izango ditu; izan ere, “pertsonak oinarri dituen sistema judizial modernoa pixkanaka ezartzea izango da Eusko Jaurlaritzaren gizarte-politiken beste ardatzetako bat”.