Ekialdeko Errege Magoak Bilbao Arenan

0

Ordu gutxi falta dira urteko gau magikoenetako bat iristeko, Errege Magoen gaua, alegia, eta Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak gaur goizean Ekialdeko Erregeak hartu ditu Arriaga antzokian, lan-batzar informal batean, elkar agurtzeko eta berriketan aritzeko, urtebete eta gero. Modu berean, biharko emanaldiaren nondik norakoak zehaztu dituzte. Izan ere, bihar, martitzena, urtarrilak 5, Bilbao Arenan, “Gau Magikoa” musika-formatuko ikuskizuna eskainiko dute, betiko Kabalgata jendetsuaren ordez. Ikuskizun honetan, Covid-19aren aurkako osasun eta segurtasun neurri asko jarriko dira.

Bihar bakarrik (martitzena, urtarrilak 5) egingo da ikuskizuna, Bilbao Arenan, 5 aldiz: 11:00etan eta 13:00etan, eta 16:00etan, 18:00etan eta 20:00etan. Horrela, “Gau Magikoa” eskainiko diete Bilboko umeei. Sarrerak Kutxabanken web-orrian eta zerbitzu askotako kutxazainetan erosi zitezkeen, 2 euroko prezio sinbolikoan (gehienez 4 sarrera erosi zitezkeen erosketa bakoitzean). Bildutako dirua Aspanovas Minbizia duten Umeen Gurasoen Bizkaiko Elkarteari emango zaio.

Errealitatea ondo ezagutzen dutenez, Ekialdeko Errege Magoak ados egon dira Itziar Urtasunekin, eta mezu bikoitza igorri dute: batetik, pandemia gainditzeko norberaren erantzukizunaren garrantzia aipatu dute, eta bestetik esan dute oso garrantzitsua dela elkartasuna, lankidetza, bizikidetza eta antzeko balioak garatzea: “Gaur, inoiz baino gehiago, elkartasuna, eskuzabaltasuna, altruismoa, ondo konpontzea, erantzukizuna… gizartearen tresnak izan behar dira, indartsuago izateko, batuago egoteko. Umeek balioei buruzko lezio ederra eman digute pandemiaren fase guztietan, eta horrek saria merezi du”.

Ondo dakigunez, ekitaldi masiboak egitea ezinezkoa da, eta ohiko Erregeen Kabalgata jendetsua ere bai. Horregatik, Bilboko Udalak alternatibak programatu ditu, adibidez, “Gau Magikoa” musika-ikuskizuna, Bilbao Arenan. Ikuskizun honek, ziur, magia eta ilusioa ekarriko ditu Bizkaiko hiriburuko helduen eta umeen bihotzetara.