Zientzialari talde batek energia berriztagarriak planifikatu behar direla biodibertsitatea babesteko ohartarazi du

0

Hegazti eta saguzarren kontserbazioan aditu diren Consejo Superior de Investigaciones Científicas (CSIC), Unibertsitate publiko eta bestelako ikerketa-erakundetako hogeitahiru ikertzailek Science aldizkari prestigiotsuan argitaratutako gutunean ohartarazi dute eguzki-energiaren eta energia eolikoaren egungo hedatze azeleratu eta neurrigabeak kalte atzeraezinak eragin diezaziozkiokeela espainiar estatuko biodibertsitateari. Berriztagarrien ezarpenari lotutako arazo ugariei berehala heldu ezean, trantsizio ekologikoa batik bat balio natural bakanak mehatxupean jartzeagatik gogoratuko da eta ez hainbeste eredu energetikoaren aldaketagatik.

Gobernu espainiarrak 2030erako energia eoliko eta fotoboltaikozko 89 GW aurrikusi ditu Plan Nacional Integrado de Energía y Clima (PNIEC) delakoaren zirriborroan. Aurrikuspen hauek, ordea, gainditu egin dira, gobernuak bigarren mailako merkatuan espekulazio-burubuilarik ez sortzeko ahaleginak egin arren. Red Eléctrica Españolaren arabera, egun martxan diren gigawatioen eta jada sarera gehitzeko baimena dutenen arteko baturak soberan gainditzen ditu PNIECen helburuak.

Proiektu berriek lurzoru merkeei eragingo diete, bereziki lehorreko zereal estentsiboak estalitako nekazal eremu marjinaletan eta mendi ertainetako eremuetan ezarriko direlako, biak ala biak balio ekologiko altukoak. Estación Biológica de Doñana-ko (EBD-CSIC) David Serrano ikertzaileak dioenez, «lautadak betetzen dituzten proiektu fotoboltaikoek jadanik Espainian mehatxu larria pairatzen duten estepako hegaztien populazioen bideragarritasuna jartzen dute arriskuan, hauek bertan dutelarik azken babeslekua Europan edota munduan. Populazio hauek gehienbat Natura 2000 sareak babestu gabeko eremutan aurkitzen dira, eta beraz, ez dago tresna legalik makroproiektu energetikoen aurrean haiek blindatzeko» bereziki.

Bestalde, ezaguna da gaizki planifikatu eta eraikitako parke eolikoek milaka hegazti planeatzaile handiren heriotza ekar dezakeela, haien populazioak arriskuan jarriz. Gutxieneko informazio egokia duten espezieen kasuan, sai arrea kasu, «Espainiako parke eolikoetan urteroko hilkortasuna mila ale ingurukoa izan daitekeela estimatu da», Elxeko Miguel Hernández Unibertsitateko Juan Manuel Pérez-Garcíak adierazitakoaren arabera. Baina beste espezie asko ere hiltzen dira parke eolikoetan, haietariko batzuk galzorian daudenak bestela ere. Arazoaren neurri erreala ezagutzea zaila da ordea, jarraipen zehatzak eskasak baitira sarri. Honela, «instalazio hauetan hegaztiak baino saguzar gehiago hiltzen direla estimatzen da, urtean gutxienez 200.000 ale hiltzen direlarik» azaltzen du EBD-CSIC-eko eta SECEMUko kide den Carlos Ibañezek. Espezie hauen galerak jendarteari eskeintzen dizkioten zerbitzu ekosistemikoetan izan dezakeen eragina oso garrantzitsua izan daiteke.

Sarritan plangintza txarrak dira ondorio kaltegarrien jatorria. Era berean plangintzok eguneratu gabeko eta zientifikoki kontrastatu gabeko informazioan oinarrituta daude, proiektuaren onuradun izango diren enpresa berek sortutakoa izaten dena. Beste horrenbeste gertatzen da haize-errotek sortutako ondorioen jarraipen-protokoloekin ere, hauek ere enpresa berek egikaritzen ohi dituztelarik, sarritan herri administrazioen aldetik ikuskapen eskasa dute. Bestalde, hegazti eta saguzarrentzako erabiltzen diren disuasio-sistemek erakutsitako eraginkortasuna zalantzazkoa da oso. Ikertzaileek azpimarratzen dutenez, egun, sistema eraginkorrena biodibertsitate handiko eremuak proiektu eolikoetatik salbuestea da, eta turbinak gelditzea hilkortasun handiak detektatzen direnean.

Gutun honen sinatzaileek energia berriztagarrien aldeko jarrera irmoa berresten dute, baina prozesu planifikatu eta arrazionalagoa aldarrikatzen dute, enpresa eta sustatzaileengandik independenteki sortutako ezagumendu tekniko eta zientifikoan oinarritua. Era berean, politika energetiko banatuago eta deszentralizatuagoaren aldeko konpromezu sendoagoa aldarrikatzen dute, eraginkortasunez, eskaria kudeatuz, energia aurreztuz, autokontsumoaz, eta eraikuntzen errendimendu energetikoa hobetuz, biodibertsitatearekiko inpaktu zuzenak gutxiagotzea ahalbidetuko lukeelarik.

Lurraldearen eta biodibertsitatearen kudeaketaren ardura duten administrazio estatal eta autonomikoei dei egiten diete zientzilariek, «gauzak egiteko moduaren ondorioz sortutako kontserbazio-arazo latzei buruz kontzientzia hartzeko, eta berehala eginbideak konpontzeko, benetan energia hauek grisak baino berdeagoak izatea nahi baldin badugu», amaitzen du EBD-CSICeko José Antonio Donázarrek.