Gorbeia mendiko Arrabako aterpetik jaisten lagundu diete bost mendizaleri

0

Gaur arratsaldeko lehenengo orduan, Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko agenteek Gorbeiako parke naturaleko Arrabako aterpean zeuden bost mendizaleri lagundu diete pilatutako elur-kopuru handia zela-eta modu seguruan jaisten.

Atzo arratsaldean Ertzaintzarekin harremanetan jarri ziren Gorbeiako parke naturalean dagoen Arrabako aterpetik, bertan zeuden bost gaztek autoak zituzten lekura jaitsi nahi zutela baina baldintza meteorologikoak kontuan hartuta ezin zirela jaitsi esanez.  Horrez gainera, gazteek ez zuten jaitsiera berme osoz egiteko material egokirik, elur asko baitzegoen pilatuta. Egoera ikusita, erabaki zuten Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko agenteak gaur, asteartea, igoko zirela aterpera mendizaleei jaisten laguntzera.

Gaur goizeko hamabi eta erdiak aldera iritsi dira Zaintza eta Erreskate Unitateko agenteak Arrabara, eta gazteei erraketak eta makilak eman dizkiete modu seguruagoan jaitsi ahal izateko. Jarraian, Larrederreko aparkalekuraino lagundu diete, arratsaldeko hirurak aldera iritsi dira, eta handik DYAren lur orotako ibilgailu batek eraman ditu autoak zeuden lekura.