Arabako Landa Inguruneko Emakumeen Sarearen laneratzeko programa gauzatzeko laguntza

0
PRUEBA

a. Arabako Foru Aldundiak, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen bitartez, Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sareak antolatutako Etxezain programa garatzen lagunduko du. Programaren helburua da landa inguruneko emakumeei laneratzen laguntzea (zehazki, Aiaraldeko, Gorbeialdeko eta Arabako Lautadakoei). Emilio Solak, Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak, eta Leonor Sastrek eta Edurne Ibarrolak, Emakumeen Sareko presidenteak eta idazkariak, hurrenez hurren, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute, zeinak 49.000 euroko zuzkidura baitu proiektu hori garatu ahal izateko.

Etxezain programa 2004an jarri zen abian, eta gaur egun, mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko eta garbiketa lanak egiteko zerbitzuak eskaintzen dizkie kuadrilla horietako herritarrei. Horretarako, etxeko zaintzaileen eta langileen poltsa bat du. Emakumeek hitzordua eskatzen dute, eta Emakumeen Sareak programan sartzeko duten egokitasunaren balorazioa egiten du edo prestakuntza beharraren proposamena aurkezten du. Ondoren, bitartekotza lana egiten du emakumeen eta familia eskatzaileen artean.

Proiektuak, bitartekotza lana ez ezik, laneratzen lagundu nahi dituen emakumeen baldintza sozialen inguruko lana ere egiten du; horretarako, gutxieneko lan eta soldata baldintzak eskaintzen dizkie sarearekin harremanetan jartzen direnei, eta, horrela, sektorearen eta pertsonen balioa handitzen laguntzen du, bai eta lan eta zaintza balioak agerian jartzen ere, prestigio txikia izan baitute tradizionalki eta baitute gaur egun, eta gizarteak eta ekonomiak ez baititu aitzat hartzen.

Proiektuak, laneratzearen alde egiteaz gain, lana, familia eta norberaren bizitza uztartzeko alternatiba izan nahi du Arabako landa inguruneko familientzat, eta Arabako landa ingurunea jasangarritasunaren ikuspegitik hobeto garatzea bermatzen duten zerbitzuak sortzen laguntzea ere badu xede. Landa inguruneko despopulazioa da lurraldeak aurre egin beharreko arazoetako bat, eta proiektu hori Aiaraldeko, Gorbeialdeko eta Arabako Lautadako bizitza errazagoa izan dadin laguntzen duen inbertsioa da.

Landa ingurunean emakumeak laneratzeko programa bat dator Foru Aldundiaren Etxean Bai planarekin. Plan horrek, zeinbait neurriren bitartez, zaharrak egoitza zentroetan ahalik eta beranduen sartzea lortu nahi du, ahalik eta denbora gehien eman dezaten haien familia ingurunean, eta, aldi berean, zaintzaren sektorean enplegua sortzen laguntzea du helburu.