Ikastaro eta ekintza ugari izango dira datozen hilabeteotan Azpeitiako Emakume Txokoan

0
PRUEBA
Ikastaro eta ekintza ugari izango dira datozen hilabeteotan Emakume Txokoan

Urte berriarekin bat, Jabetza Eskolaren baitan hainbat ikastaro antolatu ditu Udalak, Emakume Txokoan. Urtarriletik ekainera bitartean sei ikastaro gauzatuko dira. Horietaz gain, ohiko ikastaro iraunkorrak eta beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte. Ikastaroetan izena emateko epea urtarrilaren 11tik 22ra izango da zabalik.

“Jabetze Eskolen helburua, emakumeei beren burua eta bizitzaren jabe izateko tresnak eskaintzea da. Eskola, maila pertsonalean eta kolektiboan indartu, elkarrekin ikasi, errealitateari ikuspegi feminista batetik begiratu eta gure parte-hartze soziopolitikoa handitzen lagunduko digun topagunea da” adierazi du Idoia Arrizabalaga Parekidetasun zinegoatziak.

Labirintoan barrena, norbera zaintzen eta maitatzen ikasten, irakurle eskola feminista, amatasun bizigarria, norberaren zaintza umoretik eta zure smartphonea ezagutzen dira jabetza eskolen baitan antolatutako ikastaro berriak. Ikastaroetan izen emateko epea, urtarrilaren 11tik 22a bitartean izango da. Horretarako nahikoa izango da Emakume Txokoarekin harremanetan jartzea; Goiko kale 12 beheko bulegora joanez, 943 15 70 55 edo 688 751 000 telefonora deituz edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzita. Haurtzaindegi zerbitzua egongo da eta behar duenak, izen ematean zehaztu beharko du.

Gipuzkoako Jabetze Eskolen Sareko kide da Azpeitikoa 2010. urteaz geroztik. Prestakuntza eskaintza anitza eta parte hartzailea osatzeko, emakumeen proposamenetatik eta parekidetasuna bultzatzeko lan-ildoen lanketa dira bere abiapuntua.

Ikastaro eta zerbitzu iraunkorrak
Jabetze eskolako ikastaroez gain, ikastaro eta zerbitzu publiko iraunkorrak eskaintzen ditu Emakume txokoak. Hala, emakume haurdunentzat tailerra eta empalabramiento formakuntza eskaintzen jarraituko dute datozen hilabeteotan ere. Horretaz gain, ikasturte hasieran abian jarritako Neska* gazteen txokoak ere bere dinamikari jarraipena emango dio.

Zerbitzuei dagokionez, gizon eta emakumeek sexu eta bikote zailtasunei irtenbidea emateko plax sexu aholkularitza eta emakume guztiek informazio eta orientazio juridiko espezializatua izateko eskubidea bermatzeko aholkularitza juridikoa ere eskaintzen dira. Bi zerbitzu horien inguruko informazioa jaso edo zerbitzua erabiltzeko hitzordua hartzeko Emakume Txokoarekin harremanetan jarri behar da.

 

Datozen hilabeteotako ekintzak

‘Kontrako eztarritik’ liburu aurkezpena: Otsailak 10, 18:30ean
‘Schubert nunca trabajó en justicia’ liburuaren aurkezpena: Martxoak 10, 18:30ean
Solasaldi feminista: ‘Andrezaharren manifestua’: Martxoak 31, 18:30ean
‘Argi izpiak txarrantxen artea. 14 begirada kartzela feminismotik birpentsatzeko’ liburuaren egileekin aurkezpen eztabaida: Apirilak 21, 18:30ean
• Feminismo ijitoa: Maiatzak 12, 18:30ean
‘Panpina’ antzezlana eta solasaldia: Maiatzak 28, 18:30ean
Arrazakeria eta feminismoa: Otsailak 12 eta 19an, 17:00etatik 19:00etara
Zer da feminismoa?: Martxoak 26, 17:00etatik 18:30era
• Sexuaz, sexualitateaz eta desiraz: Apirilak 23, 17:00etatik 18:30era
• Hilerokoa deseraikitzen: Maiatzak 21, 17:00etatik 18:30era

 

Eskaintza osoa.